Irungo Udalak sinbologia frankista hiriko eraikin guztietatik erretiratzeko programa abiatu du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza baliatuko da lan horiek aurrera eramateko. Memoria Historikoaren legean oinarrituz, hiriko sinbologia frankistan esku hartzea erabaki zen 2018ko maiatzaren 30ean egindako osoko bilkuran, diktadura garaiko sinbolo eta plakei buruzko mozioa onartuz.
2014 urtean eman ziren sinbologia frankista Irungo kaleetatik desagerrarazteko lehen pausoak. Frankismoarekin lotura zuzena zuten 4 kaleei izena aldatu zitzaien eta hiriko espazio publikoetako sinbologia erretiratu zen. Orain, eraikin pribatuetan gelditzen diren plaka eta sinboloak erretiratzeari ekingo zaio.
Guztira, 45 dira oraindik sinbolo frankistak edo plakak dauzkaten eraikinak. Lanak lehen-bailen abiatu ahal izateko, eraikin horietako jabeek haien onespena erakustea beharrezkoa da eta, horretarako, udalak proiektuaren xehetasunak azaltzen dituen gutuna bidali die sinboloak dauzkaten eraikinetako bizilagun guztiei.