Gazteluzarreko iragana aztergai Toki Alaiko ikasleentzat

Irungo Toki Alai Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko ikasleak, ikastetxea Gazteluzarren alboan kokatuta dagoela aprobetxatuz, gazteluaren gaineko STEAM proiektua egiten ari dira. Proiektua aurrera eramateko hainbat ikasgaietan landutako edukiak uztartu dituzte, 1522ko gudua nola gertatu zen ulertzeko helburuarekin. Gazteluzarreko ikasle eta irakasleak proiektuaren garapenarekin lortutako emaitzekin pozik azaldu dira.

Irakasleen inplikazioa

Ane Lizeaga Gazteluzarreko STEAM proiektuan inplikatuta dauden irakasleetako bat da eta proiektuaren ideia nola eta nori bururatu zitzaion azaldu du.

Nola sortu zen ikasleekin proiektua martxan jartzeko ideia?
Proposamena Matematika mintegitik etorri zen, Aritz Audikana da bertako mintegi burua eta berak sortu zuen proiektuaren alde potoloena. Matematiketan parabolak eta bestelakoak lantzeko, ikastetxe alboko lurretan dagoen Gazteluzar gaztelua erabiltzea aproposa izan zitekeela bururatu zitzaion, klasean landutako ariketak errealitatera gerturatzeko. Ideia horrela sortu zen eta, azkenean, STEAM proiektu bat bihurtu zen, hau da, diziplina arteko proiektua, hainbat ikasgaik parte hartzen dugu helburuak aurrera eramateko. Parabolak lantzeaz gainera, ikasle irundarrek hemengo historia lantzeko helburua du. Hortaz gain, neurketa eta frogak egin ahal izateko beharrezkoa den materiala guk geuk sortuko dugu. Ikusten duzuen moduan hemen topografiako instrumentuak dauzkagu eta ideia Gazteluzarri falta zaion hirugarren dorrea berreraikitzen saiatzea da, adibidez, mural baten bitartez guri dagokigun eskolako zatian, gaur egun existitzen ez dena. Horretarako, neurketak egin ahal izateko aparatu hau erosi genuen. Era berean, badu honek beste helburu bat, emakumeei erakustea bestelako lanbideetan sartzeko aukerarik badutela. Hain zuzen ere, ingeniaritza edo bestelako lanbideetan ia ez da emakumerik apuntatzen eta, ondorioz, gaitasuna badutela erakutsi nahi diegu eta haien interesa piztu nahi dugu honelako lanbideekiko.

Azaldutako moduan, proiektua ia ikasgai guztietara zabaldu duzue azkenean?
Bai, ia guztietara. Matematiketatik abiatu zen, baina erabilera asko dauzka. Teknologian aplikatu daiteke instrumentuak eta planoa eraikitzen ikasteko. Plastikan ere aplikazioa izan dezake, existitzen ez den dorrea marraztuko dute. Hizkuntzek ere proiektuan parte hartzen dute, adibidez, gaztelanian 3. mailan proiektuarekin loturiko lanen bat egiten ari dira. Hortaz, nahi bezainbeste ikasgaitara zabaldu daiteke.

Ikastetxe osoko ikasleak inplikatuta daude proiektuan?
Ez, aurten batez ere 3. eta 4. mailako ikasleak ari dira proiektua lantzen. Beste mailetan bestelako proiektuak lantzen dira, baina Gazteluzarrekin loturiko proiektua bereziki 3. eta 4. mailan lantzen ari da.

“Ikastetxean liburuetako ariketez gain, bestelako proiektuak lantzeko ohitura dago”

Zein fasetan dago proiektua?
Momentuz Gazteluzarren paretak neurtu ditugu, egun oraindik zutik daudenak. Orain gaztelua barnetik neurtzea falta zaigu, ondoren zuinketa egin ahal izateko, hau da, datuak planora eraman eta falta den dorrearen zentzua non dagoen kalkulatu beharko genuke, ostean, gure zatian marrazketak landu ahal izateko. Bestetik, pare bat jaurtigailu eraiki dira eta beste bat eraikitzeko prozesuan gaude, baina horrelako ekintzak eguraldi txarreko egunetan egin ohi ditugu, kalera irtetea ezinezkoa dela aprobetxatuz. Laugarren mailako beste taldetxo batean hidrolisia lantzen ari dira, biologia eta geologiako irakaslearekin. Horrela, hidrogenoa lortu dute eta gure ideia erregai gisa erabiltzea da jaurtigailuak erabili ahal izateko. Hortaz, plastikako ikasleak gure zain daude, guk zentrua eman eta haien zereginarekin hasi ahal izateko, beraz prozesuaren erdian gaude.

Erraza izan zaizue liburuak alde batera utzi eta eskola orduetan proiektu berezi honi denbora eskaintzea?
Ikastetxean liburuetako ariketez gain, bestelako proiektuak lantzeko ohitura dago. Izan ere, gaur egun ikasgai askotan ez dago libururik eta irakasleak berak lantzen ditu materialak. Hortaz, irakasle batzuei bestei baino gehiago kostatu zaie agian, baina orokorrean oso aberasgarria da honelako proiektu bat aurrera eramatea.

Datozen ikasturteetan proiektuari jarraipena eman edo beste proiektu berririk abiatzeko asmotan zabiltzate?
Printzipioz hasi dugun honi jarraipena eman beharko diogu, aurten ez dugulako proiektua guztiz amaitzeko denborarik izango. Aurten zuinketa egiteko denbora badugu, pozik egongo ginateke. Horrela, hurrengo urtean murala bukatu eta bitarte horretan ziur proiektuarekin loturiko bestelako aukerak zabalduko direla, matematika edo gizarte arloan proiektu berriak hasteko aukera emango dutenak.

Toki Alaiko Bigarren Hezkuntzako ikasleak Gazteluzarreko guduan oinarriturik burutzen ari diren proiektua azaldu dute

Beñat Cabrero eta Iare Karrera Gazteluzar proiektuan boluntario ari diren ikasleetako batzuk dira. Haien ikaskideen izenean proiektua garatzeko ikastetxean antolatutako lantaldeen zereginak azaldu dituzte.

Zer iruditu zitzaizuen irakasleek Gazteluzar gazteluarekin loturiko proiektu bat egitea proposatu zizuetenean?
Beñat: Hasiera batean Gazteluzarren inguruan izandako gudua proiektatzeko proiektu bat egin behar genuela kontatu ziguten, hau da, proiektuaren lanketa historiko eta matematikoa egiteko. Horrekin loturik, kainoi bat sortzeko proiektu boluntarioa zegoela azaldu ziguten, Gazteluzarreko gudua eta garai hartako edukia nolakoa zen hobeto ezagutzeko.

Iare: Hori da. Kurtso hasieran irakasle bakoitzak sarrera moduko bat egin zigun bere ikasgaiari buruz proiektuak nolako aplikazioa izango zuen ikusteko. Esaterako, biologia eta geologia ikasgaian harriak aztertu genituen eta matematiketako ikasgaian proiektu osoaren zentzua azaldu ziguten, izan ere, ikasgai horretako irakaslea izan baitzen proiektua abiatu zuena. Hortaz, ikasgai bakoitzean proiektuaren zatitxo bat landu dugu.

Ikasle moduan zein ardura dauzkazue proiektuan?
Iare: Gu laugarren mailako ikasleak gara eta borondatezkoa da proiektuan parte hartzea. Hirugarren mailako ikaskideak proiektuaren alde teknikoa lantzen ari dira, testuinguruan kokatzeko historiaren lanketa, testuen idazketa eta antzeko zereginak egiten ari direlako. Laugarren mailan, berriz, proiektuaren alde praktikoan zentraturik gaude eta, horretarako, taldetxo txikietan sakabanaturik gaude. Guztira, 5 arlo daudela uste dut. Adibidez, hidrolisia kimikako ikasgaiarekin loturik dago. Topografia eta kanoien eraikuntza teknologia eta matematika bezalako ikasgaiekin loturik daude. Azkenik, marrazketa eta plastikarekin lotura estuagoa duten beste bi arlo dauzkagu.

Zuentzat honelako proiektu praktiko baten bitartez klasean ikusitako edukiak lantzea lagungarria dela uste duzu?
Beñat: Bai, klasean eduki asko lantzen dugu, baina horrelako proiektuek orrialde batean idaztea baino zerbait gehiago egin dezakegula erakusten digute. Eskolan ikasitako gauzak bizitza errealean nola aplikatzen diren ikusi dugu, ohituta ez gauden teknologia erabiltzen ikasi dugu eta klasean ikasitako edonon eta edozein unetan baliagarria izan daitekeela konturatu gara.

Erraza izan da tresneria eta material berria erabiltzen ikastea?
Iare: Tresneria berria erabiltzen ikasteko aukera izatea oso aberasgarria izan da. Izan ere, klasean gaudenean eduki gehienak modu teorikoan lantzera ohiturik gaude, baina proiektu honi esker eduki teorikoaren aplikazio praktikoa nola egiten den ikusi ahal izan dugu. Horrela, bizitza errealean nola lan egiten den ulertu dugu, guk eskolan proiektu honetarako erabilitako tresnak zenbait lanbidetan erabiltzen diren erreminta berdinak direlako. Hasieran material ezezagun horien erabilerara egokitzea konplikatua izan bazen ere, azken finean, uste baino dibertigarriagoa eta interesgarriagoa dela konturatu gara. Gainera, modu horretan edukiak barneratzea errazagoa zaigula ikusi dugu.

“Tresneria berria erabiltzen ikasteko aukera izatea oso aberasgarria izan da”

Iare Karrera, Gazteluzarreko ikaslea

Proiektua aurrera eramateko datozen aste eta hilabeteetan egin beharreko lanak zeintzuk diren argi duzue jada?
Beñat: Nik hidrolisiaren taldean lan egin dut eta gure helburua hidrogenoa lortzea zen, kanoietan erregai moduan erabiltzeko. Hortaz, gure taldeak bere zeregina bete du jada.

“Horrelako proiektuek orrialde batean idaztea baino zerbait gehiago egin dezakegula erakusten digute”

Beñat Cabrero, Gazteluzarreko ikaslea

Iare: Ni, berriz, topografia eta kanoiaren taldean sartuta nago. Topografiako taldearen helburua zelaian neurketak egitea da, ondoren plastikako taldeari gure taldetxoan egindako neurketen emaitzak emateko, gure neurketak amaitu arte plastikako taldea ezin daitekeelako lanean hasi. Bestetik, kanoia gudua nola gertatu zen ulertzeko erabiliko dugu, mugimenduak eta eraso taktikak nola gauzatu zituzten ikusteko.

Beste ikasleei honelako proiektu batean parte hartzea gomendatuko zeniekete?
Iare: Nire ustez benetan aukera ederra da. Egia esan, hasieran proiektuan izena ematerako orduan zalantzak izan nituen. Behin proiektuan murgilduta sekulako aukera dela ikusi dut, benetako tresneria erabiltzen ikasteaz gain, modu ezberdinean gauzak ikasteko aukera ematen dizulako. Egia da eskolaz ordutegitik kanpo lan egin behar dela, baina merezi du.

Beñat: Gauza berriak ikasteko modua da eta ikasle zein irakasleekin bestelako harremana duzu. Eskolan egiten ez diren ariketak egiten ditugu eta zerotik zerbait berria sortzen ikasi dugu. Oso aberasgarria da benetan erabilgarria den zerbait sortzeko gai izan zarela ikustea, beraz, aukera polita da.

Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude