Astelehen honetan, Irungo alkate José Antonio Santano, Obretako ordezkari Cristina Laborda eta San Migeleko auzo elkarteko buru María José Barral Emigrazioko eraikinaren kanpoaldea birgaitzeko lanak ikusten izan dira.
“Lanak erritmo onean doaz, eta aste batzuen buruan bukatuko dira”, iragarri du Irungo alkateak. “Egindako lanak beharrezkoak ziren, higiezinaren egoera zela-eta, eta, orain, barnealdera sartu ahalko gara, eta auzoko eta hiri osoko kolektibo sozialekin batera aurrera eraman dugun partaidetza prozesuaren esparruan zehaztu ditugun erabileretarako egokitu”.
Estatuak 2019ko maiatzean laga zion Udalari Emigrazioko eraikina, eta, berau birgaitzeko lanekin batera, joan den otsailaren 19tik 28ra bitartean, beheko solairuko 500 metro karraturen baino gehiagoren erabilera zehazteko ekarpenak biltzeko prozesu bat egon zen martxan udal webgunean, EH Bilduren zuzenketa bati esker. Beste prozesu batzuen esparruan, aurrez aurreko partaidetza saioak egin izan dira, baina, COVID-19aren ondoriozko murrizketak direla-eta, ezin izan da horrelakorik egin, eta telematikoki parte hartzeko bide bat jarri da.
Esan bezala, orain arte, Estatuarena zen eraikina, baina, 2019ko maiatzean, Udalaren esku gelditu zen, eta, ordutik, higiezina birgaitzeko pausoak eman dira. Egungo eraikinak 4.768 metro karratu ditu guztira, eta, aurretik, horizontalki banatu zuen Udalak, bi zatitan: alde batetik, 763,75m2-ko eremu bat (eraikin osoaren %16 inguru), eta, bestetik, gainerakoa, 4.004,25m2-koa (%83,98).
Banaketa horri esker, bigarren zatia laga zaio Udalari, eta lehenengoa Lanbidek erabiltzen jarrai dezake. Udalak eraikinaren %84 horretako erabilerak zehazteko azterlan bat egin zuen, eta, haren arabera, 40 bat zuzkidura apartamentu eraiki daitezke, eta, berauen osagarri, auzoarentzako 500m2-ko eremu bat egokitu. Bada, eremu horren erabilera izan da partaidetza prozesuaren gaia.
Lanen deskripzioa
Joan den udan hasi ziren lanak, eta, funtsean, fatxadaren eta estalkiaren egoera hobetzea izan dute helburu; hau da, eraikinaren kanpo inguratzailea birgaitzea eta barnealdea garbitzea, Gaur egun, fatxadetako estaldura zeramikoa jartzeko lanak bukatzen ari dira, eta, jarraian, kanpo arotzeriako aluminiozko erremateak instalatuko dira. Behin lan horiek burututa, aldamioak kenduko dira, eta fatxaden eta eraikinaren inguruko espaloietako zolagainen arteko topaguneak errematatzeko lanak hasiko dira. Lanak erritmo onean doaz, eta maiatzean bukatzea aurreikusten da.
Lanak egiteko aurrekontua 547.539,44 eurokoa da, eta Urbycolan SLri esleitu zitzaizkion.
Auzorako erabilerei dagokienez, aipatutako partaidetza prozesuaren ondorioz, adinekoentzako gunea lekualdatzea aurreikusten da, leku eta zerbitzu gehiago izan ditzan; auzo elkartearen egoitza kokatzea; eta haurtxoko bat egokitzea, baita jarduera eta ekitaldiak antolatzeko erabilera anitzeko guneak ere. Horrela, hurrengo pausoa izango da Obra Arloak datozen hilabeteetan beheko solairuaren barnealdea egokitzeko proiektuaren idazketa enkargatzea.
Eraikinaren historia
Gogoan izan beharra dago higiezina XX. mendeko Espainiako arkitekturaren maisu Alejandro de la Sotarena dela (Pontevedra, 1913 – Madril, 1996). 1963an eraiki zen, emigranteentzako aterpetxetarako, eta 4.768m2 eraiki ditu, lau solairutan banatuta. Duela gutxi arte, Espainiako Enplegu Institutua eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala zeuden bertan, baina eraikinaren zatirik handiena ez zen erabiltzen.