Kemen dantza taldeak emanaldia eskainiko du larunbatean Amaia KZn

Kemen Dantza Taldeak euskal dantzen emankizun bat eskainiko du larunbatean, martxoaren 23an, Amaia KZn. Emanaldia 18:00etan hasiko da eta Kemen dantza taldeko kide guztiek hartuko dute parte emanaldian. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Amaia KZren webgunean eros daitezke. Horrez gain, Luis Marianoko turismo-bulegoan ere salduko dira, eta Amaia KZko txarteldegian, ekitaldia baino ordubete lehenagotik hasita, baldin eta lekurik geratzen bada.

Kemen Dantza Taldeak urte mordoxka bat darama dantza-emanaldi hau antolatzen Irungo Amaia KZn, irundarrei dantza ikuskizun bat eskaintzeko. Aurten ere, Amaia KZra ekarriko dituzte Euskal Herriko txoko guztietako dantzak. Emanaldiak Kemen Dantza Taldearen kohesioa indartzen du, eta euskal kulturaren eta tradizioen transmisioa sustatzen du, kasu honetan, dantzen bidez.

Kemen Dantza Taldea

Kemen Dantza Taldea 1973an sortu zen, Txingudi Ikastolako gurasoen ekimenez. Taldea hazi eta hazi ibili da sortu zenetik, eta eskualde mailako talde garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da. Gaur egun, 360 pertsona inguruk osatzen dute Kemen Dantza Taldea. Kemenek zenbait ohiko emanaldi eskaintzen ditu urtean zehar, hala nola San Juan bezperako soka-dantza edo zaldun inauteko puska-biltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude