Irungo Udalak, Garapen Jasangarriko Arloaren bidez, 2024an ere Planetaren Ordua ekimenari atxikiko zaiola iragarri du. WWF Munduko Natura Funtsaren ekimen bat da Planetaren Ordua, eta. Haren deialdiari jarraikiz, larunbat honetan, hilak 23, 20:30etik 21:30era bitartean, eraikin publikoetako eta partikularretako argiak itzalita egongo dira. Ekintza honen bitartez frogatu nahi da biodibertsitate galera geldiarazi eta atzerarazteko eta 2030erako CO2 isuriak erdira murrizteko helburuak lortzeko modukoak direla.
Planetaren Ordua Lurraren aldeko kanpaina nagusia izateko, ezinbestekoa da udalerri eta udalen lankidetza, eta, horrela, urtero, mundu osoko hiriek kanpainaren alde egiten dute, monumentu eta eraikin nagusietako argiak itzalita.
Munduko Natura Funtsaren deialdiaren arabera, “joan den urtea inoiz erregistratu den beroena izan zen, eta, tenperatura globalaren gorakadaren ondorioz, muturreko fenomeno meteorologikoak jazo ziren, hala nola uholdeak, beroaldiak eta sute lazgarriak, gero eta maizago. Klimaren krisiaren frogak sobera ditugu, eta, testuinguru honetan, Planetaren Orduak planetako ingurumenaren degradazioaz (berotze globalaz, naturaren galeraz, kutsaduraz) kezkatuta dagoela frogatzeko eta esku hartzeko beharra aldarrikatzeko aukera ematen dio mundu osoko jendeari.
Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek adierazi duenez, “ekintza txiki bat besterik ez da, baina oso garrantzitsua da planeta zaintzeko eta banako eta erakunde gisa dugun arduraz kontzientziatzeko. Irungo Udalak bere harri koskorra ekartzeko konpromisoa hartua du, klima aldaketari, naturaren suntsipenari eta beste mehatxu handi batzuei aurre egiteko itxaropenaren, batasunaren eta elkarlanaren alde egiteko mezua helarazteko”.
Irungo Udalak, zehazki, udaletxea, Menchu Gal museoa eta San Martzial ermita itzaliko ditu, larunbatean, hilak 23, 20:30ean, eta, gero, 21:30ean, berriro piztu beharrean, itzalita utziko ditu, energia aurrezteko eta modu efizientean erabiltzeko araudi berriak eraikin publikoetako argiak 22:00etan itzaltzera behartzen baitu.
Udalak Planetaren Orduarekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak, eta larunbatean hilak 23 20:30ean argiak itzaltzera.




