Larunbat honetan Irungo Udalak “Planetaren Ordua” ekimenarekin bat egingo du

Irungo Udalak, Garapen Jasangarriko Arloaren bidez, 2023an ere Planetaren Ordua ekimenari atxikiko zaiola iragarri du. WWF Munduko Natura Funtsaren ekimen bat da Planetaren Ordua, eta, haren deialdiari jarraikiz, larunbat honetan, hilak 25, 20:30etik 21:30era bitartean, eraikin publikoetako eta partikularretako argiak itzaliko dira, biodibertsitate galera geldiarazi eta atzerarazteko eta 2030erako CO2 isuriak erdira ekartzeko helburuak lortzeko modukoak direla frogatzeko.

Planetaren Ordua Lurraren aldeko kanpaina nagusia izateko, ezinbestekoa da udalerri eta udalen lankidetza, eta, horrela, urtero, mundu osoko hiriek kanpainaren alde egiten dute, monumentu eta eraikin nagusietako argiak itzalita.

Irungo Udalak, zehazki, udaletxea, Menchu Gal Museoa eta San Martzial ermita itzaliko ditu larunbatean 20:30ean, eta, gero, 21:30ean berriro piztu beharrean, itzalita utziko ditu, energia aurrezteko eta modu efizientean erabiltzeko araudi berriak eraikin publikoetako argiak 22:00etan itzaltzera behartzen baitu.

Bide batez, irundar guztiak ekimenarekin bat egitera gonbidatu ditu Udalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude