Aurora Bengoechea margolariaren obrak ikusgai daude Menchu Gal aretoan

Borja Olazabal Kulturako ordezkariak «Aurora Bengoechea berrikusten» erakusketa aurkeztu du ostegun goizean. Bertan izan dira, halaber, Elena Bengoechea, artistaren ahizpa, eta María José Aranzasti, erakusketaren komisarioa, eta, azaldu dutenez, Irunen ikusgai egongo da erakusketa hau martxoaren 24tik maiatzaren 28ra bitartean.

Erakusketan hogeita hamar obra inguru bildu dira. Margolanez gain, litografiak eta collageak ere badaude, baita bere egunerokoetako batzuk ere. Ikus-entzunezko pieza batek osatzen du erakusketa eta, datu garrantzitsua, San Telmo Museoak berriki erositako bi margolan ere ikus daitezke.

Aurora Bengoechea Carriedo (Palentzia, 1943 – Donostia, 1991)

Erakusketa honekin behar baino lehenago hil zen artista honek utzi zigun ibilbide artistiko handiaren zati bat erakutsi nahi dugu, euskal artearen historian ikusgarri egiteko. Erakusketa honetan bildutako obrak Aurora Bengoechearen kosmos handiko puska txiki bat baino ez dira. Batzuk inpaktu handikoak dira, eta Aurorak horiek pintatzean izandako pasio bizia islatzen dute. Aurorari Picassoren obrak gustatzen zitzaizkion: izatez, kubismoan inspiratu zen lizentziatura amaierako lana (Après le cubisme). Horrez gain, pintura klasiko espainiarra eta Italiako Pizkunde garaiko artistak gustatzen zitzaizkion, edota  Paolo Uccello, Matisse, Chagall, Kandinsky, Anselm Kiefer etab.

Auroraren lagunak eta Elena Bengoechea ahizpa artistaren obraren jarraitzaile fidelak izan dira, eta ahaleginak egin dituzten hura biziberritu, ezagutu eta balioesteko.  Oso lan koloristak dira, benetan fantastikoak figurak eta paisaiak nahasten dituenean. Horrela, gizakia naturara itzultzeko beharra azpimarratzen du beti, eta irmo islatzen du bere indarra mihisean. Pintura haren bizitzaren helburu nagusia bilakatu zen. Margolari profesionala izatea zen bere nahia, eta lortu zuen, pintura indartsu baten bidez. Lan horiek indarra, maitasuna eta pintatzeko pasioa transmititzen dute.

Haren ibilbide artistikoaren lehen etapa 1961tik 1981ra bitartean luzatzen da. Garai hartan senide, lagun eta eskolako ikasleen erretratuak, autorretratuak eta paisaiak landu zituen. Poliki-poliki, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten azken horiek. Euskal Herriko orografia eta, batez ere, mendietako paisaia artistaren lengoaia piktorikoaren elementurik garrantzitsuenak bilakatu ziren.  Urte erabakigarriak izan ziren 1981 eta 1985 artekoak, edo Auroraren bigarren etapa. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Chelseako Arte eta Diseinu Eskolan eta, hurrengo bi urteetan, master ikasketak egin zituen Londresko Arteen Errege Eskolan, 1986 eta 1988 artean. 1981etik aurrera hasi zen natura eraldatzen, giza figurak txertatzeko. Urrezko urtea Chelseako bigarren urtea izan zen, artistaren beraren hitzetan, «orduan nire mendiak paisaia bihurtu ziren, eta nire pertsonak paisaia». Paisaia-figuren gai hori obraren leitmotiveko bat bihurtu zen. Desio zuen askatasuna aurkitu du pinturan. Aurorak beti nabarmendu zuen naturarekiko maitasuna; izakiak eta gizakiak naturarekin bat egiten dira, musu batean, besarkada batean, natura baikara. Gai hori lantzen duten pinturek, grabatuek edo litografiek paisaia benetan berezi baten poetika osatzen dute.

Aurorak tematika duala lantzen zuen: bikote-harremanak, gizona eta emakumea; kontrastea, hiria eta landagunea, barnealdea eta kanpoaldea, gaua eta eguna, lurra eta itsasoa; banatzea, eztabaida, osagarria, errefusatzea, erakartzea. Artistak obra handi asko egin zituen hiriko zalapartaren inguruan, isiltasun beharrarekin alderatuta. Trafikoaren larritasuna eta naturaren kutsadura ere landu zituen, besteak beste.

Aurora Londresetik behin betiko itzuli zenean, gaixotu egin zen, eta heriotza goiztiarrak betiko eten zion ibilbide bikaina.  Ordurako, Aurorak hasia zuen ibilbide artistikoa, zenbait galeria eta erakustoki garrantzitsutan haren lanen erakusketa antolatu baitziren. Artelekuko Zehar aldizkarirako egin zuen marrazkia Aurora Bengoechearen azkena izango zen. Erakusketako bitrinetako batean daukagu. Aurorak 374 olio-pintura egin zituen, eta askotariko lan grafikoak:grabatuak, litografiak, argizari-lanak, collageak eta serigrafiak. Erakusketa gehiago beharko dira horiek ikusarazi eta aztertzeko.

Bisitarako ordutegiak ohikoak izango dira: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara (astelehenetan itxita). Aste Santuan, ezohiko ordutegiak hauek izango dira:

Ostirala, apirilak 7: 11:30etatik 13:30etara

Larunbata, apirilak 8: 18:00etatik 21:00etara

Igandea, apirilak 9: 11:30etatik 13:30etara

Astelehena, apirilak 10: ITXITA

Pazko Astea: asteartea 11, asteazkena 12 eta osteguna 13: 18:00etatik 21:00etara.

Ostirala 14: ohiko ordutegia berriro.

Astelehena, maiatzak 1: ITXITA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude