Miren Gonzalez Goikoetxea artistak masterclass bat eskainiko du urtarrilaren 28an

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Miren González Goikoetxea artista tolosarrak masterclass bat eskainiko du urtarrilaren 28an (larunbata), goizeko 10:00etatik 14:00etara, Irungo Marrazketa eta Pintura Akademian.

Gaur egun munduan, irudiek indar izugarria dute. Masterclass honen bidez, artistaren obra guztia ezagutuko dugu, eta sortzeko erabiltzen dituen prozesuak ere azalduko dizkigu. Gainera, pieza bat sortuko dugu, artistaren begiradapean.

Masterclassa jende guztiarentzat dago irekia, hau da, ez da aurretiazko inolako ezagutzarik behar. Kostua 21,60 euro izango da, eta urtarrilaren 16tik 24ra eman behar da izena, Irungo Udalaren webgunean.

Informazio gehiago:

Emaila: pinturamargoa@irun.org
Telefonoa: 606220417 – 695752994

Miren Gonzalez Goikoetxea

Hogei urterekin Londresera joan zen, eta bertan ekin zion ibilbide artistikoari. Hiru urteren ondoren itzuli zen, Arte Ederren ikasketak egitera, Cuencan (UCLM) eta Bilbon (EHU). Geroago, doktoretza-ikasketak egin zituen Bilbon.

Eusko Jaurlaritzaren eta geroago Aldundiaren beka batzuei esker, bidaiatzeko eta herrialde ugari ezagutzeko aukera izan zuen, hala nola Thailandia, Argentina, Brasil edo India.

Bertako elementuak bilatu zituen bere margolanetan txertatzeko eta, horrela, bisitatutako herrialdeen kultura eta aniztasuna jaso zuen zenbait proiektu piktorikotan. Funtsezkoak izan dira arte-zentroetan egin dituen egonaldiak, aurrena Bilbao Arten eta geroago Artelekun (bertan denbora luzez egon da artista egoiliar moduan). Egonaldi horiei esker prestatzen jarraitu du, bere ibilbide artistikoa definitu du eta, batez ere, artearen munduarekin loturak ezarri ditu. 2012an Bitamine espazioaren sortzaileetako bat izan, 2015ean Kulturtruk proiektua sortu zuen beste artista batzuekin batera eta 2017tik Irunen egiten du lan, artisten topagune den Marte laborategian.

Haren margolanak mihise gaineko olioak izaten dira. Emaitza abstraktua izan ohi duten arren, gehienetan inspirazioa objektu erreal batetik datorkio, maiz, objektu organiko batetik. Askotariko gaiak lantzen ditu artistak, proiektu edo serie moduan, eta bisualki oso desberdinak diren emaitzak izaten dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude