Udaltzainek bikotekidea erasotzen ari zen gizon bat atxilotu dute

Udaltzainek bikotekideari eraso egitea leporatu dioten gizon baten atxiloketan parte hartu dute, gizon-emakumeak bizi ziren Irungo etxebizitzan.

Udaltzainen patruilari abisua eman zion emakumea Donostiatik Irunera ekarri zuen taxi-gidariak. Emakumea zauritua zegoen, eta bidaian bere bikotekidearekin gertatutakoaren berri eman zion taxi-gidariari. Emakumea utzi ondoren, gidariak udaltzainen patruila batengana jo zuen, esandakoaren berri emateko.

Agenteak emakumea taxitik jaitsi zen lekura joan ziren, eta atarietako batean norbait garrasika ari zela entzun zuten. Ateraino hurbildu, eta barruan bikote bat zegoela ikusi zuten. Zantzu guztien arabera, eraso bat gertatzen ari zen. Hortaz, Ertzaintzari eta anbulantzia bati deitzeaz gainera, ustezko erasotzailea atxiki zuten. Azkenean, atxilo eraman zuten gizona, eta larrialdi-zerbitzuek biktima artatu zuten.

Irungo Udalak gertatutako gaitzetsi du, eta irmotasunez deitoratu du ekintza hau eta indarkeriazko beste edozein gertakari. Era berean, eskerrak eman dizkie udaltzainei, beren eskumenetatik haratago joanaz emakumea aurkitu eta kalte handiagoak saihestu zituzten eta; eta eskerrak eman nahi dizkio taxi-gidariari egindakoagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude