Irailaren 7tik aurrera irekiko da berriro Santa Elena kalea garraio publikorako eta eskola autobusetarako

Irungo Udalak jakinarazten du asteazken honetan (irailak 7) irekiko dela berriz ere Santa Elena kalea, berrurbanizazio-lanak egiteko ibilgailuentzako itxita dagoena. Autobus publikoak eta eskoletako autobusak bakarrik pasatu ahalko dira handik.

Obraren lehen fasean, kaleko zirkulazioa guztiz moztu beharra zegoen. Horregatik hasi ziren lanak uztailean, Urdanibia plazara sartzeko kale hori erabiltzen duten eskoletako autobusei ahalik eta gutxien eragiteko. Udako oporraldian bi hilabete lanean eman eta gero, aurrera egin du obrak, eta ikasturte berriaren hasierarekin bat, posible izango da berriz ere kalea irekitzea eskolako autobusak bertatik pasatzeko eta ohiko ibilbidea egiteko. IrunBuseko autobusek eta hiriarteko zerbitzukoek ere ohiko ibilbideak berreskuratuko dituzte.

Horrela, L4 lineak (San Juan – Antzaran – Olaberria) betiko bidea egingo du, Urdanibia plazako geltokia barne. Gauza bera gertatuko da hiriarteko E-25 lineako autobusekin ere, Santa Elena kaletik barrena pasatzen den ohiko ibilbidea egiten hasiko baitira berriro.

Obraren egoera

Kalearen akabera inprimatua aurrerago egingo den arren, obrak martxan onean doaz, eta horrek autobusak pasatzen uztea ahalbidetzen du. Alabaina, gainerako ibilgailuentzat itxita mantenduko da kalea oraingoz, amaitzeke dauden lanak oztopatuko bailituzkete. Zehazki, atari bakoitien aldeko espaloia konpontzen ari dira orain (espaloia eraitsi, zerbitzuak instalatu eta hormigoizko oinarria jarri). Lan horiek egin bitartean, oinezkoak atari bikoitien aldera desbideratuko dira. Oraindik akabera eman ez bazaio ere, hormigoizko oinarria ipini da jadanik alde horretan. Kalea oso estua da, batik bat Urdanibia plazaren aldean, eta, horregatik, ahalik eta zirkulazio gutxien pasatu behar da. Hori da autobusak eta bertan ibia duten ibilgailuak bakarrik pasatzeko arrazoia.

Gogoan izan behar da proiektuaren xedea kale horretan plataforma bakarra jartzea dela, espaloi zabalagoak izateko eta oinezkoen mugikortasuna errazteko. Kaleko aparkalekuei dagokienez, obraren aurretik baterian uzten ziren ibilgailuak zirkulazioaren norabideko ezkerreko aldean, eta lanak amaitzean ilaran aparkatu ahalko dute eskuineko aldean zerbitzuek (zamalanetarako) eta mugikortasun mugatuko pertsonek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude