IrunBIXIren bitartez antolatutako Mundialito Antirrazistak aurreikuspen guztiak gainditu ditu

Maiatzaren 21ean Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatu zen. Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak kultura aniztasunaren inguruko jarduerak antolatu zituen egun hori zela eta. Ekintza horietako bat atzo Artian jokatutako Mundialito Antirrazista izan zen, IrunBIXI, Irungo Haur eta Nerabeen Foroak, antolatua.

Mundialito Antirrazistak Toki Alai eta El Pilar ikastetxeetako DBHko 2. mailako 200 ikasle inguru bildu zituen, eta Foroa osatzen duten nerabeen ekimenez egin zen. Gainera, honako hauek laguntzaile jardun ziren: CD Behobia, Real Unión, Zaporeak, Kera, SOS Arrazakeria eta Irungo Udaleko zenbait arlo.

Tailerrei dagokienez, zazpi talde eratu ziren, gai hauen inguruko tailerretan ere parte hartu zutenak: musika antirrazista, kultur aniztasunaren inguruko txapa eta pankarten diseinu eta sorrera eta bisita bat Artia gaztelekura. Era berean, gazteek Kera, Zaporeak eta SOS Arrazakeria taldeko boluntarioek egiten duten lanaren berri izan zuten, eta beren ezaupideak frogatzeko ginkana bat egin zuten.

Jardunaldiari bukaera eman aurretik, bizikidetzaren aldeko manifestu bat irakurri zen, Irungo Udaleko Gazteriako ordezkari Sergio Javierrek, Real Unión eta CD Behobia taldeek eta IrunBIXI foroaren ordezkariek sinatua, eta, jardunaldiaren bukaeran, sariak banatu ziren, eta parte hartzaile guztien argazki bat atera.

Gazteriako ordezkariak nabarmendu zuenez, “horrelako jarduerek frogatzen dute Irunek oso serio hartzen duela herritarren kultura aniztasuna eta bizikidetza. Garrantzitsua da Udalaren egungo ildotik segitzea, hori da-eta gure ingurua aberasten jarraitzeko bide bakarra, eta bizikidetza politika pluralen inguruan kontzientziatzekoa”.

IrunBIXI foroa

2023-2024 ikasturtean, Irungo Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako 300 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute foroan, baita haurtxoko eta gaztelekuetako kideek ere: Lehen Hezkuntzako ikastetxeen artean, Eguzkitzak, Lekaeneak eta Txingudik, eta, Bigarren Hezkuntzakoen artean, El Pilarrek eta Toki Alaik. Urritik ekainera bitartean, hilean behin, parte hartzaileek haurren eskubideak lantzeko bilerak egin dituzte, eta, beren interesetan oinarrituz, beren inguruarekin lotutako gaiak jorratu dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude