236.980 kontsulta erantzun zituen Herritarren Arreta Zerbitzuak iaz

Irungo Udalak, Gobernu Irekirako eta Partaidetzarako Arloaren bidez, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren 2023ko oroitidazkia argitaratu du. Datuen arabera, joan den urtean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak, guztira, 236.980 kontsultari erantzun zien arreta emateko dituen lau bideak baliatuz: aurrez aurre, telefonoz, egoitza elektronikoaren bidez eta terminalen bidez. Iaz jasotako kontsulten kopurua apur bat jaitsi da 2022ko datuekin alderatura, kontsulten kopurua %4,5 jaitsi baita.

Hala ere, arreta emateko bide batzuen eta besteen emaitza desberdina izan zen. Honako hauek dira ondorio nagusiak:

636 herritarrek San Martzial karrikako bulegoetako aurrez aurreko arreta aukeratu zuten tramiteak egiteko, % 2,5ek gehiagok aurreko urtean baino. Hiriko autozerbitzu terminalen sareko jarduna handiagoa izan zen aurreko urtean baino, % 9 handiagoa, herritarrek bide hori asko erabiltzen duten eta ondo baloratzen duten adierazgarri. Telefonoaren (010 eta 943505152 telefonoen) erabilera % 13,5 jaitsi zen aurreko urtetik, baina, edonola ere, 85.000 deiri baino gehiagori erantzun zitzaien.Egoitza elektronikoaren bidez, guztira, 24.898 tramite egin ziren, % 11,5 gutxiago 2022an baino; nagusiki, 2023an udal kiroldegietako abonamendu eta jarduerak kudeatzeko tramiteak egoitza elektronikotik desagertu zirelako, orain instalazioen kudeaketaren esleipena duen enpresaren webgunearen bidez egiten baitira.

Gobernu Irekirako eta Partaidetzarako Arloko ordezkari Sergio Javierren esanetan, “Herritarrentzako Arreta Zerbitzua oso zerbitzu garrantzitsua da Irungo Udalarentzat, eta datu hauek frogatzen dute irundarrek harengan fidatzen jarraitzen dutela, fidagarritzat dutela. Erabateko konpromisoa dugu herritarrekin, eta datuek berresten dute Zerbitzuak egokiro jarduten duela”. Oroitidazkia Udalaren webgunean dago jadanik, www.irun.org helbidean.

Kudeaketarako laguntza gunea

2023ko apirilean, kudeaketarako laguntza gunea inauguratu zen, San Martzial karrikako bulegoetan, herritarrei eta hiriko enpresa, elkarte eta entitateei Administrazio Publikoaren tramite elektronikoak eta, zehazki, Irungo Udalarenak egiten laguntzeko.

Bada, 2023an martxan egon zen bederatzi hilabeteetan, guztira, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko langileek 947 aldiz eman zuten laguntza zerbitzu berriaren bidez, eta, gero eta ezagunagoa den neurrian, orduan eta gehiago erabiliko dela espero dute.

Erantzun azkarragoa

2023ko jardunaren barruan aipatzeko moduko beste gai bat herritarrek erantzuna jasotzeko itxoin beharreko denbora laburtzea izan zen: datuen arabera, 2023an, bulegoetara hitzordurik gabe joan zirenek batez beste itxoin beharreko denbora 6 minutu eta 15 segundo izan zen, 31 segundo gutxiago 2022an baino, eta hitzordua zutenek itxoin zutena, minutu 1 eta 46 segundo, 8 segundo gutxiago 2022an baino.

Ehunekotan, bulegoetara jo zutenen hiru laurdenek 5 minutu itxoin zuten gehienez ere aurrez aurreko arreta jasotzeko.

Etengabe hobetzeko ahalegina

1997an sortu zen Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, eta, hasieratik, ematen duen zerbitzua etengabe hobetzeko ahalegina egiten du, eta ematen duen arreta hobetzeko formula berriak bilatzen ditu. Bada, erabiltzaileei beren iritzia jakiteko egin zitzaizkien inkesten emaitzen arabera, zerbitzu guztien batez besteko balorazioa 4,5 puntutik gorakoa izan zen, 5eko eskalan.

Zerbitzuaren ordutegia

Honako hau da San Martzial karrikako 2 zenbakiko bulegoetako ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30-14:00 eta 16:00-19:00, eta, larunbatetan, 09:30-13:00. Udan, berriz, honako hau da: astelehenetik ostiralera, 08:30-14:00.

Telefono bidezko zerbitzuaren, egoitza elektronikoaren eta autozerbitzu terminalen ordutegia, azkenik, honako hau da: 010 eta 943505152 telefonoena, astelehenetik ostiralera, 08:00-19:00, eta, larunbatetan, 08:30-13:30. Autozerbitzu terminalena, astelehenetik igandera, 08:00-22:00.

Egoitza elektronikoarena, egunero, ordu oro.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude