Irun, Emakumeen Kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat

Irungo Udalak jakinarazi duenez, azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borroka bistaratzeko, hainbat ekimen prestatu ditu datozen egunetarako. Beste urte batzuetan ez bezala, pandemia dela-eta, programaren barruko jarduera batzuk ezingo dira eraman aurrera, beren ezaugarriak direla medio; beste batzuk, aldiz, egokitu egin dira, hala nola Beldur Barik lehiaketa.

“Bada aldatu ez den gauza bat: azaroak 25 dituen bakoitzean gizarte gisa emakumeen kontrako indarkeriaren adierazgarri den oro desagerrarazteko sendotu behar dugun konpromisoa. Pandemia betean, egoerak are erneago egotera behartzen gaitu: sufrimendu kasuak berdin-berdin gerta daitezke, eta nork alde aktiboa izan behar du, emakumeen kontrako indarkeria kasuak salatzeko eta, horrela, gaitz hori gure gizartetik desagerrarazteko pausoak ematen jarraitzeko”, adierazi du Berdintasuneko ordezkari Rebeca Gonzálezek.

Aurtengo azaroaren 25ari begira, Irungo Udalak puntu morea jarriko du udaletxeko balkoian, eta fatxada kolore horrekin argituko du hilaren 24ko eta 25eko gauetan. Gainera, bada berritasun bat: aste honetan, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazi beharra nabarmentzen duten banderak jarriko dira hiriko zenbait lekutan, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunari ikusgaitasun handiagoa emateko kanpaina baten barruan; ildo horretatik, garraio publikoko markesinetan kartelak jarri ere egingo da.

Parte hartze handia Beldur Barik lehiaketan

Urtez urte Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira antolatzen den ekimen nagusietako bat Beldur Barik lehiaketa da, zeinak aurten hamaikagarren edizioa duen Irunen. Ikastetxeentzako jarduera bat da, gazteei berdintasun balioak helaraztea eta baliook haiekin lantzea duena helburu, eta ikus-entzunezko sariketa batean datza. Aurten, parte hartze handia izan da, eta, guztira, hamaika lan aurkeztu dira: bederatzi 14-18 urtekoen kategorian, eta bi 12-13 urtekoenean.

Pandemiak eragindako egoera eta hari aurre egiteko ezarritako murrizketak direla-eta, aurten, ezingo da egin Amaia KZn egin ohi den ekitaldia. Aitzitik, bideo irabazleak Irungo Udalaren Berdintasuneko webgunean argitaratu dira, www.irun.org/igualdad helbidean, baita Udalak YouTuben duen kanalean ere. Hain zuzen ere, honako hauek izan dira irabazleak:

-12-13 urtekoen kategoria: Parekotasun, Hirubide BHIko DBHko 2. mailako ikasleena

-14-18 urtekoen kategoria: X, Toki Alai ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleena

Honako hauek izan dira epaimahaikideak: Marivi Fernández, Berritzeguneko Hezkidetzako arduraduna; Estitxu Urbina, Su Txikian-eko ordezkaria; Patricia Taberna, Bitamine Faktoriako Sare Sozialetako eta Diseinuko arduraduna; Mila Holgado, Gizarte Ongizateko zuzendaria; Mamen Guridi, Esku Hartze Komunitarioko arduraduna; Aitziber Iratzoki, Berdintasuneko teknikaria; eta Rebeca González, Berdintasuneko ordezkaria.

Film irabazleak proiektatzeaz gain, bideo berezi bat lantzen ari dira lehiaketa irabazi duten ikasleak, azaroaren 25aren esparruan argitaratuko dena, ekintza guztien osagarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude