Datorren abenduan, Zaisako Batzarrak Sozietateko estatutuak aldatzea onartuko du, behin betiko, behingoz Vía Irun proiektua kudeatzen hasteko
Horretarako, beharrezkoa zen Sozietateko hiru bazkideek onar zezaten estatutuak aldatzea, nork bere organoaren baitan, eta, orain, Batzarrak berretsiko du aldaketa. Orain arte, aduana ingurua kudeatzeko sozietatea zen Zaisa, baina bere helburua aldatu eta zabalduko du, eta, aurrerantzean, “Irungo trenbide eremuan jarduera ekonomikoa garatzeaz eta eremu horretan bertan hiria berritu eta garatzeaz” arduratuko da; hau da, VíaIrun proiektuarekin zerikusia duten izapideak kudeatzeaz.
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak estatutuak aldatzea baimendu du, Garraioko sailburuaren ekimenez. Aurrez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zuen baimena, baita Irungo Udalak berak ere, 2019ko urriko osoko bilkuran. Hilabete geroago, behin betiko onartu zen aldaketa.
Zaisako estatutuak aldatuta eta Sozietatearen helburua zabalduta, hiriko erdigune berriaren eta Gipuzkoako hiri barruko lehenengo berrikuntza barrutiaren berrurbanizazio eta eraikuntzari ekin ahalko dio Irungo plataforma logistikoak gauzatu zituen sozietate publikoak.
Zaisa VíaIrun proiektuan sartzeak, lehenik eta behin, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza proiektua aurrera eramateko bazkidetzat izatea dakar. Alde horretatik, Foru Aldundiak Gipuzkoa mailako proiektu estrategikotzat hartu du VíaIrun, eta hiri barruko berrikuntza barrutia sortzeko proiektuari buruzko azterketak egiteko laguntza ekonomikoa ematen ari da. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Euskadiko parke teknologikoen plan estrategiko berria hasiko du laster, eta haren barruan kokatu beharko da VíaIrun proiektua.
José Antonio Santano alkatea pozik zegoen: “VíaIrun Gipuzkoako eta Euskadiko lurralde agenda ekonomikoan sartzen ari da. Onarpen honek VíaIrun proiektuari bultzada ekonomiko eta estrategikoa ematea dakar, eta bi helburu nagusi ditu horrek: batetik, hiriaren garapena, hiria egitea, eta, bestetik, garapen ekonomikoa, Irungo enpleguaren egoera eta kalitatea hobetzea”.