Irungo Udalak jakinarazi duenez, lehen urratsak eman dira Katea auzoan kirol-eraikin berri bat egiteko. Obra arloak lizitaziora atera ditu obra-proiektua idazteko lanak, 100.000 euroko aurrekontuarekin. Instalazio berriak gaur egun Ugalden dagoen ekipamendua osatzeko balioko du. Ekipamendu hori softbol- eta futbol-zelai batez osatuta dago, eta harmaila batek, jendearentzako gune batek eta aldagelen, bulegoen, botikinen eta galdara-aretoen eraikin batek ematen diote zerbitzua, besteak beste.
Obretako ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, “lehenik, alternatiben azterketa bat egingo dugu, zer aukera ditugun ikusteko eta, horrela, erabilerak hobeto zehazteko, proiektua idazten lagunduko digu eta. Edonola ere, inbertsio handia da, hiriko ekipamendu sarea ahalik eta hobekien osatzen jarraitzeko apustuaren barruan”.
Kirol arlotik azaldu dutenez, Uranzu pilotalekua berritzeko lanetan, behin-behineko karpa bat erabili zen hiriko hainbat klubi zerbitzua emateko, eta karpa egon zen tokian egingo dute eraikin berria; gaur egun aire zabaleko hainbat joko-gune hartzen ditu.
“Hiriko kirolarentzako erreferentzia izan dadin nahi dugu. Martxan jarraitzen dugu, eta, eguneroko beharrei erantzuten saiatzeaz eta egun ditugun instalazioak mantentzeaz gain, bide berriak urratzen ditugu, etorkizuna gogoan eta eraikin honek Iruni hainbat kiroletan aritzeko emango dizkion aukerak gogoan”, nabarmendu du kiroletako ordezkari Borja Olazabalek.
Alternatiben azterketak guneen erabilera zehazten lagunduko du. Nolanahi ere, hasiera batean, eraikin berrian kirol anitzerako 40x20m-ko arauzko pista bat eraikitzea aurreikusi da, 8m-ko altuera librekoa. Halaber, harmaila bat, jendearentzako komunak, kirolarientzako eta epaileentzako aldagelak, bai dagoen futbol-zelairako bai proiektatutako pistetarako, kirol-materialerako biltegiak eta mantentze-zerbitzuetarako beste espazio batzuk proiektatu dira.