Irungo Udaleko Gazteria arloak GazteARTEan FEST ekimenaren bigarren edizioa antolatu du datozen urriaren 22 eta 23rako. Asteburu batez, Zabaltza plazara joaten diren gazteek aukera izango dute doako kontzertu, DJ eta masterclassez gozatzeko. Programa ostiral honetan aurkeztu du Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak, ekitaldiko protagonista izango diren tokiko artistek lagunduta.
“Gazteria hiriko parte garrantzitsu bat da, eta, beraz, hiriarekin identifikatuta senti daitezen, hiriak espazioak eduki behar ditu, gazteen erreferente izan behar dutenak. Era berean, nahi dutenarekin bat etorri behar du bertako kultura- eta aisialdi-eskaintzak, eta espazio horiek tokiko artista gazteak sustatzeko eta haien erakusleiho izateko ere balio behar dute, musikaren eta dantzaren munduko artista ospetsuenekin agertokia eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten. GazteARTEan FESTen II. edizioan parte hartzera eta gozatzera animatzen ditut irundar gazte guztiak”, adierazi du ordezkariak.
Proposamen honetan gorantz doazen tokiko artistak (Irunen edo Irundik gertu bizi direnak) eta dagoeneko ospea lortu dutenak uztartzen dira. GazteARTEan FEST Gazteria arloaren lan-ildo berri baten parte da, eta iaz hasi zen. Lan-ildo horrek zenbait helburu ditu. Alde batetik, aisialdirako proposamen bat eskaini nahi zaie 1 eta 25 urte arteko gazteei, beren gustuak eta kezkak kontuan hartuta. Gainera, tokiko artista hasiberriei ere lagundu nahi zaie, agertokietan ematen dituzten lehen pausu horietan eta, azkenik, hiriko espazio edo ekipamenduei buruzko erreferentziak sortu nahi dira, gazteek bertan beren txokoa izan dezaten, kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako proposamen interesgarrien bidez. Ekitaldiari buruzko informazio guztia eskuragarri duzu udal webguneko gazteria atalean eta @gazteartean_irun Instagrameko kontuan.
Programa
URRIAK 22, LARUNBATA
- 17:00 – 17:30 – Irungo akademiak (Ainhoa eta Pauso-k)
- 17:30 – 19:00 – MASTERCLASS: Mónica Peña
- 19:00 – 19:20 – DJ AITANA GRANDES
- 19:20 – 19:40 – KITZIKA TALDEA
- 19:40 – 20:00 – DJ AITANA GRANDES
- 20:00 – 20:45 – XSAKARA
- 20:45 – 21:00 – DJ AITANA GRANDES
URRIAK 23, IGANDEA
- 17:30 – 18:15 – DJ IZARO
- 18:15 – 19:15 – JANUS LESTER
- 19:15 – 19:30 – DJ IZARO
- 19:30 – 21:00 – TREMENDA JAURIA
Artisten deskribapena
MASTERCLASSa – “Mónica Peña dantzari eta koreografoa da, Bartzelonako, Los Angelesko eta Shanghaiko eskola onenetan trebatua. Bere filosofia da beti eguneratuta egotea eta beti ikasten aritzea, eta horregatik, Madrilen trebatzen jarraitzen du, eta, aldi berean, Lola Índigoren dantzari ofiziala ere bada, eta klaseak eta workshopak ematen ditu hiriburuan eta Espainian zehar. Mónicak zortzi urte baino gehiagoko esperientzia du industrian, eta mundu osoko artista eta marka handiekin lan egin du. Hainbat artista garrantzitsurekin lan egin du; aipatzekoak dira, esaterako, Shakira, Charlie XCX, Lali, Zion & Lennox, Delaghetto, Abraham Mateo… eta markei dagokienez, Coca-Cola, Nike, Tenzenis, Huawei, Siemens, Loreal, BMW eta abar luze bat.
XSAKARA: XSakara rap-kantari bermeotar bat da. Artista gazte honek 16 urte eskas zituenean hasi zuen musikako ibilbidea, eta gaur arte lau lan argitaratu ditu: hiru album eta EP bat.
KITZIKA: Kitzika taldea rock musika biziki maite duten gazte irundar batzuek osatzen dute. Rockaren eta punkaren arteko fusio gisa deskribatzen duten beren estiloa. Beñat (baxua), Andoni (gitarra), Sara (ahotsa), Imanol (bateria) eta Nora (gitarra) deitzen dira, eta beren kantuen bidez dauzkaten kezkak agerrarazi nahi dituzte, musika ihesbide gisa ulertuta. Taldekideetako baten garajean entseatzen hasi ziren eta, apurka-apurka, hobera egin dute hala estiloan nola gaiei dagokienez. Gaur egun, hainbat abesti konposatzen ari dira. Horietako batzuk amaituta dauzkate dagoeneko, eta beste batzuk osatzeko prozesuan daude. Iaz grabatu zuten estudio batean aurrenekoz, eta beste kantu berri batzuekin ere horixe bera egiteko irrikan daude.
AITANA GRANDES: Irungo DJ gazte honek esperientzia du askotariko ekitaldietan: diskotekak, festa pribatuak, berbenak, ezkontzak, urtebetetzeak, kirol-ekitaldiak… Bere saioen ezaugarri nagusia gazte-estiloa da, eta hainbat genero musikal uztartzen ditu, baina reggaetoia eta dembow-a dira nagusi. Produkzio propioak ere egiten ditu, hala nola mashupak edo remixak.
DJ IZARO – SUSTRAI SISTER: Sustrai Sisterrek reggae musikako biniloak aukeratzen ditu, eta Jamaikako jatorria duen bilduma bati eusten dio. Gazte irundar honek Donostiako Tabakaleran Kutxa Kulturak antolatutako JamRock ekitaldian parte hartu du, baita Anoeta, Ibarra, Gasteiz, Elorrio eta beste herri batzuetako jaietan ere, eta zenbait taberna eta gaztetxetan.
JANUS LESTER: Jokin Pinatxok librepentsalariaren profila betetzen du: sortzailea, dibertigarria, asmo handikoa arteari dagokionez, eta lasaia eta jatorra alor pertsonalean. Beratik datorkigu, eta ahots bitxi eta ezin bereziagoa du, bai eta erritmo sinkopatuen nahasketa bat ere, arima beltz, elektroniko edo funkekoa, 80 edo 90eko hamarkadetako dantzaren oinordekoa, baina bariazio original eta garaikidez apaindua.
TREMENDA JAURÍA: Tremenda Jauríak beste LP bat atera du: Todxs Igual. Lehendik, «Directxs al colapso» atera zuten, 5 urte betetzen zituztela ospatzeko taldearen kanturik onenak biltzen zituen zuzeneko bat, eta orain «Todxs igual»en 12 abesti berri dakarzkigute, LP formatuan, etapa berri bati hasiera emateko, betiko pozarekin eta amorruarekin. Disko honetan, rocka, punka, reggaetoia eta musika elektronikoa dira protagonista, Saray Sáez bateria-jotzaile berriari esker. Horrela, kantuak askoz organikoagoak dira, eta ez dute gitarren distortsioaren edo baxuen beheko tonuen faltarik. Letrei dagokienez, disko ilun eta intimistagoa da, baina beti du esperantza jopuntuan, inola ere ez galtzeko.