“Betiko gabonak, inoiz ez bezala” kanpaina azken txanpan dago. Igandera arte gozatu ahalko da Antzarango izotzezko pistaz eta txirrista erraldoiaz, baina, bitartean, behin lehenengo datuak bilduta eta ia egitarau osoa zertuta, Irungo Udalak eguberrien lehenengo balantzea egin du.
Irungo alkate José Antonio Santanok adierazi duenez, “egun ikusgarriak bizi izan ditugu. Aspaldian ez bezalako eguberriak izan dira, jardun handikoak; besteak beste, betiko ekitaldiak normaltasunez eta murrizketarik gabe antolatu ahal izan direlako eta oso eguraldi ona egin duelako. Udalak, elkarte eta entitateekin elkarlanean, oso egitarau potentea osatu du, gure eguberrietan mugarri izango dena, eta eskerrak eman behar dizkiegu egitaraua prestatzen lagundu diguten elkarte eta entitateei, beren lankidetza eta inplikazioagatik”.
Normaltasunera itzuli dela-eta, hiriak giro paregabeaz eta adin eta gustu guztietako jendearentzako eskaintza zabal batez gozatu du, eta, horrela, ospakizunak arrakasta itzela izan du. “Behin normaltasunera itzulita, Irun berriro nabarmendu da. Giro ona eta alaitasuna berreskuratu ditugu, eta nabaritu da. Inoiz ez bezalako mugimendua sortu da hiriko merkataritza eta ostalaritza guneetako dinamizazioaren inguruan: atrakzioek eta eguberrietako azokak oso harrera ona izan dute herritarren zein kanpotarren artean”, nabarmendu du Santanok. Alde horretatik, alkateak azpimarratu duenez, aurten, eguberriek muga guztiak gainditu dituzte, inoiz baino gehiago, “beste leku batzuetako bisitariak” erakarri baitituzte “Gipuzkoa osoan familia osoarentzat punta-puntakoa zen eskaintza bati esker”.
Kanpaina, zenbakitan
Eguberrietako jarduera programak errekor guztiak hautsi ditu, eta, beste urte batez, aipatzekoak dira Luis Marianoko, Pio XII.eko eta Sarjia parkeko izotzezko pistak eta txirrista erraldoia. Zenbakiak argiak dira: 13.000 lagun baino gehiago ibili dira lau instalazio horietan, eta, batzuetan, txartelak agortu dira.
8.800 lagunek baino gehiagok gozatu dute izotz gainean patinatzeko esperientziaz. Alde horretatik, aipagarria da Sarjia parkeko pista, aurten inoiz baino harrera beroagoa izan baitu; gainera, ludotekaren ondoan kokatu izana eta tirolina instalatu izana oso ideia ona izan dira, kanpainaren barruan egindako apustu bat. Pio XII.eneko pista ere oso erakargarria izan da, estalki batek osorik tapatzen baitzuen, euri egunetarako besteak beste. Azkenik, Luis Marianoko pista oso berezia zen, ibilbidea lorategien artean sigi-saga baitzihoan. Bestalde, txirrista erraldoia ez da gelditu atzean: eguberrietan tirarik handiena izan duten atrakzioetako bat izan da, eta, guztira, 4.000 lera jaitsaldi egin dira; beste errekor bat Irungo eguberrietan erreferente bihurtu den ekimen baterako.
Atrakzioak alde batera utzita, izan da bestelako jarduerarik, hala nola eguberrietako azoka tradizionala: hogei etxola jarri dira, bertako merkataritza sustatzeko betiere. Bestalde, hiria jasangarriagoa izateko, energia aurrezte aldera, eguberri argiak denbora laburragoan egon dira piztuta. Guztira, kaleak animatzeko 50 bat jarduera antolatu dira: ikuskizun pirotekniko ibiltariak, musika eta dantza emanaldiak, Trikuharri elkartearen ginkana –1.100 familiak parte hartu zuten–, ludoteka –eguneko 120 haur ibili dira batez beste–, etab.
Giro ona eta dibertsioa zirela nagusi, Olentzeroren etorrera eta Errege Magoen desfilea izan dira eguberri hauetako proposamen gailenak. Hala ere, Irungo Udalak haratago joan, eta antolamenduaren zein parte hartzearen aldetik oso harrera ona izan duen kultur programazio bat prestatu du, adin eta gustu guztietako jendearentzako jarduerez osatutakoa: hiriko abesbatzen emanaldiak (Atzokoak Abesbatza & OKI, Ametsa Abesbatza & Ma Non Troppo, Náyade Abesbatza & Irun Hiria Musika Banda), eguberrietan girotutako filmen emanaldiak –filmeko 70 ikusle izan dira batez beste, eta Harry Potter y la piedra filosofal filmaren proiekzioak Amaia KZ bete zuen–, Urteberriko musika klasikoko kontzertua, familia osoarentzako arte tailerrak –sarrera guztiak agortu ziren–, etab.
Gazteria Arloaren eguberriak
Aisialdia aktiboki eta parte hartuz emateko egitarau askotariko bat prestatu, eta oso harrera ona izan du. Aipatzekoak dira “Reciclantes” tailerrak, serigrafia tailerrak, zurezko jostailuak fabrikatzeko tailerrak, DJ Oihan Vega ezagunaren emanaldia DJ Aitana Grandesekin, Got Talent txapelketa eta laser jokoan aritzeko irtenaldia –Martindozenea gaztelekuko jarduerarik arrakastatsuenak izan dira–, eta Bilbora Guggenheimera eta scape room batera egindako irtenaldia. Bestalde, abenduaren 30ean, Artiako gazteleku berria inauguratu zen, Arloaren eskaintzaren barruan.
Eguberri lasaiak
Udalak aintzat hartu du eguberriak oro har nola joan diren ere, eta, nabarmendu duenez, oso gorabehera gutxi gertatu dira beste urte batzuetako eguberrietakoen aldean. Gogoan hartu du Udaltzaingoaren urte bukaerako operazio berezia, Babes Zibileko lantaldearen lana errekonozitu du, eta herritarren laguntza eskertu du.
Lehen aldiz, Turismo Bulegoak hiriarekin lotutako produktuak eskaini ditu eguberrietako azokan: katiluak, boligrafoak, poltsak, liburuak… Aldi berean, informazioaren edukiak hobetu ditu. Sare sozialetan zabaltzeaz eta web orrian gune berezi bat sortzeaz gain –ia 25.000 sarraldi izan dira–, plano interaktibo bat sortu du, egitaraua bisualkiago ikusteko, eta bide publikoan ere eman du informazioa.
Herritarren iritzia
Behin eguberri jaiak bukatuta, etengabe hobetu nahian, telefono bidezko inkesta bat egingo da, herritarrek antolatutako jarduera nagusiei buruz eta hiriko eguberri apaingarri eta argiei buruz duten iritzia biltzeko. Urtarrilaren 10etik 17ra bitartean egingo da, eta emaitzak eguberrietan kalean bertan egindako inkesten bidez bildutako datuei gehituko zaizkie.