Bide publikoko argiztapena hobetzeko lan berriak martxan daude

Jakinarazi denez, bide publikoko argiztapen sarea hobetzen jarraitzeko lan multzo handi bati ekin zaio. % 65etik gorako errendimendua eskaintzen duten luminariak jarriko dira, argi kutsadurarik sortzen ez dutenak. Horrela, argiztapena berritzen den lekuen sailkapen energetikoa A izango da. Guztira, 354 luminariatan esku hartuko da, eta kontsumoa % 45 jaitsiko da.

Abian dagoen proiektuaren helburua hainbat lekutako argiztapen publikoa hobetzeko beharrezkoak diren lanen alderdi tekniko eta ekonomikoa zehaztea da, argi kutsadura murrizteko, potentzia instalatua zein kontsumitutako potentzia jaisteko eta, CO2 isuriak gutxituta, ingurumena babesten laguntzeko. Era berean, aurrekontuak barnean hartzen ditu instalazioak martxan jartzeko beharrezkoak diren zanga, base, kutxatila eta kableak.

Honela banatuko da proiektua:

  • Hendaia kalea

Zutabeak zein luminariak aldatuko dira, eta LED teknologia darabilten luminariak jarriko dira. Era berean, argi punturen bat gehituko da, argiztapen maila eta argiztapenaren uniformetasuna hobetzeko, erantsita doan azterlanari jarraikiz.

  • Uztapide bertsolaria kalea

Egungo luminarien ordez LUMA motako LED luminariak edo antzekoak jarriko dira.

  • Perujaran kalea

Luminariak ordezkatuko dira, baina egungo zutabeak bere horretan utziko dira.

  • Behobia (Alcaldía de Sacas, Urjauzi eta Lastaola Postetxea kaleak)

Luminariak ordezkatuko dira, baina egungo zutabeak bere horretan utziko dira.

  • Artia (Harrobieta, Darío Regoyos eta Jose Mari Iparragirre kaleak)

Leku batzuetan, luminariak ordezkatuko dira, baina egungo zutabeak bere horretan utziko dira, eta, beste batzuetan, luminariak zein zutabeak ordezkatuko dira.

Proiektuaren barruan, lan hauek dira egitekoak:

– Egungo zutabe eta luminariak desmuntatzea eta berriro muntatu edo zabortegira edo udal biltegira eramatea

– Farolen barruko kableak kentzea

– Base, kutxatila eta kanalizazioak egitea

– Kable berriak jartzea

– Argi puntu berriak hornitu, jarri eta konektatzea

– Argiztapen sistema desmuntatzea, luminariak garbitzea eta LED moduluak jartzea

– Hiru agintaritza zentro berritzea, egoera txarrean baitaude

– Aginte taulak eta kaxa elektrikoak ordezkatzea

Hendaia kalean hasi dira lanak, eta Artian segituko dute. Lan guztiak egiteko epea zortzi hilabete da.

Proiektu honen barruko lanak egiteko guztizko aurrekontua 635.253,58 euro da, BEZa barne.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude