HAZ eta IRUNVI zerbitzuak normaltasunetik gero eta hurbilago

Behin Euskadin osasun larrialdiko egoera indargabetuta eta Eusko Jaurlaritzak COVID-19 pandemiaren ondorioz ezarritako neurri gehienak bertan behera utzita, hiria normaltasunera itzultzen doa, eta herritarrentzako zerbitzuek eta instalazioek ere nabari dute.

Joan den asteazkenean, hilak 13, pandemiaren hasieran Udalean sortutako COVID batzordeak bilera bat egin zuen, José Antonio Santano alkatea zela buru eta udal arlo guztietako ordezkariak zirela bertan, egoera aztertzeko. Hilabete hauetan, Udal Larrialdi Planaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak dekretatutako osasun larrialdiko egoeraren ondoriozko neurriak hartzen joan da, herritarrentzako arreta bermatuz betiere eta beharrezkoa zenean ohiz kanpoko zerbitzuak martxan jarriz, herritar talderik kaltetuenak gogoan batez ere. Osasun-larrialdiko egoera amaitu ondoren, Udal Larrialdi Plana desaktibatuta geratzen da. Bada, lantaldeak martxan jarraituko du, pandemiaren hiriko bilakaerari adi, baina, edonola ere, gero eta gutxiago biltzeko asmoa du.

Horrela, udal instalazio batzuk ohiko erritmora itzuli dira. Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen murrizketen barruan, barnealdean maskara erabili beharrak eta segurtasun distantzia gorde beharrak indarrean jarraitzen dute, baina, joan den astean, aurretiko hitzordua eskatu beharra eta edukieraren murrizketak bertan behera geratu ziren kiroldegietan eta CBAn, eta, asteartea honetan, azaroaren 2an, baita Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren eta IRUNVIren bulegoetan ere. HAZen aurretiko hitzordua izapide oso zehatz batzuetan mantentzen da, arreta ezin hobea bermatu nahian.

Ildo beretik, hiri barruko autobusak normal zirkulatzen ari dira, eta Amaia KZ, Oiasso Erromatar Museoa eta beste gune batzuk aurreko hilabeteetan baino erritmo handiagoan hartzen ari dira bisitariak eta antolatzen ikuskizunak. Aldi berean, ekitaldiak aurrez aurre egiten doaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude