Irungo Udalak udal-egutegi berri bat argitaratuko du 2022erako

Irungo Udalak udal-egutegi berri bat argitaratuko du 2022erako, herritarrek helarazten dizkioten irudiez osatuta. Berriro ere, herritarren parte-hartzeari esker, irundarrak eurak izango dira egutegiaren protagonistak, euren argazkien bidez. Udalaren ekimenak, berriz ere, Irungo Argazkigintza Elkartearen (AFI) laguntza jaso du.

Aurten, parte hartzeko, “Irun, izen propioz” gaia proposatu da, eta kontua da hirian gutxiago edo gehiago ezagunak diren pertsonaiei eskainitako kale, plaza, espazio, eraikin, eskultura eta abarren argazkiak ateratzea. Irudiek gure kale-izendegiko izen propio askoren atzean zer dagoen gogoratzen eta ezagutzen lagunduko dute. Bereziki balioetsiko dira hain ezagunak ez diren eta bertako kale-izendegia ezagutzen lagunduko diguten lekuen irudiak.

Alkateak azaldu duenez, “urtero, herritarrek harritu egiten gaituzte beren irudiekin eta ikuspegi desberdinarekin. Ziur gaude oraingoa berriz ere aukera polita izango dela bertako historiaren zati hau birpasatzeko. Hiriko leku asko izen propioei eskainita daude, eta seguru nago ez dugula pentsatu zergatik izena duten horrela. Beraz, espero dut 2022ko egutegi hau hileroko oroigarri polita izatea Irungo leku askori izena ematen dieten pertsonenganako”.

Gerardo Garcia AFIko presidenteak azaldu duenez, “garrantzitsua da parte-hartzaileek ikuspegi ezezagunak eta originalak bila ditzaten. Hiriko arteria nagusietan edo pertsonaia ezagunenetan ez ardazten ahalegindu behar dugu, ea argazki hauen bidez gure auzoetako kale askotan ere ezkutatzen diren istorioak eta bizitzak aldarrikatzen diren”.

Irungo Argazki Elkarteak urteak darama Udalarekin elkarlanean egutegia argitaratzeko, irudiak jartzen eta urteko hamabi hilabeteak ilustratuko dituzten hamabi irudien lehen aukeraketa egiten. Hain zuzen ere, herritarrek irudiak bidali, eta elkarteko kideek lehen aukeraketa egiten dute; gero, horien artetik ateratzen dira egutegiko hamabi hilabeteetarako irudiak.

Azaroaren 3an Udalak gune bat jarriko du bere web orrian, nahi dutenek irudiek bete beharreko gutxieneko baldintzak kontsultatzeko eta argazkiak bidaltzeko formulario bat betetzeko.

Informazio praktikoa
Bidalitako irudi guztien artetik HAMAHIRU hautatuko dira: HILABETE BAKOITZEKO BAT eta azalekoa. Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 3tik azaroaren 19ra bitartekoa izango da.

Argazkiek originalak izan beharko dute, inongo lehiaketatan saritu eta inongo komunikabide profesionaletan argitaratu gabeak, eta berez Irungo leku jakin batean koka daitezkeen argazkiak onartuko dira.

Arreta berezia jarriko da irudietan ageri diren adingabeetan, eta, horrela, adingaberik agertzen bada, egileak gurasoen baimena izan beharko du bere argazkia egutegian argitaratzeko.

Argazkiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izango dute. Hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izango dute gutxienez, hautatuak badira editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten, eta 30 x 20 cm-ko luze-zabala izango dute, edo antzekoa.

Argazkiak Udalera bidaliko dira, www.irun.org webgunearen bidez. Parte hartzaileen ardura izango da aurkezten diren obretan hirugarrenen eskubiderik ez izatea eta irudi eskubideak direla-eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea.

Aurten, berritasun bat izango da: parte hartzaileek hiru argazki bidali ahalko dituzte gehienez. Hala ere, azken aukeraketa egiterakoan, egile bakoitzeko argazki bakarra aukeratuko da.

Abendurako argitaratuko da egutegia, eta 11.000 ale kaleratuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude