Irungo Argazki Elkarteak Irungo XXXIV. Argazki Lehiaketa Herrikoia antolatu du

2019. urteko lehiaketako irabazleak

Lehiaketan parte hartu ahal izateko argazkiak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira

San Pedro eta San Martzial jaien inguruan Irungo Argazki Elkarteak, Irungo udalaren babesarekin, Irungo XXXIV. Argazki Lehiaketa Herrikoia antolatu du. Hala ere, sanmartzial ezohiko hauetan lehiaketaren formatua egokitzea ezinbesteko izan da. Bi atal nagusi izango ditu argazki lehiaketak: Irunekin zerikusia duten argazkiak eta gai librea.

Irungo Argazki Elkarteko kideek argazki lehiaketaren oinarriak egokitu eta osasun krisialdiaren ostean murriztapen eta segurtasun neurriak errespetatzeko modua topatu dute. Gerardo García Irungo Argazki Elkarteko presidenteak adierazi duenez, “aspalditik San Pedro eta San Martzialen inguruan antolatzen dugun ekintza da”. Lehiaketa garai berrietara egokitzeko modua topatzeko Irungo Kultura arloak hiriko elkarte kulturalekin antolatutako bileran parte hartu zuten eta lehiaketa antolatzeko asmoa jakinarazi zutenean, udal ordezkarien onarpena jaso zuten.

2020. urteko argazki lehiaketa antolatzeko oinarri gehienak bere horretan mantendu dira, aldaketa nabarmenik gabe. Nobedadeen artean, aurten ez da paperean inprimatutako argazkirik jasoko. Lehiaketara aurkeztu nahi diren argazkiak posta-elektronikoz bidali beharko dira popular2020@afi-iae.com. Irudiak entregatzeko epea ekainaren 19ko gaueko 24:00etan amaituko da. Oraindik goizegi da lehiaketaren arrakasta neurtzeko, izan ere, Gerardo García elkarteko presidenteak adierazi duenez, jende askok epemugaren azken egunera arte itxaroten du lanak entregatzeko. “Aurtengo jaiekin loturik baieztatu den lehen ekintzetako bat izan denez, lehiaketan jende askok parte hartzea espero dugu”, gaineratu du elkarteko presidenteak.

Gerardo García, Irungo Argazki Elkarteko presidentea
Lehiaketaren antolaketarekin lotutako bigarren nobedadea irabazleak aukeratzeko bozketa publikoarekin loturik dago. Izan ere, aurreko urteetan herritarrek lehiaketara aurkeztutako argazkiak bisitatu eta elkartearen egoitzan bertan bozkatzen zuten haien argazki gogokoena. Oraingoan, berriz, jende pilaketak saihesteko bozketa ekainaren 22ko egun osoan zehar egingo da, baina, internet bidez. Argazkiak Irungo Argazki Elkartearen webgunean erakutsiko dira eta hiritarrek 24 ordu izango dituzte gehien atsegin dituzten argazkiak bozkatzeko.

Gai aukera zabala
Argazki lehiaketa herrikoiak bi ardatz nagusi ditu. Batetik, parte hartzaileek Irungo hiriarekin lotutako argazkiak aurkeztu beharko dituzte. Bestetik, gai libreko atala du lehiaketak eta bertan edonon aterako argazkiak aurkeztea onartzen da. Lehiaketa San Pedro eta San Martzial jaien inguruan antolatu arren, argazkiak ez dira Irungo jaiekin loturik egon behar. Gerardo García elkarteko presidenteak azaldu duenez, “konfinamenduan zehar ateratako argazkiak onartzen, bai Euskal Jira, Opila eguna edo hiritarrek haien artxiboan daukaten beste edozein argazki”. Elkarteko presidentearen iritziz lehiaketak oso gaitegi zabala du, beraz, argazkilaritzaren ezagutza sakonik izan ez arren, hiritar guztiak gonbidatzen ditu lehiaketan parte hartzera. “Lehiaketaren izenak berak adierazten duenez, hiritar guztiei zuzenduta dagoen lehiaketa da honakoa”, gaineratu du Gerardo Garcíak.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahalko ditu lehiaketara eta horietako bat gutxienez Irunekin nolabaiteko lotura izan beharko du Irun atalean parte hartzeko. Irudiak JPG formatuan bidali beharko dira eta alde luzeenak 1.200 pixel izan beharko ditu gehienez. Hortaz gain, argazki-artxibo bakoitzaren izenak lehiaketako zein ataletan parte hartzen duen zehaztu beharko du, Irun edo gai librean. Gainera, argazkiarekin batera mezu elektronikoan egilearen datu pertsonalak eta telefono zenbakia zein den adierazi beharko da.

Irabazleentzako sariak
Lehiaketako irabazleek, garaikurraz gainera, irungo saltokietan erabili ahalko diren erosketa-bonoak jasoko dituzte opari gisa. Gerardo Garciaren hitzetan “sari honen bitartez irabazleak errekonozitu eta, era berean, tokiko ekonomia lagundu nahi dugu”. Era honetan, parte hartzaile bakoitzak sari bakarra eskuratu ahalko du gehienez. Lehiaketako irabazleak ekainaren 24eko 20:00etan jakinaraziko dira elkartearen webgunean.

Gerardo García, Irungo Argazki Elkarteko presidentea
Argazki irabazleekin batera, lehiaketara aurkeztu diren beste zenbait irudi inprimatu eta erakusketa bat antolatzeko asmoa dute lehiaketako antolatzaileek. Irungo Argazki Elkarteko presidenteak adierazi duenez, “erakusketa zein sari-banaketaren data eta lekua zehazteko daude oraindik”. Hala ere, lehiaketako sariak erakusketaren inaugurazio egunean banatzeko asmoa dutela iragarri dute. Horrela, 2020. urteko Irungo jaien ospakizuna berezia izan arren, argazkilaritzak ez dio ohiko hitzorduari kale egingo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude