Irtenbidea ezin topatu

Lanbideren ordainketa okerrek kaltetutako irundarra da Aitor Perez

Alaba lotan dagoela azpimarratu du Aitor Perezek, etxeko atea irekitzerakoan. “Bere etorkizuna bermatzea da gure betebehar nagusia. Ahaleginak egin behar ditugu, ez dezan tentsioa nabaritu”, aitortu du. Egongela txikiko sofan eseri da, kafe beroaren aurrean. Urduritasun puntu bat nabari zaio, lehenago elkarrizketa gehiago egin dituen arren: “Lotsa ematen dit egoera publiko egiteak. Beldurra ere bai. Baina milaka lagun dira kaltetuak, eta salatu beharra dago”.
DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta suspenditu dio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak. Gainera, zazpi espediente ireki dizkio, bidegabeko ordainketengatik. Horien arabera, 10.000 eurotik gorako zorra du Perezek Lanbiderekin. Hileroko 30 euroko kuota baten bidez ordaintzen ari da, oraingoz. “70 urte ditudanean amaituko dut”, zehaztu du.

Duela sei urte, DSBE eskatu behar izan zuen Aitor Perezek. Bikoteak lan prekario bat duela azaldu du, lanaldi erdi baino gutxiagokoa, eta enpresaren beharren baitakoa: “Bikotearen nomina guztiak aurkezten nituen Lanbiden, eta bi hilero, diru-laguntzaren kopuruaren zuzenketa bidaltzen zidaten, bikotearen diru-sarrera aldakorren arabera. Beraz, pentsatzen genuen dena ondo zihoala”. Halako batean, ordea, gutunak iristen hasi zitzaizkion Perezi, Lanbideri dirua zor ziola azaltzen zutenak. Guztira zazpi espediente ditu, diru kopuru ezberdinekin: “Gutunak oso generikoak dira, eta hitz teknikoz josita daude. Ez dira batere argiak. Lanbideko bulegora jo genuen, zalantzak argitzeko asmoz. Baina han ere, ez ziguten azalpenik eman”.

Gure egoeran dagoen jendeak bakardade handia sentitzen du”

Aitor Perezena ez da kasu isolatua. Gipuzkoan bakarrik, ia 25.000 lagun daude DSBE suspendituta eta Lanbiderekin zorretan, Lanbidek Kaltetutakoen Plataformaren datuen arabera (15.000 dira DSBE jasotzen dutenak). Administrazio akatsen ondorioz daude egoera horretan. Ondorengoa da erakundearen azalpena: “Okerreko ordainketak sortzen dira, DSBE jasotzen duten pertsonen edo familien egoeretan aldaketak ematen direnean, eta Lanbidek ez duenean momentuan haien berri izaten”. DSBE jasotzen duen norbaiti behar baino gehiago ordaindu diola konturatzen denean, gutuna bidaltzen dio Lanbidek, kopuru horiek erreklamatuz. Alabaina, DSBE jasotzen duten familia gehienak, egoera larrian daude, eta ezin izaten dute bueltatu. “Bi hilero zuzenketak bidaltzen baldin badituzte, eta sekulako zorrak sortzen baldin badira, argi dago haien lana gaizki egiten dutela. Ez dakit akatsa edo utzikeria izango den”, adierazi du Perezek.

Lanbidek Kaltetutakoen Plataformara, eta Irungo Kale Nagusian dagoen Erletxea gizarte laguntzei buruzko informazio bulegora jo du Aitor Perezek, laguntza bila: “Orientazio gisa oso baliagarriak izan dira. Baina errealitatea da, gure egoeran dagoen jendeak bakardade handia sentitzen duela”. Alegazioak eta errekurtsoak egin dituzte, baina antzeko erantzunak jaso izan dituzte beti. “Aurreko gutunaren kopia bidaltzen dizute, edo azalpen aldrebes bat luzatzen dizute, justifikaziorik ematen ez duena”, azaldu du Perezek. Horiek horrela, gelditzen den azken aukera, auzitegiena da. Zazpi espedienteetako biren inguruko epaiketak edukiko dituzte, oraingoz. “Lehenengoa atzeratu egin digute, Lanbidek ez zuelako dokumentazioa aurkeztu”, zehaztu du Perezek.

“Gurasoak, anai-arrebak eta ingurukoak laguntzen ahalegintzen dira, baina horrek pobreziara eramaten ditu”

Dena Gasteizen zentralizatua dagoela ere salatu du Aitor Perezek. Hori azaldu diote, behintzat, Irungo bulegoan. Epaiketak ere Gasteizen izaten dira, horrek dakarren gastu guztiarekin. Bulegoetan jaso duten tratua kritikatu du Perezek: “Mespretxuz tratatzen gaituzte. Zuek espresioa erabiltzen dute. Baina gu ez gara zuek. Pertsonak gara, izen-abizenak ditugu. Hortxe hasten da bazterketa soziala”. Udaleko Gizarte Zerbitzuetara ere jo dute, Gizarte Emergentzietako Laguntza eskatzera. “Ez ziguten onartu, DSBEa suspendituta nuelako. Zer da, orduan, gizarte emergentzia bat?”.

Eragin zuzena egunerokoan

Egoerak erabat baldintzatzen du Aitor Perezen, eta bere ingurukoen egunerokoa. “Gurasoak, anai-arrebak eta ingurukoak laguntzen ahalegintzen dira, baina horrek pobreziara eramaten ditu”, argudiatu du Perezek: “Badaude guraso bakarreko familiak, errekurtsorik gabe utzi dituztenak. Adin txikikoen babeserako legea urratzen ari dira”. Haien kasuan ere, alabaren hezkuntza aurrera ateratzea da lehentasuna. Ez da erraza, dena den, testuinguru aldrebesetik aparte mantentzea. “Badaude hainbat eta hainbat gauza, oso arruntak diruditenak, baina ezin ditugunak egin”, aipatu du Perezek.

Laguntzarik gabe uzteaz gainera, Aitor Perezen edozein jarduera kontrolatzen du Lanbidek. Amateur musika talde batean jotzeagatik, esaterako, datu ekonomikoak ezkutatu izana leporatu diote. Sare sozialetako aktibitatea ere kontrolatzen diotela baieztatu du Perezek, kaltetutakoen plataformaren argitalpenak elkarbanatzen dituelako. Hala ere, salatzera animatu nahi luke: “Gero eta gehiago izan, presio handiagoa egingo dugu”. Aurreiritziak apurtzeko ere balio dezakeela uste du, gainera, Aitor Perezek: “Tendentzia arrazista bat sortu da DSBEren inguruan. Gainera, ematen du denak garela iruzurgileak eta errealitatea da %0,3koa da iruzurra DSBEn. Datu ofizialak dira horiek, nahiz eta ezkutatu egiten diren”. Auzi bidetik konponbidea lortzeko itxaropen handirik ez du Perezek. Horregatik, lana lortzeko ahaleginetan dabil.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude