ENERITZ FURYAK: “Pixkanaka hartuko dut behar den heldutasuna”

Azken kontzertua eskaini zuen Kasernarat taldeak 2016ko urtarrilean, Irungo Hazia Kultur Elkartean, bost urteko ibilbidea osatu eta bi disko plazaratu ondoren. Etenaldi bat egin eta gero, bakarka bueltatzeko asmoaren berri eman zuen, orduan, Eneritz Dueso (Irun, 1993) abeslari eta gitarra jotzaileak. Eneritz Furyak izen artistikoarekin itzuli da 2017an, izen bereko lehen diskoa besapean. Autoekoizpena muturreraino eraman du Furyak-ek. Etxean grabatu ditu hamar kantuak, diseinu originala sortu du, eta bere kabuz ari da diskoak saltzen eta zabalkunde lanean. Oholtzan ere bakarrik ari da, bere kantaera bereziaren eta gitarra akustikoaren laguntzaz.
Nolatan erabaki zenuen bakarka hastea?

Ez zen nire erabakia ere izan. Oraindik taldean nengoela, beste musikari batek proposamen bat egin zidan, bakarlariez soilik osatutako jaialdi batean jotzeko. Baiezkoa eman nuen, eta hortik aurrera kontzertu gehiago etorri ziren. Denbora igarota, ohartu nintzen mozketa bat behar nuela musikarekiko. Sortu nituen azken kantuak ez zeuden Kasernarat taldera bideratuta, eta horregatik, atsedenaren ondoren bakarkako disko batekin bueltatzea erabaki nuen.

Badaude Kasernarat-en garaiko abestiak, eta ondorengoak ere bai.

Bai, diskoko ia abesti guztiak jo izan ditut zuzenean, geldialdia egin baino lehen. Bakarka jotzeko sortu ditudan abesti gehienak bildu ditut disko honetan. Modu bat da kontatzeko hau ez dela proiektu berri bat. Badator lehenagotik, baina orain markatuago dator.

Kasernarat-en ildoa jarraitu duzu, hala ere, soinuaren eta hitzen aldetik. Zein dira ezberdintasunak?

Handiena, ez dagoela bateriarik eta baxurik. Hori da disko honetan desagertu dena. Estilo aldetik antzekoa da. Agian badaude kantu lasaiago batzuk, baina egia da ez dudala grindcoretik musika klasikora aldatu. Gauza bera da, eboluzio pixka batekin.

Autoekoizpenaren alde egin duzu. Zergatik?

Arrazoi nagusia da ez diodala eperik jarri nahi izan. Ez nuen nahi behartuta egon norbaitekin ordutegi jakin batzuetan geratzera, eta bi egunetan hamar kantu grabatzera. Nik nire burua grabatzeak ekarri didana da estutu gabe aritu ahal izatea. Diskoa grabatzeko egun jakin batzuk dituzunean, beharbada ez dituzu egunik onenak edukitzen, edo ez zara emaitzarekin guztiz gustura geratzen. Beste modu batean lan egitea izan da nire helburua.

“Esperimentu txiki bat izan da, orain arte hobby moduan egin dudan zerbait, serioago hartuta noraino heldu naitekeen ikusteko”
Ondorengo lanean, zabalkundean ere, zure kabuz ari zara, interneten buru-belarri.

Lan asko ematen dit, baina aldi berean, kontrol absolutua dut. Interneten eros daiteke diskoa, edo bestela, kontzertuak dira lortzeko modu bakarra. Nire esku har dezakedan lana zein den ikusi dut, eta balio dit aurrera begira erabakitzeko zer delegatu behar dudan eta zer ez. Esperimentu txiki bat izan da, orain arte hobby moduan egin dudan zerbait, serioago hartuta noraino heldu naitekeen ikusteko. Oraingoz pozik nago, eta ikasten ari naiz, aldi berean.

Sormen aldetik askatasun handiagoa eduki duzu?

Azken aldian sortu ditudan kantuak ez nituzke egingo Kasernarat-entzat pentsatzen ariko banintz. Alde horretatik, askatasun handiagoa daukat. Baina batzuetan egia da faltan botatzen dudala beste musikari batzuekin lan egitea. Pixkanaka hari bati tiraka hasi eta beste pertsona horiekin abestiari forma ematea.

Kasernarat-en zaleez gain, beste jende batengana ere ailegatu nahi zenuke?

Kantuak sortzerakoan ez dut inoiz pentsatu norentzat diren. Dena den, estilo aldaketa oso handia ez denez, Kasernarat-en zaleei gustatuko zaiela pentsatzen dut. Baina egia da, era berean, zirkuitu batzuetan ezingo dudala hain erraz sartu. Jai giroko guneetan, erritmo handiagoa edukitzeak laguntzen du.

Formatu soila duzu zuzenekoan, gitarrarekin bakarrik. Ez duzu bakardadea sentitu?

Lehen kontzertuan, nolabaiteko erdoila sentitu nuen. Baina ohitura faltak eragindako zerbait dela eta konponduko dela pentsatu nahi dut. Goizegi da zerbait esateko. Pixkanaka hartuko dut beharrezkoa den heldutasuna.

Mota askotako lekuetan jo izan duzu. Zein plaza nahiago duzu?

Musikari gisa, eta ikusle bezala ere bai, beti nahiago izan ditut areto txikiak. Jaialdi handietan ez dakizu jendea musika entzutera, instagrameko argazkia ateratzera edo lagunekin mozkortzera joaten den. Areto txikietara joaten den jendea kontzienteagoa da.

Uda garaia dator, kontzertuen garaia festa giroan aritzen direnentzat. Zuk non topatuko dituzu jotzeko tokiak?

Festa giroan aritzeko ere hots egiten didate. Ez larunbat gauean jotzeko, baina bai, beharbada, igande arratsalderako. Bestalde, azpimarratu gaztetxeek edo gune autogestionatuek aukera handiak eskaintzen dituztela musikari askorentzat. Gainera, leku askotan hasi dira egiten kontzertuak kalean, tabernetako terrazetan etab. antolatzen.

Lehen asko idazten nuen. Orain, nire zirrikitua musika da”
Beti eman izan diezu garrantzi handia hitzei.

Lehen asko idazten nuen, orain ez dut astirik topatzen, eta nire zirrikitua musika da. Eskerrak horri. Ez zait gustatzen esaldi bakarreko kantuak egitea. Egia esan meritua behar da horrela kantu on bat egiteko, eta egon badaude. Baina nire lanean ez dago horrelakorik, eta egia da letrak matxakatzen ditudala. Dena den, kantuetan, gitarrak ematen dit bidea. Normalean, letra baino lehenago helburua izaten da melodia bilatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude