Andaluziako kultura hirian hedatuz

Apirileko Azoka antolatu du Embrujo Andaluzek hemeretzigarrenez
Sevillako plaza baten itxura hartu du Zabaltzak apirileko azken asteburuan. Apirileko Azoka antolatu du Embrujo Andaluz Kultur Elkarteak, hemeretzigarren aldiz. Kultura andaluziarrarekin lotutako dantzak eta musika eskaini dituzte, eta gastronomia produktuak ere bai, elkartearen kasetan. Atsedena hartuko dute orain Embrujo Andaluzeko kideek, baina laster izango dira berriro martxan.

Balorazio baikorra egin du Embrujo Andaluzek, aurtengo Apirileko Azokaren inguruan. Egunean 2.000 lagun baino gehiago hurbildu dira, batez beste, Zabaltza plazara. “Jendeak ikaragarri gozatu du”, baieztatu du Paco Merino elkarteko presidente izandako kide beteranoak. Gogotik lan egitea egokitzen zaie elkarteko kideei, eta oholtzaren gainean dantzatzea, horietako batzuei. Embrujo Andaluzeko taldeez gainera, gonbidatuak ere izan dira Zabaltza plazan. Batetik, Irungo dantza akademiek parte hartu dute, sevillanak eta flamenkoa lantzen dituztenek, baina bestelako estiloetan aritzen diren beste batzuek ere bai.

“Kanpoko taldeak harrituta gelditu dira hemen topatu duten giroarekin”
Paco Merino, elkarteko presidente ohia

Bestetik, elkarte andaluziarrak dituzten Gipuzkoako beste herrietako taldeek parte hartu dute, Errenteriakoek, Andoaingoek eta Zumarragakoek, besteak beste. Gainera, urrutiagotik etorritako artistak ere izan dira Irunen. Angélica Leyva madrildarra da, baina arbaso andaluziarrak ditu, eta flamenkoa interpretatzeko era berezia du. La Voz telebista saioaren lehen edizioan parte hartu zuen. Son de Ases Araban sortutako taldea da, baina taldekideek jatorri andaluziarra dute. Lau gizonezko dira, sevillanak eta rumbak eskaintzen dituztenak. “Harrituta gelditu dira hemen topatu duten giroarekin. Beti gertatzen da, kanpoko taldeak ekartzen ditugunean”, adierazi du Merinok. Irundar askorentzat ere ezustekoa izan da Apirileko Azoka.

Jende asko mugitzen dugu, baina lanerako, ez gara hainbeste”
Isabel Aragón, Embrujo Andaluz elkarteko presidentea

Dantza librerako aukera ere egon da, eta jende asko animatu dela azpimarratu du Isabel Aragón Embrujo Andaluzeko presidenteak: “Dantzatzen jakin gabe ere animatu da jendea. Azkenean, oso musika erakargarria da”. Alde gastronomikoak ere erakarri du jendea. Ardoz eta freskagarriz egindako rebujito edariak izan du arrakasta gehien. Urdaiazpiko ona ere ekarri dute. “Andaluziako produktu gehiago ezin izan ditugu eskaini. Salmorejoa egiteak, adibidez, lan handia ematen du. Jende asko mugitzen dugu, baina lanerako, ez gara hainbeste”, argudiatu du Isabel Aragónek.

Ia bi hamarkadako ibilbidea

Duela hemeretzi urte sortu zen Embrujo Andaluz elkartea, jatorri andaluziarra duen irundarren talde baten partetik. Gogoan du Paco Merinok: “Gure ateko elkarrizketetan maiz ateratzen zen kultur elkarte bat sortzeko asmoa. Ez genuen dirurik, baina bagenekien jende asko zoriontsu egingo genuela”. Lehen urtean, jada, Apirileko Azoka antolatu zuten, Cipriano Larrañaga kalean. Bigarren urterako, Zabaltza plazara lekualdatu zuten. Bertan eraberritze lanak egin zituzten garaian, Pio XII plazan ibili ziren, baina gaur egun Zabaltzako kokalekua egonkortuta dago.

Gipuzkoan aitzindaria izan zen Irungo Apirileko Azoka. Gerora egin izan dute, beste zenbait herritan. Irunen, hasieran trabak topatu zituztela aitortu du Paco Merinok: “Mesfidantza sumatu genuen, bizilagunen eta udalaren partetik. Urtetako ahaleginari esker, denen babesa lortu dugu”. 2008an, oihartzun handia eduki zuen ekimena aurrera eraman zuten. 492 lagun jarri zituzten Luis Marianon dantzan, sevillana jantzita. Inoiz beste inon baino gehiago. Guiness errekorra lortu zuten horrela. “Hurrengo urtean Sevilla hirak gainditu zuen, baina ordura arte ez zitzaien bururatu”, aipatu du Isabel Aragonek: “Oso bitxia izan zen, Gipuzkoako hiri batean lortzea errekorra. Estatuko komunikabideen deiak jaso genituen”.

Urte osoko jarduera du elkarteak

Apirileko azoka antolatzeaz gainera, elkarte aktiboa da Embrujo Andaluz. Inguruko elkarteen beste azoketan eta ekimenetan parte hartzen du, eta adinekoen egoitzetara bisitak egiten ditu. Lapitzeko haur eskola zaharrean dute egoitza, Freire Jenerala kalean. Bertan, sevillana eta flamenko dantzen ikastaroak egiten dituzte. Gainera, elkarte gastronomikoa ere badute, andaluziako apaingarriez josia. Ia berrogei familia aritzen dira Embrujo Andaluz elkartean. Jakina, kide guztiek ez dituzte jatorri andaluziarrak. Extremadurakoak eta beste lekuetakoak ere badira.

Kike Romero hondarribiarra da, baina zeharo murgilduta dago Embrujo Andaluzen: “Nire emaztea sevillanak dantzatzen hasi zen. Ni afarietara etortzen hasi nintzen, eta harrapatu egin ninduten”. Jatorria, beraz, ez da ezinbesteko baldintza, Embrujo Andaluzen parte hartzeko. Paco Merinok gehiago baloratzen du lan egiteko prestutasuna: “Konturatzen gara jende gazteak ez duela gehiegi inplikatu nahi izaten. Lan asko egiten ikusten gaituzte, eta hori ez da erakargarria”. Alabaina, batzuek goza dezaten, beste batzuek lan egin behar izaten dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude