IDOIA GENUA, Irungo AEKko irakaslea: “Korrikari esker jendea konturatzen da euskararena unibertso handi bat dela”

Apirilaren 4an helduko da Korrika Irunera. Oiartzundik sartuko da, 14:00 inguruan. Hendaiara pasako da gero, eta Hondarribira bidean bueltatuko da, 16:00etan. Bidasoaldeko AEKn hilabeteak daramatzate Korrika prestatzen. Idoia Genuak ondo daki ahaleginak merezi duela, 80ko hamarkadaz geroztik baitabil AEKn lanean. Korrikaren lehen lau edizioak kanpotik bizi izan zituen (urtero egiten zen hasieran). Hurrengoak, aldiz, barrutik. 20.edizioa du aurten Korrikak.
AEKko langile batentzat, zer da Korrika, zenbat lan eskatzen du?

Lan gehiena aurreko asteetan izaten dugu, Korrika pasatu arte. Klaseak ez dira gelditzen, eta lan karga handia izaten da, beraz. Hala ere, ezin da ukatu guretzat Korrika sekulako ekimena dela, uste dut toki ona hartu duela azken urteotan. Euskal Herri osoan zehar egiten den jarduera bakarrenetako bat da. Lan handia eskatzen du, baina emaitzak goxatu egiten du. Adibidez, Korrika pasatzen den urteetan sumatzen da ohi baino jende gehiago animatzen dela euskara ikastera.

Ilusioa mantentzen duzu?

Badira lan batzuk ez direnak atseginak izaten, dirua dendaz-denda eta tabernaz-taberna eskatzea, adibidez. Baina gu ohituta gaude, eta zorionez, laguntzaileak ere baditugu. Jendeak badaki zer den Korrika, eta zertarako egiten den.

Zer sentitzen duzu zuk Korrika Irunen sartzen denean?

Azken edizioetan “petonetan” joatea egokitu zait. Petoak saltzeko furgonetari deitzen diogu horrela. Gu Korrikaren aurretik joaten gara, eta oso polita izaten da jendearen berotasuna sentitzea. Emozioak transmititu egiten dira, eta tripak nahasi egiten zaizkizu.

Eferbeszentzia hori badago, bi urtean behin, Korrika pasatzen denean. Baina nola mantendu urte osoan zehar?

AEKren jardunean sartuko ginateke hor. Ikaslearen tipologia aldatu egin da azken urteetan. Badago jende asko euskalduna izateko ikasten duena. Baina titulua lortzeko premian daudenak ere etortzen dira. Zentzu horretan, Korrika tresna baliagarria da, jendea kontura dadin euskararena unibertso handi bat dela, eta euskararen bitartez gauza asko ezagutuko dituela.

AEKk baditu ezaugarri batzuk, beste euskaltegiek ez dauzkatenak. Euskalgintzaz gaindi doa, herrigintzan, elkarteekin harremanetan dihardu AEKk.

Ahal dugun neurrian egiten dugu, baina ez dut uste behar adinakoa denik, ez garelako iristen. Euskararen Egunak ekimena sortu genuen duela zenbait urte, adibidez, abenduaren 3aren harira. Euskararen inguruan lanean ari garen elkarteon arteko harremanak indartzea da haren helburua.

Helburua Euskal Herria euskalduntzea izanik, egia da ikasle asko titulu bat ateratzeko helburuarekin gerturatzen direla. Nolabaiteko lehia bat sortzen da?

Egia da, baina gertatzen dena da, euskaltegian konturatzen direla titulua abiapuntu bat baino ez dela. Zorionez, klasean ere badago titulurik nahi ez duen jendea, bilobekin hitz egiteko ikasten duena, adibidez.

Diru-laguntzen mundua ere hor dago, tituluen baitan daudelako. Urrats bat gainditu beharra dago titulua eskuratzeko. Badago jendea bi urte beharko lituzkeena urrats hori gainditzeko, baina urte beten gainditzen ez baldin badu, diru-laguntzarik gabe geratzen da.

Euskararen ezagutza aurrera doa, baina erabilera da erronka nagusia, eskualdean.

Zalantzarik gabe. Nik ez dut ulertzen zergatik ez den erabiltzen. Gaur egun, baliabide guztiak ditugu aldeko, baina ez dugu sinesten euskaraz bizi gaitezkeenik. Hori horrela den bitartean, alferrik ari gara. Oraindik ere, euskaldun izatea ez da erraza, landu egin behar da. Militantzia bat eskatzen du, zoritxarrez, gure hizkuntza ez delako hegemonikoa bere herrian.

Badira urte batzuk D eredua martxan dagoela. Baina zer gertatzen da? Karga guztia haurrengan jartzen dugula. Guraso asko ez dira euskaraz bizi, eta horrela, haurrek ikusten dutena da helduen hizkuntza, hizkuntza serioa, Irunen, gaztelania dela. Helduok ere gure ardura hartu behar dugu, gure motxila kargatu.

Irunen, lehen hitza euskaraz eginez gero, konturatuko gara guk uste baino jende gehiagok dakiela euskaraz.

Bai, askotan uler gaitzaten jotzen dugu erdarara, eta horrek galtzen gaitu. Guk gurea egin behar dugu, eta konbentzituta dagoenak euskaraz egin behar du. Bakoitzak hartu behar du bere ardura, eta besterik gabe, euskaraz egin, ondokoak gelditu arte. Bide batez, konturatuko da momentu batean beharra duela. Hori euskaldunok bultzatu behar dugu.

Konplexua al dute Irungo euskaldunek?

Ez dakit konplexua den. Errazagoa da erdaraz bizitzea, hori egia da. Ez gaude konbentzituta hizkuntzak gorde beharreko altxorrak baino gehiago direla. Bizitzeko, gozatzeko tresnak dira. Batzuetan hizkuntza etxeko gozotasunarekin lotzen dugu soilik. Hori baino askoz gehiago da euskara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude