Gure Esku Dago dinamika joan den urtean abiatu zen, gizartearen alor guztietan herritarren erabaki-tzeko eskubidea gauzatzeko xedez. Ekainaren 8an aldarrikapen-ekintza handia burutuko da: Giza Katea Euskal Herrian. Bidasoko dinamizatzaile-taldea proiektua gizarteratzeko lanari lotu zaio.
“Herritarren parte-hartzea politikan ezin da 4 urtean behin bozkatzera mugatu: parte-hartze aktiboa izan behar du, eta alor guztietan. Hori lortzeko mugitu behar dugu: gure esku dago”. Itxasne Sagarzazuk gaingiroki azaltzen duen helburua erdiesteko herri mugimendu honekin bat egin zuen, eta Bidasoko lantaldean dihardu. Argi utzi nahi du, lehenik eta behin, dinamikaren izaera independentea dela, inongo alderdi politikorekin harremana ez duena, eta jomuga ez dela lurraldetasunari buruzko aldarrikapena egitea.
Nazioarteko legeriak jasotzen duen erabakitzeko eskubide unibertsala aldarrikatzeaz harago, gauzateko bideak eraiki nahi ditu. “Ariketa demokratikoa proposatzen dugu, jendeak erabaki dezan hain hurbiletik ukitzen dituen hezkuntza eredua eta abortoa bezalako gaien inguruan”.
Aniztasuna ezaugarri duten lantaldeak jada osatu dira eta aurerantzean ugaritu nahi dituzte ahalik eta ekarpen gehien biltzeko. “Orain bilatzen duguna da gizarteak barneratzea erabakitzeko eskubidea. Bigarren helburua jendearen aktibazioa da: parte-hartzaileek ibilbide-orri bat egingo lukete, zer eta nola erabaki nahi den zehaztuz”, azaldu du Itxasnek. Aldaketak legegin-tzako herri-ekimen baten bidez ezarriko lirateke .
“Ez gaude sistemaren aurka, hobetu nahi dugu herritarrei protagonismo handiagoa emanez”.
Giza Katea
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Giza Katea dinamikaren ekimen handia izango da. Ekainaren 8an Durango eta Iruñea arteko 123 km-ak eskutik eskura elkarturik lotuko ditu. Horretarako 50.000 lagunen atxikimendua behar da. “Bidasoko 1.200 parte-har-tzaile behar ditugu Arakiletik Itzara bitarteko tartean katea egiteko. Horixe erronka”.
Gure Esku Dago mugimenduaren Bidasoko dinamizatzaileek martxoaren hasieran hainbat jarduera antolatu zituzten Giza Katea ekimena gizarteratzeko. Martxoaren 23an egitarauko egun garrantzitsuenetako bat izango da, Giza Katerako izen-emate kanpaina abiatuko delako. Egun osoan zehar kalean jarriko diren mahaien bitartez txartelak banatuko zaizkie parte hartzea erabakitzen dutenei. Bidasoarrek Nafarroako Arakil eta Itza herrien arteko tartea eskutik oratuta lotu beharko dutenez, txartelean zehaztuko da zein metro egokitu zaion bakoitzari.
Martxoaren 29an ekimen nazionala burutuko da Bilboko La Casillan.