Irungo jangela soziala ezaguna den arren, Topaguneko erabiltzaileen kopurua handitu egin da azken urteetan. Bertan, orientatze lanak egiteaz aparte, hainbat zerbitzu eskaintzen zaizkie bazterketa egoeran aurkitzen diren pertsonei.
Goizeko hamarrak. Ospitale zaharreko atzeko aldean kokatuta dagoen Topaguneko atean hogei bat pertsona itxoiten ari dira. Bakoitzak badaki nor iritsi den lehenago eta zein den bere txanda. Leyrek atea ireki eta denak barrura sartzen dira. Beraien atzetik Borja sartzen da, eta bertako guztiei izenaz agurtu eta gero, galdera luzatzen du: “Nor izan da lehena? Badakizue, dutxa har-tzeko, txandaka dela”. Bat hurbiltzen zaio eta Borjak xaboia eta toaila bat ematen dizkio. Berehala pertsona multzoan ezaguna ez duen aurpegi bat ikusten du, eta izena galdetu ostean toaila eta xaboia ematen dizkio baita ere.
2010. urtean Irungo Udalak jangela soziala eta topagunea mar-txan jarri zituen. Urte hartatik aurrera RAIS Euskadi gobernuz kanpoko erakundearen talde batek kudeatzen du zerbitzua. “Hasieran jangela zen gehien erabiltzen zena eta dudatan ginen ea topaguneak funtzionatuko zuen”, azaldu du Feli Goikoetxeak, Esku-hartze Komunitarioaren Udal Arduradunak. Azken urteotan, aldiz, “kontrakoa” gertatzen ari da. Pasa den urtean jangelak 154 erabil-tzaile izan zituen; Topaguneak, aldiz, 391.
Irungo Topaguneko lantaldea hiru teknikarik osatzen dute; hau da, zerbitzu profesionala da eta ez borondatezko ereduan oinarritua, “balio erantsia ematen diona”. Leyre Garcíak, Borja Gamarrak eta Nadia Fabok osatzen dute taldea, egunero edonori laguntzeko eta orientatzeko prest.
Bakardadea
“Hona etortzen diren %90ek ordu asko ematen dute bakarrik, bakardadean, eta askorentzat Topagunea da besteekin erlazionatzeko duten leku bakarra”, dio Nadiak. Horrela, konpainia zerbitzua eurek egiteaz gain, Topaguneko klubak, gosaltzen duten lekuarena egiteko edo kartetan jolasteko helburua ere betetzen du.
Jangela erabiltzeko, Udaleko gizarte zerbitzuei txartel bat eskatu behar zaie; Topagunea erabil-tzeko, ordea, ez. Aski da bertara joatea. Han, Leyre, Borja edo Nadiarekin elkarrizketa bat izatea da lehenengo pausua, harrera-elkarrizketa deitzen dena. Jomuga, pertsona bakoitzaren beharrak zein diren identifika-tzea. “Batzuetan dirua eskatzen digute. Kasu horietan gizarte zerbitzuetara bideratzen ditugu; guk hemen eskaintzen dieguna denbora da, haiekin egoteko denbora”.
Lortutako lehenengo informazio horretatik abiatuta, pertsonarekin ibilbide bat diseinatzen da, eta gainditu beharreko helburu batzuk zehazten, sartuta dauden baztertze espiral horretatik atera dadin. Helburu horietako bat, adibidez, “familiarekiko harremana hobetzea izan daiteke, askotan arlo hori konpontzeak osasun edo lan arloan ondorio baikorrak lortzea suposatzen baitu”. Baina emaitzak ez dira berehala lortzen; kasu bakoitzak bere denbora eskatzen du, “prozesuaren parte diren aurrerapen eta atzerapausuekin”. Hala ere, Nadiaren aburuz, egin beharreko ibilbidea adostuz eta gauzak argi izanda, normalean, ezarritako helburuak betetzen dira. Gainera, pertsona bakoitza nahi duen teknikoarenera joan daiteke. “Ez dugu batarengana edo bestearengana joatera behartzen, erosoen sentitzen denarekin egoten da”.
Orientatze lan horietaz aparte, zerbitzu desberdinak eskaintzen dira Topagunean: gizon eta emakumeentzako dutxak, higienerako produktuak, arropa garbitzeko eta lehor-tzeko makinak (xaboia barne), Internetera konektatutako ordenagailua, prentsa, doako telefono deiak… Honetaz gain, “nahi duenak gure helbidea eta telefono zenbakia eman ditzake harremanetarako, bereak izango balira bezala”, azpimarratzen du Nadiak. Mesedegarria izan daiteke, adibidez, lan elkarrizketa batean harremanetarako datuak emateko garaian, edo curriculumean ipintzeko.
Zerbitzu hauek “helburu zehatzak” dituzte oinarrian, eta pertsona bakoitzaren “autonomia eta autoestima hobe-tzeko eta indartzeko asmoarekin” eskaintzen dira. Horrek esan nahi du ez zaiela dena eginda ematen: “Goizetan gosaltzeko behar duten guztia ematen diegu, baina beraiek dira gosaria antola-tzeko arduradunak”.
Giza berotasuna
Topaguneak eskaintzen dituen zerbitzu horietaz aparte, bertan etxeko goxotasuna ere nabarmena da. “Norbait zure izena jakitea oso garrantzitsua da, ohituta gauden gauza txiki bat da, baina hona hurbiltzen direnek asko estimatzen dutena”, dio Nadia teknikariak. Etxean bezala, batzuek kartetan jolastu edo kafe baten inguruan hitz egiten duten bitartean, beste batek egunkaria irakur-tzen du, edo pa-txada ederrean besaulkian eseri eta lo egoten. “Askok, nahiz eta ostatu batean gaua pasatzen duten, hemen erlaxatzeko aukera daukate”.
Topagunea astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00tara zabalik egoten da. Feli Goikoetxeak azaltzen duen bezala, Topagunearen filosofia “ez da pertsona baten ordu guztiak betetzea”, baizik eta “jokabide autonomoa bultzatzea”. Bere ustez Topagunera hurbiltzen direnek “ahalmen ikaragarria dute, eta gure lana makuluarena egitea da, euren ahalmen hori ikus dezaten eta kontura daitezen beraiek markatutako helburuak lor ditzaketela”. Bide honetatik, beraiek direla euren bizitzen jabe nabarmentzen du Nadiak, eta “lortutako arrakasten meritua pertsonarenak dira, eta ez profesionalarenak. Gu bakarrik haien ondoan gaude, ahal dugun heinean lagun-tzeko”.
Informazio gehigarria:
Helbidea: Urdanibia Plaza, Ospitale Zaharreko eraikina.
Telefonoa: 943 01 45 76
Joseba Zubialde