Irailaren 30ean izango da Txingudi Korrika

Urme inmobiliaria da probaren babesle berria

Iraileko azken egunean izango da aurten Txingudi Korrika herri lasterketa, hilaren 30ean. Hemeretzigarren aldiz antolatu du Super Amara-Bidasoa Atletiko Taldeak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren laguntzarekin. Aurten babesle ofizial berria du gainera, Urme higiezinen enpresa. Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko ditu lasterketak, 10km-ko ibilbidearekin. Lasterka, roller (patinak) eta handbike (gurpil-aulkiak) probak egongo dira.

Hendaiako La Florida kaian egongo da irteera, Tribord dendaren aurrean. 16:20an roller kategoriako parte hartzaileak aterako dira, eta 16:30etan, lasterkako proba nagusia. Txingudi Badiako hiru hirietako hiriguneak zeharkatuko ditu lasterketak. Helmuga, Hondarribiko Hondartza kirolegiko atletismo pistan egongo da.

Autoak Hondarribiko Kai Zaharreko aparkalekuan, edo kiroldegiaren inguruan uzteko gomendatu dute antolatzaileek. Izan ere, autobus zerbitzua egongo da, Butron pasealekuko geltokitik, irteera gunera (14:45, 15:00 eta 15:15). Gainera, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen ontziak hamabost minuturo irtengo da. Irteeran, parte hartzaileen motxilak hartu eta helmugara eramango dituen furgoneta bat egongo da.

Izen-emateak Irungo Leire Sport kirol dendan (Mendibil Merkataritza Gunean), Hondarribiko Papycop paper-dendan (San Pedro, 42), edo Bidasoa Atletiko Taldearen bulegoan (Palmera-Montero Gizarte Zentroan) egin daitezke. Internet bidez, www.kirolprobak.com web gunea da baliabidea. 10 eta 14 euro arteko prezioak dituzte izen-emateek, aldez aurretik eginez gero. Probaren egunean egiten dutenek, 18 euro ordaindu beharko du.

Izen-ematea irailaren 28a baino lehen eginez gero, Bidasoa Atletiko Taldearen egoitzan jaso ahal izango dira dortsalak (Ramon Iribarren, 4, Dunboa), irailaen 28an eta 29an, 17:00etatik 20:00etara. Gainerakoak, lasterketaren egunean emango dituzte, irteera gunean, 15:00etatik 16:15etara.

Goizean, Korrika Txikia

Txingudi Korrika Txikia ere antolatu du Super Amara-BATek, hirugarren urtez segidan. Irailaren 30ean izango da, goizez, 10:00etatik aurrera, Stadium Galeko belar artifizialeko futbol zelaian. Hamahiru urtera arteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Txikienez, gurasoen laguntzaz. Adinaren arabera, distantzia ezberdinetako lasterketak egingo dituzte. Proba bakoitza baino hamabost minutu lehenago, parte hartzaile guztiak beroketa eremuan egon beharko dute. Lasterketa guztiak doakoak izango dira, eta www.kirolprobak.com web gunean eman daiteke izena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude