Bizkarra eman dio

Erretiroa hartu du Leire Landak, belaunetako minak atzean utzi ezinik

Kolpeak jaso eta gainditu izan ditu, bata bestearen atzetik. Borrokalari petoa da. Ametsak betetzeko, lana gogotik egin beharra dagoela erakutsi dio bizitzak. Aro bakoitzak bere amaiera izaten du, ordea. Leire Landaren (Irun, 1986) eta futbolaren artekoa, udara honetan bukatu da. Ekainaren 30ean amaitu zaio kontratua F.C. Barcelonarekin, eta botak alde batera utzi ditu, behin-betiko. Azkeneko denboraldian ezin izan ditu erabili, belauneko enegarren lesioak zelaitik kanpo utzi baitu. Medikuek ondorioztatu dute Landaren belaunak ez direla “funtzionalak”. Urte beteko kalbarioa igaro ondoren, erretiroa hartzea erabaki du alboko atzelari ohiak.

Txikitako ametsa bete zuen Leire Landak 2015ean, 23 zenbakia zeraman elastiko blaugrana jantzi zuenean. Izan ere, hogei urte lehenago, 1995ean, Ivan de la Peña futbolariaren debuta ikusi zuen, ospitaleko gelako telebistan. 19 besterik ez zituen arren, burusoila zen Barçako jokalari berria. Horrek, Leire Landaren arreta erakarri zuen. Bederatzi urteko neska ere ilea galtzen ari baitzen, kimioterapia tratamenduaren eraginez. Burkitt linfomaren, sistema linfatikoko minbiziaren kontrako lehian ari zen, bete-betean. 23 zenbakia zeraman jokalari hark aurrera egiteko indarra eman zion orduan.

Behin-betiko alta 2013an jaso zuen Landak, baina ordurako, futbol ibilbide luzea zeraman bizkarrean. Oiartzunen hasi zen futbolean, lehen urratsak Txingudi Ikastolan eman ondoren. Gero, Real Sociedad, Atlético de Madrid eta Athletic Club taldeetan ibili zen. Tartean, hainbat oztopo gainditu behar izan zituen, askotan, lesioak tarteko.

“Lesioek balio izan didate konturatzeko lanik gabe ez dagoela helburua betetzerik”
Zure ibilbidea baldintzatu dute lesioek?

Kirolaren parte dira. Egia da niri behin baino gehiagotan tokatu zaizkidala, baina ikasteko ere balio izan didate. Batez ere, konturatzeko lanik gabe ez dagoela helburuak betetzerik. Gainera, jokatu dudanean asko disfrutatu dut, ametsak bete ditut, eta gauza positiboekin geldituko naiz”.

2014an, F.C. Barcelonarekin fitxaketa hitzartuta zuela, eskuineko belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen Landak, Athleticekin Erreginaren Kopako finala jokatzen ari zela, Barçaren kontra, hain zuzen ere. Elkarte kataluniarrak adostutakoa bete zuen, hala ere, eta kontratua eskaini zion. 2014/2015 denboraldiaren erdia galdu zuen, baina bueltan, De la Peñaren 23.zenbakidun elastikoa jantzi ahal izan zuen. Maila ona eman zuen, eta Liga irabazteaz gainera, Munduko Kopan parte hartu zuen urte hartan, Espainiako selekzioarekin.

Kirol helduaroan, urtetako esperientziaz baliatuta, leku finkoa egin zuen Leire Landak Barçaren hamaikakoan, 2015/2016 denboraldian. Taldeak jokatutako 19 neurketetatik 18tan parte hartuta iritsi zen 2016ko martxora. Orduan, zorigaitza bidean gurutzatu zitzaion beste behin ere. Lotailu gurutzatua hautsi zuen berriro, eta zulo ilunera bueltatu zen.

Prozesua ezagutzen zenuen. Lagundu al zintuen?

Belauneko lesioak, bereziki, oso gogorrak izaten dira beti. Ebakuntza ez da sinplea, eta osatzeko prozesu guztia zaila eta luzea izaten da. Talde kirola da futbola, baina halako lesioei aurre egiterakoan, bakardade handia senti dezake kirolariak”.

“Taldetik bananduko nindutela esan zidaten, nire belaunak ez direlako funtzionalak”

Beste urte beterako kontratua zuen Landak F.C. Barcelonarekin. Baina irailean, duela urte bete, oroitzapen latzak dakarzkion bilera eduki zuen klubeko arduradunekin. “Taldetik bananduko nindutela esan zidaten, nire belaunak ez direlako funtzionalak”, aitortu du, zuzen eta gogor: “Bi hilabete pasako nituela errehabilitazioan, baina hortik aurrera, nire bidea egin beharko nuela”. Hurrengo egunean, taldekideak agurtu behar izan zituen. Ondoren, bi hilabeteko errehabilitazioa egin zuen klubeko osasun zerbitzuarekin. “Ez didate ondo egin. Ez nago osatuta”, salatu du. Luzea egin zaio kirol sasoia, baina ekainaren 30a iritsita, amaitu da Barçarekiko zuen harremana.

Ez duzu futbolean jarraitzeko beste aukerarik bilatu?

Egia esan, nahiko nekatuta nago futbolarekin. Gaizki bukatu dut, eta nazkatuta nago, ez dut futbolarekin zer ikusia duen ezertan murgilduta ibili nahi”.

Gizarte Hezkuntza ikasketak egin ditu Leire Landak. Orain, Soziologia ikasten ari da. Bajan dago momentu honetan, baina ondoren, bere ikasketekin lotutako zerbaitetan lanean hasi nahi du. Ez du uste futbola alde batera utzita lan munduan murgiltzea bereziki gogorra egingo zaionik: “Ez naiz burbuila batean bizi izan, beti eduki dut presente egunen batean futbola bukatuko zela. Ez naiz sekula inguruko gizartearengandik aldendu. Orain lana bilatzea tokatzen da, baina gogotsu nago”. Berdegunetik urrun aurrera egingo du, beraz, Leire Landak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude