Nazioarteko lehia jokatuko du Real Unionek

Derby County talde ingelesa hartuko du, Steve Bloomer Txapelketaren lehen edizioan

Lagunarteko txapelketa antolatu dute Real Unionek eta Derby County futbol elkarte ingelesak,Stephen Bloomer (1874-1938) futbol jokalari eta entrenatzailearen lotura baliatuta. Derbyko mitoa da Bloomer, eta Real Unioneko entrenatzaile ere izan zen. Berak zuzendu zuen taldea, 1924ko Errege Kopa irabazi zuenean, hain zuzen ere. Urriaren 3an (20:00) neurtuko dituzte indarrak Real Unionek, eta Championship ligan, Ingalaterrako bigarren mailan ari den Derby County taldeak.

Futboleko lehen izarretako bat izan zen Steve Bloomer, XIX.mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran. Ingalaterrako ligako goleatzaile nagusietako bat da, oraindik ere, 317 gol sartu baitzituen 536 partidatan. Bost aldiz izan zen ligako goleatzaile nagusi. Ingalaterrako selekzioarekin, 28 gol egin zituen 23 neurketatan. Bere bihotzeko taldeko entrenatzaile izan zen, beranduago. Derby Countyko ikurra da, Steve Bloomer’s watching baita klubaren ereserkiaren izenburua.

Real Union taldea ere zuzendu zuen Bloomerrek. Hortxe bi elkarteen arteko lotura. 1923an iritsi zen, Irungo taldearen urrezko aroan. “San Esteban” ezizena jarri zioten Irungo zaleek, izan ere, 1924an, Espainiako Txapelketa, egungo Errege Kopa irabazi zuen Unionekin, Real Madrilen aurkako finala irabazita, Donostiako Atotxa futbol zelaian (1-0). Final hartan, beltzez jokatu zuen Real Unionek, jokalarietako baten senide bat zendu berria zelako. Xehetasun haren oroigarri, beltzez jokatuko du Unionek Steve Bloomer txapelketa.

Koloreen harira, Bloomerrena ez da bi taldeen arteko lotura bakarra, elastiko zuria eta galtza beltzak erabiltzen baititu Derby Countyk. Aharien elkartea (The Rams da Derby Countyren ezizena) 1884an sortu zen, Derby hirian, Derbyshire eskualdean. Bi aldiz irabazi du Ingalaterrako liga nagusia, 1972 eta 1975 urteetan, Brian Clough entrenatzaile famatuaren eskutik. Kopa eta Superkopa ere irabazitakoa da. Gaur egun, Championship ligan, Ingalaterrako bigarren mailan jokatzen du. Alabaina, bigarren mailan egonik ere, 31.000 bazkide ditu, eta Pride Park-en, 33.000 ikuslerentzako tokia duen futbol zelaian jokatzen ditu partidak.

Gure historiarekin lotzen gaituen ekimena da”
Ricardo García, Real Unioneko presidentea
Harremanaren sorrera

Steve Bloomer Txapelketaren garrantzia azpimarratu du Ricardo García Real Unioneko presidenteak: “Gure historiarekin lotzen gaituen ekimena da. Hor daukagu, eta balioa eman behar zaio”. Batzuetan, alabaina, historian arakatu beharra dago. Iñaki Alberdi zuzendaritzako kideak azaldu du “sare sozialen bidez” izan zutela Steve Bloomerren berri: “Pixka bat ikertuz, historia harrigarri honekin egin genuen topo”.

Ez genuen lagunarteko soil bat antolatu nahi”
Eneko Romo, Real Unioneko kirol zuzendaria

Derby Countyrekin harremanetan jarri ziren, eta erantzuna oso-oso baikorra izan zen, garrantzi ikaragarria baitu bertan Steve Bloomerren figurak. Aurtengo txapelketa antolatzea lehen urratsa izan da, baina kluben arteko harremanek luzaroan iraun dezaten nahi lukete. Datorren urtean Real Unionek Derbyra bisita egitea mahai gainean egon da, baina Ricardo Garcíak aurreratu du elkarteak ezin duela kostu hori bere gain hartu. Nolanahi ere, harremanak kirol arlokoak ere izan daitezen nahi luke Eneko Romo kirol zuzendariak: “Haiek jokalariren bat utzi ahal izatea, adibidez”. Ingalaterrako filialen lehen ligan du Derbyk bigarren taldea.

Txapelketaren lehen edizioa

Momentuz, Steve Bloomer Txapelketaren lehen edizioak hitzordua du, urriaren 3an 20:00etan, Stadium Galen. Partida lehiatua izan dadin nahi lukete bi elkarteek. “Lau aldaketa egin ahal izango dira. Ez genuen lagunarteko soil bat burutu nahi, hamar aldaketarekin”, argudiatu du Eneko Romok. Garaikurra egongo da jokoan, 1924ko Espainiako Txapelketaren erreplika.

Derby Countyk protokolo zehatza ezarri du, besteak beste, Rams TV telebistaren bidez zuzenean emango duelako norgehiagoka. Data txarra dela aitortu du Iñaki Alberdik, eta hurrengo baterako, udaran antolatzen saiatuko direla: “Modu horretan, Ingalaterrako zale gehiago etorriko lirateke”. Bakar batzuk espero dituzte, dena den. Irungo eta inguruko zaleei dagokienez, bazkideak doan sartu ahal izango dira, eta bazkide ez direnek, 5, 10 eta 15 euro arteko sarrera ordaindu beharko dute. “Galek itxura ona izan dezan nahi genuke”, adierazi du Garcíak. 18:30etan, partidaren aurretik, talde guztien aurkezpena egingo du klubak.

Emaitza onak ligaren hasieran

Indartsu ekin dio Real Unionek aurtengo ligari. Emaitzei dagokienez, bederen, jokoak ez baitu distira handirik izan. Hala ere, talde sendoa eta eraginkorra da txuribeltza. Lau garaipen lortu ditu lehen zazpi jardunaldietan, eta multzoaren buruko taldean dago. Bosgarren da, 13 punturekin.

Aldaketa handirik ez da izan, jokalariei dagokienez, eta entrenatzailea ere, iazko berdina da, Asier Santana idiazabaldarra. “Sentsazio onak transmititu ditu taldeak, partida onak egin ditu”, adierazi du, ligako lehen hitzorduei buruz. Entrenatzailearekin ados dago Eneko Romo kirol zuzendaria ere: “Hasierak beti izaten dira zailak, baina nik uste dut oso txukun ari garela, jardunaldi gehienetan izan garela partiden jabe”. Aurrera pausoak ematen jarraitzeko aukera ona izango da Derby Countyren kontrakoa, maila handiagoko taldea baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude