Letxunborro hiribidean oinezkoen irisgarritasuna eta argiztapena hobetuko ditu Obra arloak

Obra arloak jakinarazi du arkitektura-oztopoak kentzeko kanpaina berri bat egingo dela. Oinezkoen pasabideak hobetzeko jarduketak dira, haiek egokituz eta pasabide berriak sortuz. Oraingo honetan, Letxunborro hiribidean egingo dira, Ibis hotelaren biribilgunearen eta Café Irunen biribilgunearen artean.

Cristina Laborda ordezkariak azaldu duenez, «pixkanaka egokitzen ari gara espaloi beheratzeak eta oinezkoen pasabideak, irisgarritasun-planean oinarrituta. Aldian behin egiten ditugun kanpainak dira; izatez, Letxunborro hiribidean ekin diogu honi, baina hurrengoa dagoeneko pentsatua dugu, aurrekontu parte-hartzaileen barruan. Formatu txikikoak dira, baina balio handia dute, oinez ibiltzea errazten eta arazoak saihesten baitituzte, batez ere mugitzeko gaitasuna murriztuagoa eduki dezaketenengan pentsatuta».

Obra arlotik adierazten denez, hiriko oinezkoen pasabide gehienetan espaloia beheratuta dago, baina, hala ere, eta haietako gehienak indarrean dagoen araudiaren aurretik egin zirenez gero, ertzak oraindik ere altu samar dituzte, eta horrek zailtasunak sortzen ditu oinezkoen ibilian.

Letxunborro hiribidean, zehazki, zenbait lokal komertzial ireki dira, eta bertatik ibiltzen diren oinezkoen kopuruak gora egin du. Etxebizitza-guneak eta jarduera komertzialeko guneak elkarrekin lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide jarraitu bat sortu ahal izateko, sei zebrabide berri instalatu nahi dira, espaloia beheratuta, lotura seguru eta irisgarriak sortzeko. Irisgarritasuna hobetuko da, halaber, Ibis hotelaren biribilgunetik gertu dauden bi zebrabideetan.

Proposatutako jarduketarekin, oinezkoentzako ibilbide jarraitu bat sortuko da Pozuetakogaina eta Aranibarko bizitoki-eremuaren artean. Bertara iristeko zebrabide semaforodun bat eta espaloi bat daude, 2017an eginak. «Horrela, oinezkoentzako ibilbide seguru eta irisgarriago bat indartuko dugu, Katea auzotik Urdanibia auzoraino, hala auzokoentzat nola bertan lan egiten dutenentzat», adierazi dute arlokoek.

Construcciones Lefesa SL enpresak egingo ditu lan horiek guztiak, eta exekuzio-epea bi hilekoa da. Lanak datorren astean hasiko dira, eta 41.079,50 euroko aurrekontua dute.

Hori ez da izango, gainera, Letxunborro hiribidean egingo den jarduketa bakarra, aurreikusita baitago bideko argien ordez LED argiak jartzea, teknologia hori hiri osora zabaltzeko kanpainaren barruan. Lan horietan, argiak desmuntatuko dira, eta argi-puntu berriak jarri, kableatu eta konektatuko dira. ETRA Norte enpresa arduratuko da lanak egiteaz, eta 33.868,99 euroko aurrekontua dute.

Eraginkortasun energetikoa
Letxunborro hiribideko argiterian egingo den jarduketa horrekin lotuta, Obra arloak hiriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko proiektuak idazteko agindu du, hiri osoko berrogei bat argi koadrori dagokienez. «Udalak urteak daramatza LED argiak hiri osora zabaltzeko lanean, argiteria-sistemak konponbide ekologikoagoekin berrituz, eta urrats honekin jarraipena eman nahi diogu jasangarritasunaren aldeko apustu horri».

Argiteria publikoaren energia-eraginkortasuna hobetuta, kontsumoa, argi-kutsadura eta CO2 emisioak murrizten dira. Udalak hasi berri duen ekimen honetan, egungo egoeraren diagnostikoa egingo da, alternatibak aztertuko dira eta dagozkion exekuzioproiektuak idatziko dira, bertan sartuta aurreztutako energia eta egungo kontsumoarekin alderatuta aurrezten den ehunekoa.

Jarduketa honen aurreikusita eragin-esparrua aginte eta kontroleko 40 zentro dira. Horietatik, hiriko hainbat kaletako 3.190 argi-puntu elikatzen dira. Proiektua lizitazio-fasean dago, eta 79.860 euroko aurrekontua du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude