Iñigo Ariztimuño, Real Unioneko jokalaria: “Irundarra izanik, harrotasunez jaso dut nire hiriko taldean debutatzeko aukera”

Iñigo Ariztimuño aurtengo denboraldian lehen taldearekin debutatu duen jokalari irundarra da. Behe mailetako jokalari zenean noizbait hiriko lehen taldearekin jokatzea amesten zuen arren, urrutiegi ikusten zuen. Aitor Zulaika entrenatzaileak bere alde egindako apustuak eta lehen taldeko kideen esperientziak ametsa errealitate bihurtzen lagundu diotela azaldu du Ariztimuñok.

Harrobitik zatoz eta Irundarra izanik, zer sentitzen duzu Real Unionekin debutatu ostean?
Lehenik eta behin harrotasuna. Irundarra izanik, harrotasunez jasotzen da zure hiriko taldean debutatzeko aukera izatea. Bestetik, poz itzela, lan asko egin ostean fruituak jasotzeko ordua iristen denean poztasuna eragiten dizu.

Askorentzat ametsa lehenengo mailan jokatzea izango da. Zuretzat, ordea, Real Unionen jokatzea ametsa zen?
Bai noski, Irungoa naizenez, nahiz eta Irunen afizio gutxi izan, Real Unionen jokatzen dugu guztiok badakigu honeraino iristea amets bat dela eta poztasunez amets bat bete dudala esan dezaket.

Pandemia garai zailagoa bada ere, berriro ikusleak erakartzen hasi zaretela nabaritu duzue?
Bai, taldea oso denboraldi ona egiten ari dela ikusi da eta jendea mugitzen hasi da. Harrera onak egin dizkigute, hortaz, oso pozik gaude. Emaitzei dagokienez, azken bi urteak ez dira klubaren onenak izan, baina aurten gauzak guztiz aldatu dira. Jendeak taldearen lorpenak eskertzen dizkigu eta zelaira sartzea ezinezkoa den arren, sarreran harrera politak egiten dizkigute.

Denboraldi hasieran entrenatzen hasi zinenean, taldea maila honetara iritsiko zela espero zenuen?
Bai, egia esan. Denboraldiaurrean etorri nintzen partidu bakarra jokatzeko eta aldaketa asko ikusi nituen. Fitxaketa berri asko egin ziren eta maila ona zeukatela ikusi nuen. Zelaian denborak erakutsi du taldeak asko hobeto duela eta gauzak ondo egin dituela.

Nolakoa izan da taldera batzeko prozesua?
Denboraldiaurrean partidu bakarra jokatu nuen taldearekin. Ataldearekin, abenduan entrenatzen hasi orduko lesionatu nintzen eta. Itzuleran klubeko taldeen arteko partidua jokatu nuen eta oso ondo moldatu nintzenez Aitorren konfiantza osoa irabazi nuen eta, hortik aurrera, egunero taldearekin entrenatzen hasi nintzen. Lehenengo deialdia Barakaldokoa izan zen eta taldearekin denbora asko eman ostean, azkenean zelaira sartzea lortu dut.

Nola jaso zenuen lehen taldearekin jokatzeko deia?
Hasiera batean ez zegoen aurreikusita nik lehen partidu hura jokatu behar nuenik. Norbait lesionatu zen eta ohean nengoenean deia jaso nuen. Azkar batean etorri behar izan nuen PCR proba egiteko. Deia poz handiarekin hartu nuen eta hortik aurrera entrenamenduetan dena ematen ahalegindu naiz.

Zein postutan jokatzen duzu normalean?
Beti jokalari balioaniztuna izan naizela esango nuke, nahiz eta gehienetan hegalean jokatu. Entrenamenduak hegalean eta zentroan egin ditut, beraz, entrenatzaileak erabakitzen duen posiziora moldatzen naiz.

Zuk zeuk hobekuntza nabaritu duzu Aitor Zulaika eta lehen taldearekin entrenatuta?
Bai, asko nabaritzen da. Lehen entrenamendura iritsi nintzenean mailarekin zur eta lur gelditu nintzen. Aldaketak hobetzen jarraitzeko balio izan didala konturatu naiz eta, horretarako, gainontzeko jokalari onen laguntza oso baliagarria izan da.

Zu harrobiko jokalaria izanda, nolakoa da taldearen barnean maila altuko jokalariekin duzun harremana?
Nahiko normala dela esango nuke. Azken finean, beste jokalari baten antzera tratatzen naute. Beharrezkoa denean exijitzen didate eta gauzak ondo egiten ditudanean esaten didate. Argi dago haien ibilbidea gainontzeko jokalarientzat eredu direla, beraz, ikasteko oso lagungarriak dira.

Bigarren taldean zaudetenean, gauzak ondo eginez gero, lehen taldera salto egiteko aukera ikusten duzue?
Bai, bai. Gutxi gorabehera harrobiko bost jokalari gara egunero lehen taldearekin entrenatzen dugunok, baina entrenatzaileak bigarren taldeko jokalari gehiagori lehen taldearekin entrenatzeko aukera eman die eta eskertzekoa da.

Irundarrak lehen taldera igotzeak hirian zaletasuna berreskuratzen lagunduko duela uste duzu?
Bai, izan liteke. Azkenean jokalarien kuadrilla edo ezagunak erakartzen laguntzen du. Dena den, taldeak egun duen maila ikusita, jendea berdin berdin etorriko zela uste dut.

Igoera fasean sartzea ezinezkoa izan bezen ere, hurrengo hiru jardunaldiak irabazi zenituzten?
Kalkuluak eginda eta entrenatzaileak horrela transmititu digu, oraindik ez dagoela bermatuta datorren urtean taldeak Lehen Federazio Mailan jokatuko duenik. Azkenaldian lortutako emaitza onek helburura hurbiltzen lagundu gaituzte.

Jokatzeko dauden neurketetan zer hobetu beharko luke taldeak?
Orain arte egindako lana mantentzearekin nahikoa izango dela uste dut. Bide beretik jarraitu behar dugu hiru partiduetan emaitza onenak lortzeko. Bederatzi puntu gehiagorekin amaitzea lortzen badugu, ahal den moduan ospatuko dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude