Ruiz de Eguinoren obra ezagutzeko bisita gidatua berriro eskainiko da

Aurreko hiruek izandako harrera ona ikusita, Kultura arloak jakinarazten du igande honetan, maiatzak 9, berriz ere eskainiko dela «Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa» erakusketaren bisita gidatu bat, Menchu Gal aretoan. Bisita 12:00etan izango da, eta artistak eta erakusketaren koordinatzaileak berak zuzenduko du. Bisitara joateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea cultura@irun.org helbidera idatzita edo 943 50 54 08/07 telefonoetara deituta. Bisitaren kalitatea zein segurtasun-neurriak betetzen direla bermatzeko, gehienez ere sei pertsonak parte hartu ahal izango dute bisitan.

«Ruiz de Eguino: bat eta askotarikoa» erakusketak artista donostiarraren sormen-lana errepasatzen du 80ko hamarkadatik gaur arte, eta 58 artelan biltzen ditu (14 eskultura eta hainbat neurritako 44 pintura). Horien artean, «Tetradimensional» izeneko margolana, San Telmo Museoak erakusketa honetarako lagatakoa. Erakusketak eskainitako ibilaldia 80ko hamarkadaren hasieran abiatzen da, Ruiz de Eguinok espazio plastikoarekiko zuen interesean ardaztuta. Areto txikian ikusgai dauden obretan agerikoak dira artistaren egungo metodoa eta esploratzeko interesgaiak (hala nola, «espazio iluna» edo dimentsionalitatea). Artista bera arduratu da erakusketa koordinatzeaz. Erakusketa Menchu Gal Aretoaren ohiko ordutegietan bisitatu ahalko da, ekainaren 6ra arte:
– ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara
– igandeetan eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude