Iñaki Ruiz de Eguinoren obrak Menchu Gal aretoan ikusgai egongo dira ekainaren 6ra arte

Asteazken honetan, Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek “Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa” erakusketa aurkeztu du. Autorearekin berarekin batera, martxoaren 26tik ekainaren 6ra bitartean Menchu Gal aretoan erakusgai egongo diren lanen bilduma ikusten izan da.

“Ez da lehenengo aldia Iñaki Ruiz de Eguinok Menchu Gal aretoaren proposamenen batean parte hartzen duena, baina bada artista gonbidatu gisa parte hartzen duen lehenengo aldia; arteari eskainitako gune hau bete dute haren lanek. Maila handiko pintura eta eskulturen askotariko bilduma bat da emaitza, aretoko erakusketen denboraldiari hasiera emango diona”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.

“Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa” erakusketak donostiar artistaren sorkariak errepasatzen ditu, 1980ko hamarkadatik aurrera, eta, guztira, 58 lanek osatzen dute (hamalau eskulturak eta formatu desberdinetako 44 pinturak); tartean, Tetradimensional koadroa dago, San Telmo Museoak erakusketarako laga baitu.

Erakusketak egiten duen errepasoak 1980ko hamarkadako lehenengo urteetan egindako lanak ditu abiapuntu, zeinek espazio plastikoan jartzen duten arreta. Gela txikian, berriz, egungo ikerketa metodoa eta gaiak lantzen dituzten piezak daude erakusgai, hala nola “espazio ilunaren” eta beronen dimentsionaltasunaren ingurukoak. Artista bera arduratu da erakusketa koordinatzeaz. Ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara bitartean egongo da zabalik erakusketa, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era bitartean. Pandemiaren ondorioz hartu behar izan diren neurrien artean, aretoaren edukiera murriztu da, gel hidroalkoholikoa jarri da, maskara nahitaez erabili beharra ezarri da…

Bizitza eta obra

Eskultorea, margolaria, grabatzailea, idazlea, arte kritikaria, erakusketetako komisarioa eta hizlaria: adierazpen artistikorako askotariko baliabideak lantzen ditu Ruiz de Eguinok, hala nola marrazkia, pintura, eskultura, grabatua, fotografia eta materialekiko esperimentazioa. Haren lanean, zorroztasuna, koherentzia eta independentzia nabarmentzen dira, artearen merkatuaren interesak alde batera utzita. Zaragozako Arte Eskolan trebatu zen Ruiz de Eguino. Hasieran, eskultura eta pintura ikasketa akademikoak egin zituen, baina, berehala, abstrakzioaren eta geometria plastikoaren esparruan lan egitea erabaki zuen.

Figurazioan hasi zen margolari, 1969an, baina bere obrak azkar eboluzionatu, eta, 1972-1975 artean, espresionismo abstraktura jo zuen, “espazio plastikoaz” interesatuta. Eskulturaren esparruan, gaztetatik, Jorge Oteiza, E. Chillida, Françoise Morellet, N. Basterretxea, Venancio Blasco, Guinovart, César Manrique eta beste artista batzuen adiskide izan zen Ruiz de Eguino. 21 urte zituela, Euskal Pinturaren Sari Nagusia eman zioten. Arte azoketan, bienaletan, mugimenduetan eta ekintzetan parte hartzen du, aktiboki parte hartu ere, beste artista batzuekin batera, eta sari ugari irabazi ditu, bere herrialdean zein nazioartean.

1970eko hamarkadatik aurrera, hainbat lekutan erakusgai egon dira haren lanak: Iruñean, Nafarroako Museoan; Salamancako Museoan; Donostian, San Telmo Museoan; Logroñon, Errioxako Museoan; Rio de Janeiron, Brasilgo Arte Ederren Museo Nazionalean; Mexikon, Alvar Carrillo Museoan; Bartzelonan; Bolonian; Bruselan; Madrilen; Miamin; New Yorken; Parisen; Kolonian; Wiesbadenen? 1988tik aurrera, eskultura handiak jartzen ditu autoreak, naturagune zein hiriguneetan. “Bakartasun espazialaren” ideia du bere lanaren oinarri. Eskultura “ibilgarriak” sortzeagatik ezagun egin da: jendea barruan ibil daitekeen eskulturak, jendearen eta eskulturen beren arteko interakzioari bide ematen diotenak.

1980ko hamarkadatik aurrera, nazioarteko arte panoramako artista geometriko eta neokonkretu garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Bakarkako 130 erakusketa baino gehiago egin ditu, hainbat herrialdetan, eta taldekako 400 baino gehiago. Haren obra Europako zein Ameriketako museoetan ikusgai dago, eta mundu osoko bilduma pribatu entzutetsuen parte da. Artistak lan intelektual garrantzitsua ere egin du Espainiako Estatuan, arte kritikari eta teoriko gisa, eta komisario ere aritu da hainbat erakusketatan: J. Sorolla, I. Zuloaga, F. Iturrino, D. Regoyos, Vázquez Díaz, J. Oteiza, F. Morellet, Euskal Geometrikoak, XIX. mendeko artista euskaldunak Erroman, pintura katalana. Azkenik, maisu klasiko handien erakusketetan ere lagundu du, hala nola Jusepe Ribera eta Valdés Lealen gainekoetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude