Diego San José gidoilari irundarrak Komedia Telesail Onenaren Feroz saria jaso du

Diego San Josék komedia telesail onenaren Feroz saria jaso du “Vamos Juan” telesailarengatik.
Telesailaren bigarren denboraldia 2020ko martxoaren amaieran estreinatu zen, konfinamendu erdian. Saria jasotzerako orduan gidoigile irundarra eskerrak emateko hitzaldian bere jaioterria gogoratzeko tartea aurkitu zuen, hitzaldiaren amaieran oihartzun berezia izan duten “aupa Irun, gora San Marcial” hitzak ahoskatuz.

Feroz sariaren bitartez zure lana eta esfortzu guztia saritu dela uste duzu?
Bai, oso erraza da sariek garrantzirik ez dutela esatea, baina, noizean behin sariren bat jasotzea beharrezkoa dela uste dut. Honela, babesa sentitzeaz gainera, lana egiterako orduan izandako zalantzak edo gauzak gaizki egiteko beldurra gainditzea lortzen dugulako eta, gutxienez, egun batzuetan zehar galdutako ziurgabetasunak usatuz konfiantza berreskuratzea lortzen dugulako.

Sariak oihartzuna izan du Irunen sari-banaketan zure jaioterriari egin zenion aipamenarengatik?
Feroz saria jasotzerakoan eman nuen hitzaldiak ez dut uste sare sozialetan hainbesteko oihartzuna izan duenik. Bai ordea, sari-banaketaren ostean aspaldia haiekin hitz egiten ez nuen jende ezagun asko nirekin kontaktuan jarri dela nabaritu dut. Horien artean, Irungo Anakako eskolako ikaskideak izan zirenak edo nire auzoa izan zen San Miguel auzoko bizilagunak nirekin harremanetan jarri dira, azken finean, urteren poderioz pertsona askorekin harremana galdu dudala konturatu naiz. Beraz, Feroz saria jasotzeak, beste gauza batzuen artean, aspaldian hitz egin ez nuen jende ezagunarekin harremana berreskuratzeko aukera ematen dit. Horrela, iraganean nire lagunak izan ziren pertsonak egun oraindik nire lorpenak jarraitu eta horiengatik pozten direla egiaztatu ahal izan dut.

Hortaz, Irungo hiriarekin lotura hori mantentzea gustuko duzu?
Bai, izan ere, bereziki ezaguna edo handia ez den Irun bezalako leku batean jaiotzen zarenean, noizbehinka zure hiria gogoratzea pozgarria dela uste dut. Jende askok Irun hitzez ezagutu edo entzuna du, baina, gutxi dira noizbait bertan egon direnak. Adibidez, guztiok Madril bezalako hiriak ezagutzen ditugu eta azalpen gutxi eman behar da horrelako hiri handien inguruan hitz egiteko. Horregatik, besteei Irun ezagutarazteko aukera aprobetxatzeaz gainera, nik neuk nire hiria gogoratzeko modua dela uste dut.

Laster Irundik bisita egiteko asmoa duzu?
Jende askori gertatzen zaion moduan, joan den urteko martxotik etxera itzultzeko gogo asko dauzkat, baina, bidaiak ahal zein beste murrizteko ahalegina egiten ari naiz nire gurasoak babesteko. Gabonetan etxera itzuli nintzen, munduko segurtasun neurri guztiak hartuz, nahiz eta horrelako bidaiek esfortzu eta ardura berezia eskatzen dute. Horregatik, nire gurasoek txertoa jasotzea gustatuko litzaidake, nire bisitek haiek arriskuan jarri ez ditzaten.

“Vamos Juan” pandemia hasieran estreinatutako telesaila izan dela nabaritu duzue?
Ez nuke esan nahi pandemia lagungarria izan zaigunik, pandemiak orokorrean gauza negatiboak direlako. Hala ere, etxean giltzapetuta egon ginen hilabete horietan telesailak, filmak edo fikzioa oso lagungarriak izan ziren etxeko lau paretetatik ateratzeko. Berezia izan zen horrelako une kezkagarri eta zalantzagarri batean komedia telesaila estreinatzea. Nire ustez, barre egiterakoan beldurrak usatzen ditugu, eta une konplexuetan komedia kontsumitzea lagungarria izan daiteke.

Zailtasunen gainetik, sariek kultura ekoizten jarraitzen dela oroitarazten diote gizarteari?
Bai, ezinezkoa da kultur ekoizpena guztiz etetea, kultura gizartearen arima, memoria eta lekukoa baita. Liburu edo dokumentazio historikoaz gainera, kultura denboran atzera egiteko modua izan daiteke. Hortaz, ezinezkoa iruditzen zait kultura guztiz etetea, hau da, gizartean antzerki, film edo bestelakoen ekoizpenarekin amaitzea.

Oraindik gizartean gidoigileen lana behar beste aintzat hartzen ez dela uste duzu?
Pixkanaka irudi horrekin apurtzen ari garela uste dugu. Esaterako, Ingalaterran edo Estatu Batuetan gidoigileen lana gehiago goraipatzen da. Azken finean, gidoigileen lana inoiz ez zuzendari baten lana bezain ezaguna izango. Dena den, horrelako sarien bitartez gidoigileen lana zabaltzeaz gainera, gure ekoizpenak ezagutarazten dira, ordura arte ezagutzen ez zituzten pertsonen belarrietaraino iritsiz. Horrela, jendea orain arte gidoigileei kasu gutxi egiten zitzaigula konturatu da.

Gidoigileen altxorrak ideiak dira. Nola moldatzen zara ideiak falta zaizkizunean?
Gidoigileentzat okerrena egun txar bat izatea da eta, ondorioz, lanerako txarra izango den aste oso batean bihurtzea. Bestetik, gidoigile gisa, egun bereziena benetan ideia onak edo gauzak bururatzen zaizkizun eguna da, beraz, ideiak falta diren egun horiek kudeatzen ikasi behar dugu. Adibidez, pelikula batek bataz beste ordu eta erdiko iraupena badu, normalean, urte osoko lana behar da. Izan ere, urte oso batean badira ideiarik gabeko momentuak edo azkenean ezertarako balio ez dutenak.

Zure gidoiak idazterako ideiak bilatzerakoan, inoiz Irunen horretarako inspirazioa aurkitu duzu?
Ez, ez zehazki. Azken finean nire iragana besterik ez da. Dena den, gure iragana eta jaioterriak gure izateko modua baldintzatzen dituela uste dut. Hortaz, Irunen bizitako garaik egun nire izateko eta pentsatzeko eran iragana izan zuela esango nuke, horregatik, ez dut Irunen pentsatu behar, ni neu Irun naizelako eta nire behatzetan dagoelako zerbait idazten dudan bakoitzean.

Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Borja Cobeagarekin telesail berri bat idazten ari naiz, fikzioan eta komedian oinarrituta dagoena. Telesail hori urte honen amaieran grabatu eta datorren urtean estreinatu beharko litzateke. Hortaz gain, dena ondo badoa, hemendik gutxira joan den urtean idatzitako komediazko film baten grabaketa hasi beharko litzateke eta datorren urtearen hasieran estreinatuko litzateke. Beraz, gauzak horrela, 2022. urtean pare bat proiektu estreinatuko ditudala dirudi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude