Bioterra 2026 azokak 50 ekintza baino gehiago bilduko ditu Ficoban bizimodu jasangarria bultzatzeko

Bioterra Euskadiko azoka ekologikoak bere 23. edizioa ospatuko du ekainaren 5etik 7ra Ficoba erakustazokan, Irunen. “Irauten duena zaintzen dugu” lelopean, edizio honek bizimodu ekologikoago, kontzienteago eta planetarekiko adeitsuago baten aldeko apustua egiten duten pertsonen topagune izaten jarraituko du. Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, 2026ko edizioak elikadura ekologikoan, pertsonetan eta jakintzan jarriko du arreta nagusia, aurreko urteetako nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza eta kontsumo arduratsua bezalako oinarriak sakonduz eta ongizatearen zein bizi-kalitatearen arloak txertatuz.

Aurten, azoka-guneak arlo askotariko 120 enpresa erakusle inguru bilduko ditu, hala nola elikadura organikoa, energia berriztagarriak, kosmetika naturala, moda jasangarria eta bioerakuntza jorratzen dituztenak. Bioterrak estatu mailako enpresak erakartzeko duen gaitasuna agerian geratu da berriro ere; izan ere, parte-hartzaileen % 52,5 Euskadi eta Nafarroakoak diren bitartean, gainerako % 47,5 Andaluzia, Katalunia eta Madril bezalako erkidegoetatik iritsiko dira, eskualde bakoitzak guztizkoaren % 8 inguru osatzen duelarik.

50 jardueratik gora

Azokak 50 jarduera baino gehiagoko programa zabala eskainiko du, hiru eremu tematikotan banatuta. Lehenengo pabiloian kokatutako Amalurra guneak osasun integrala eta zahartze aktiboa izango ditu ardatz Adinberri fundazioaren topaketari eta mindfulness saioei esker, eta bertan ingurumen-erronkei buruzko “Hope! Estamos a tiempo” dokuseriearen kapitulu berriak proiektatuko dira. Bigarren pabiloian, Sukaldean gunea gastronomia ekologiko eta hurbilekoaren bilgune bihurtuko da zuzeneko erakustaldiekin; iazko arrakastaren ostean, olio ekologikoaren dastaketak errepikatuko dira eta, aurten lehen aldiz, gazta-dastaketak ere egingo dira.

Hirugarren pabiloiak Eskuz Faktoria tailer praktikoen gunea hartuko du, non kosmetika naturala, xaboien elaborazioa, birziklapena edota ohiko lanbideak ikasteko adin guztientzako aukerak egongo diren. Horrez gain, jarduera berezi ugari antolatu dira astebururako, hala nola Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten merkatua, Bioterra Yoga Day saioaren hamargarren urteurrena, zigarro-punten bilketa sentsibilizatzeko Colillatón ekimena eta eskualdeko gazteei zuzendutako “Gazteak On: Elikadura Erronka” lehiaketaren sari-banaketa.

Etxebizitza osasungarriak

Adibidez, Bizi Bide elkarteak —FM (fibromialgia), ME/CFS (entzefalomielitis mialgikoa/faktiga kronikoaren sindromea), MCS (sentikortasun kimiko anitza) eta EHS (elektrosentikortasuna) sindromeek eragindako pertsonen eta familien bizi-kalitatea hobetzeko orientazioa, informazioa eta aholkularitza eskaintzen duenak— bere txokoa izango du hiru egunetan zehar azokan, patologia hauei ikusgarritasuna emateko. Postu fisikoaz gain, elkarteko Junkal Ruiz de Apodakak hitzaldi bat eskainiko du ekainaren 7an, igandea, eguerdiko 12:30ean Amalurra gunean. Hitzordu horretan, etxebizitzaren inguruneak osasunean nola eragin dezakeen eta zein faktorek baldintzatzen duten aztertuko du Ruiz de Apodakak. Bertan, airearen kalitatea, materialak eta etxeko giro-baldintzak hobetzeko jarraibide praktiko eta errazak aurkeztuko ditu, betiere ongizatea eta atsedena erraztuko duten gune osasungarriagoak sortzeko helburuarekin.

Omenaldietarako tartea

Edizio honetan, Bioterrak azokan hamar urtez modu leialean parte hartu duten hainbat enpresa eta erakunderi aitortza egingo die, eta omenaldi berezia eskainiko die Eneek-Ekolurri bere 20. urteurrenean eta NNPEKri 30 urteko ibilbideagatik. Azokara joan nahi duten herritarrentzat sarrera erabat doakoa izango da, aldez aurretik webgunean deskargatuta, eta guneak doako aparkalekua duen arren, antolakuntzak garraio publikoa edo jasangarria erabiltzea gomendatzen du, topo geltokia Ficoba ondoan baitago. Azkenik, azoka pet friendly izango da eta ordutegia 10:00etatik 20:00etara luzatuko da ostiral zein larunbatean, eta 19:00ak arte igandean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude