Maïa Permaculture kooperatibak eta eskualdeko elikadura-taldeek (Labore Txingudi eta Hendaiakoop) bultzatutako “Gazteak On: Elikadura Erronka” lehiaketa fase erabakigarrian sartu da. Gaurtik aurrera, eta maiatzaren 29ra bitartean, herritarrek gazteek sortutako bideoak ikusteko eta gogokoenaren alde bozkatzeko aukera izango dute. Bigarren edizio honetan, Irun, Hendaia eta Hondarribiko 150 ikasletik gora inplikatu dira, guztira 21 proiektu aurkeztuz. Ekimenaren helburua belaunaldi berrien ahotsa elikadura ereduaren eztabaidara ekartzea da.
Lehiaketak bi sari nagusi banatuko ditu: alde batetik, herritarren saria, orain ireki den bozka irekiaren bidez erabakiko dena; eta bestetik, epaimahai espezializatu baten saria. Iazko edizioan 1.173 bozka jaso ziren, eta aurten, parte-hartzeak gora egin duela ikusita (iaz baino ikasle gehiago aritu baitira), antolatzaileek marka hori gainditzea eta komunitatea elikaduraren inguruko hausnarketan gehiago inplikatzea espero dute.
Sari banaketa
Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 5ean izango da Ficoban, Bioterra azokaren baitan. Maialen Gaztañaga azokako zuzendariak azpimarratu duenez, funtsezkoa da gazteei ahotsa ematea elikadura eredu kontzienteago bat eraikitzeko, eta proiektu honek primeran egiten du bat Bioterraren balioekin. Gipuzkoako Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako IDEIAK egitasmoak babestutako ekimen honek 2022tik darama pedagogia eta elkarlana sustatzen eskualdeko hezkuntza-komunitatearekin batera.



