Irunek soinu berri bat du kaleetan barrena: Txintxarri txaranga. Energia berrituarekin ekin dio bere bideari, musika eta adiskidetasuna uztartuz. Hamabost kide gaztek osatua, talde misto honek jai giroa alaitzea du helburu nagusi, kontserbatorioan ikasitakoa modu askeagoan plazaratuz. Hasiera arrakastatsua izan dute, eta dagoeneko hainbat emanaldi eskaini dituzte, Ane Aristizabalek eta Noa Caverok elkarrizketa honetan azaldu diguten bezala.
Noiz eta nola sortu zen Txintxarri txaranga?
Noa: Beno ba, aspaldi txaranga bat sortzeko ideia izan genuen eta, asmo horrekin, bereziki horretarako, Whatsapeko talde bat sortu genuen, baina azkenean lehen ideia hori ez zen aurrera atera. Hilabete batzuk igarota, ideia berriro berreskuratzea pentsatu genuen eta jada Whatsapp txaransortua genuenez, berriro bertan idatzi genuen eta, oraingoan bai, aurrera atera da. Orain dela hilabete batzuk ekitaldiak egiten hasi gara eta horrela jarraitzen dugu.
Gutxi gorabehera, zenbat zarete taldean eta zein instrumentu jotzen dituzue?
Ane: 15 kidek osatzen dugu txaranga eta 16 eta 20 urte bitartekoak gara. Normalean hemen Urdanibia plazan dagoen kaperan entseatzen dugu, igandero. Dena den, emanaldia dugunean lehenago elkartzen gara beste errepaso bat emateko.
“Gure beste helburuetako bat euskal musika eta kultura zabaltzen laguntzea da, beraz, Euskal Herri osoan jotzeko prest gaude”
Ane Aristizabal, Txintxarri txarangako kidea
Zergatik aukeratu zenuten txintxarri hitza zuen txarangari izena jartzeko?
Ane: Txaranga sortzen hasi ginenean, udara aldera, barbakoa bat egin genuen Aiako Harrian. Txarangarentzako izena eta kolorea pentsatzen hasi ginen eta aukera mordo bat genuen buruan. Norbaitek txintxarri hitza proposatu zuenean asko gustatu zitzaigun eta gainera bertan behien artean ginen, txintxarriak entzuten, beraz hori aukeratu genuen, originala iruditu zitzaigulako.
Oraindik zuen emanaldietara gerturatu ez direnentzat, zein musika mota entzun ahalko dute Txintxarri txarangan?
Noa: Ba apur bat denetik, euskarazko eta gaztelerazko abestiak. Jo nahi ditugun kantekin zerrenda bat osatzen dugu, gero horiek ikasteko behar ditugun partiturak bilatzen saiatzen gara.
Ane: Geroz eta kanta gehiago ikasten eta abesten saiatzen gara, pixkanaka gure errepertoriora abesti berriak gehitzeko. Baina bai, orokorrean beste txarangetan entzun daitezkeen abestiak jotzen ditugu guk ere.
Gehienak kontserbatorioan ikasitakoak zaretenez, txaranga batean aritzea oso ezberdina dela konturatu zarete?
Ane: Txarangako kideen % 90 inguruk kontserbatorioan ikasi dugu eta bertan sortu zen gure adiskidetasuna eta elkarrekin txaranga bat sortzeko ideia. Hain zuzen ere, kontserbatorioan ikasi dugu txaranga bat aurrera ateratzeko jakin beharreko guztia: instrumentu bat jotzen ikasi eta ikasketa antolatzen edo partiturak irakurtzen jakitea. Egia da, gainontzekoan, kontserbatorioak eta txarangak ez dutela zerikusirik. Txarangako giroa alaiagoa da, azkenean adiskideen artean zaude eta hori bera da gure helburua: musikaren bitartez gure inguruko giroa alaitzea.
Noa: Egia da ere txarangan presio txikiagoa duzula, kontserbatorioan ari zarenean gauzak oso ondo egin nahi dituzu eta horrek presioa dakar atzetik. Txarangan berriz, libreago sentitzen zara eta nabari da ondo pasatzeko giro batean zaudela.
Nola joan dira orain arte eskainitako lehen emanaldiak?
Ane: Oso gustura egon gara. Hasieran uste genuena baina arrakasta handiagoa izan dugu, jakin badakigu hasierak zailak izaten direla. Gure kasuan emanaldi asko egin ditugu, lagun eta familiaren babesarekin, eta oso gustura, egia esan.
Hori da, txaranga bat sortzeak ikusten ez den lan handia izan behar du atzetik, ezta?
Noa: Guk igandero entseiatzen dugu, baina egia da igandero ezin garela denak elkartu. Norbaitek ezin badu ere, ahalik eta gehienak elkartzen saiatzen gara beti eta horiekin entseiatzen dugu.
Datozen hilabeteetara begira, emanaldi berririk lotu duzue jada?
Noa: Maiatzera begira hainbat emanaldi lotzeko lanean ari gara, baina oraindik ez ditugu guztiz finkatuak. Baina dena loturik dugunean, gure sare sozialen bidez zabalduko dugu informazioa.
Eta txaranga osatzeko kide berriak onartzeko prest zaudete edo jada taldea guztiz osatua duzue?
Ane: Egia esan, txaranga nahiko osatua dago. Hala ere, gehienak ikasleak garenez, gutako batzuk ezin gara beti etorri, beraz, beste txaranga batzuekin harremanetan jarri izan gara haien partaideek gure kideak ordezkatu ote ditzaketen jakiteko. Dena den, oraingoz nahiko osatuak gaudela esango nuke.
Txaranga gazte berri gisa, zer ekarpen egin nahi diozue hiriari?
Ane: Nik uste nabarmendu beharko genukeela gure txaranga mistoa dela, hau da, neska eta mutilez osatua dagoela. Izan ere, txaranga gehienak soilik mutilez osatuak daude, beraz, gurea alde horretatik nabarmentzen da. Baita ere kide gazteek osatzen dugula, ondorioz energiaz beteta gaude eta giroa alaitzeko irrikatzen gaude.
Sareetan ere nahiko aktibo zaudete, gaur egun, ikusgarritasuna izateko funtsezkoa den zerbait.
Noa: Bai, adibidez, lehengoan Pasaiara joan ginen eta abesti batzuen grabaketak egin genituen. Oraingoz lehenengoa argitaratu da eta pixkanaka gehiago partekatzen joango gara.
“Txarangan berriz, libreago sentitzen zara eta nabari da ondo pasatzeko giro batean zaudela”
Noa Cavero, Txintxarri txarangako kidea
Eta publikoaren aldetik, nolako balorazioa jaso duzue?
Noa: Momentuz esan digute oso ondo joaten ari zaigula. Txarangen munduan hasiberriak izan arren, jendeak esan digu oraingoz behintzat emanaldi asko izan ditugula. Normalean txaranga bat sortzen duzunean kostatzen da ekitaldiak lortzea, beraz, zorte handia izan dugu.
Txaranga bezala, zeintzuk dira etorkizunera begira dituzuen ametsak?
Ane: Pixkanaka emanaldi geroz eta gehiago lortzen joan nahi dugu. Gure aldetik, prest gaude edozein ekintzetan parte hartzeko eta proposatzen zaizkigun giro guztiak alaitzeko. Gure beste helburuetako bat euskal musika eta kultura zabaltzen laguntzea da, beraz, Euskal Herri osoan jotzeko prest gaude. Beraz, hori da helburu nagusia, proposatzen zaizkigun giroak alaitzen jarraitzea eta musikaz disfrutatzea.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



