Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Itsasoa laino dago
1- Nahiz eduki hainbat duda
gainditu dut abentura
jolasteko hitza “MUGA”
aldi hontan tokatu da
jolasteko hitza “MUGA”
asmatuko al nuen ba!
2- MUGALARI zein MUGAZAIN
berdin lehen berdin orain
bista jarriz elkarrengain
nor egoten da noren zain?
Bista jarriz elkarrengain
elkar zaintzen dute bikain.
3- MUGAZAIN zein MUGALARI
biak daude adi adi
ibili behar bai da argi
aurre hartu sorpresari
ibili behar bai da argi
gain hartzeko besteari.
4- Euskararen aldarria
nahiz eta ez den berria
behin ta berriz jazarria
egoera da larria
behin ta berriz jazarria
jar dezagun MUGARRIA.
5- Diruaren merkatua
jarduera MUGATUA
aberatsek gidatua
behartsua zanpatua
aberatsek gidatua
badago non banatua.
6- Palestina, Libano_Iran
suntsituak ta JOMUGAN
mundu hontako tesituran
terrorezko pelikulan
mundu hontako tesituran
bakerik ez HORTZIMUGAN
7- Adimena zein jakintza
berrasmatuz badabiltza
eta hauxe da emaitza
hortik ez al dator gaitza?
eta hauxe da emaitza
bihurtu da MUGAGAITZA
8- Zortzi bertso orotara
hau zen nire harrikada
zenbat buelta, zenbat traba
tolestu ezin metrikara
zenbat buelta zenbat traba
iritsi naiz HELMUGARA.

