Frantziako helmuga zeharkatzeko asmoz Irunera iristen diren migratzaileen jarioa handitu da

Martxoko lehen asteburuan zehar ehun migratzaile inguru iritsi ziren Irunera. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Kontingentzia planaren 2. fasea aktibatu eta migratzaileei ostatu emateko baliabide gehiago egokitu ziren. Instituzioen erantzunaz gainera, Irungo Harrera Sareak Irunera iritsitako migratzaileak artatzeko konpromisoari eutsi dio.

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera martxoaren 6tik 7rako gauean 106 iragaitzazko migratzaile artatu ziren Irungo errekurtsoetan. Horixe izan da azkenaldian hirira iritsitako migratzaile kopuru handiena. Irunera iritsitako migratzaileen kopuruaren gorakadaren aurrean, instituzioek momentura arte migratzaileak artatzeko eskainitako baliabideak handitu behar izan dituzte. Horretarako, Irungo Hilanderaseko aterpetxeko ohiko plaza-kopurua areagotu behar izan da, Irungo erromesen aterpetxean beste 30 ohe eta Hondarribiko aterpetxean 12 ohe eskaini direlarik.

Kontingentzia planaren 2. fasea aktibatu eta baliabide gehiago egokitu ostean, martxoaren 7ko gauen 98 migratzailek eman zuten gaua hirian, 104 martxoaren 8ko gauean eta martxoaren 9ko gauean, berriz, 75 migra- tzailek martxoaren 10eko gauean. Eusko Jaurlaritzatik adierazi denez, “iragaitzazko migratzaileen fluxua ohiko mailetara itzultzen ari da mugan, pixkanaka”. Bidasoa eskualdeko zentro ezberdinetan artatutako migratzaileei ura eta jatekoa eskaini zaie, arropa eta maskarekin batera. Hortaz gain, dutxatzeko aukera izan dute eta tenperatura neurtu zaie. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzatik baieztatu denez, egun horietan zehar “ez zen inor kalean gelditu eta Gobernuak martxan zituen errekurtsoak ez ziren osatu”.

Harrera duin eta jarraitua
Migratzaileak, Kanariar uharteetatik Iberiar penintsulara sartu ostean, Espainia eta Frantziako estatuen arteko muga zeharkatzeko asmoarekin iristen dira Irunera. Frantziako estatuko mugak itxita daudenez, mugan poliziak burutzen dituen kontrol zorrotzak direla eta, ordea, ezinezkoa zaie migratzaileei muga zeharkatzea. Ondorioz, Irunen muga zeharkatu ezinik gelditzen diren migratzaileen kopuruak gora egin du azken egunetan zehar. Mendigutxiak azaldu duenez, “berriro 2018ko zifrak ikusten ari gara”. Izan ere, berriro ere migratzaileak Irunera asteko egun guztietan zehar iristen direla ikusi dute, astelehen batean 20-27 pertsona iristen direlarik, hau da, orain dela 3 urteko kopuruak errepikatuz.

Irungo Harrera Saretik migratzaileen etorreraren aurrean Eusko Jaurlaritzatik martxan jarritako baliabide gehigarrien beharra azpimarratu da. Irungo Harrera Sareko Josune Mendigutxiak gogoratu duenez, migratzaileen kopurua igotzen hasi zenetik hilabete pasa da neurri berezi hauek hartu diren arte. Egunero hirira iristen diren migratzaileen kopuruak handiegiak izan ez arren, migratzaile berri horiek aurretik hirian pilaturikoei batzen zaizkie, muga zeharkatzeko esperoan Irunen zain dauden migratzaileen kopuru totala handituz.

Muga zabaldu ezean, denbora luzez egoerak horrela jarraituko duela uste dute Irungo Harrera saretik. Josune Mendigutxiak ohartarazi duenez, “Kanariar uharteak husten ari dira eta bertan milaka pertsona pilaturik daude”. Horrekin batera, muga itxita jarraitzen duen bitartean eta bestelako irtenbiderik topatu ezean, hirira iritsitako migratzaileekin zer gertatuko ote den argitzeko dagoela azaldu du Mendigutxiak. Sareko ordezkarik azaldu duenez, migratzaileen profilean, berriz, aldaketa gutxi egon da, adina apur bat murriztu bada ere, gehienak Malitik datozen gizonezkoak dira. Gehienek Frantziara iristea dute helburua, frantsesa menperatzen dutelako edo senide zein lagunak dauzkatelako bertan.

Irunera iristen direnean Irungo Harrera Sareko kideek migranteei mugaren egoeraren berri ematen diete, muga itxita dagoela azaldu eta haiek lasaitzen saiatzeko. Josune Mendigutxiaren hitzetan “oso urdurituta iristen dira Irunera, asko Kanarietatik atera ezinik 4-5 hilabete eman dituztelako eta hirira antsietate askorekin iristen dira, lehenbailehen muga zeharkatu nahi dutelako”.

Hortaz, datozen egun eta asteetan Irungo Harrera Saretik Migratzaileen kopuruak gora egiten jarraituko duela aurreikusten da. Zentzu horretan, ikusteko dago denbora luzez jendea pilatuz gero bestelako neurri-osagarri edo baliabiderik ahalbidetu beharko ote diren. Ezinezkoa da hemendik hilabete batera egoera nolakoa izango den aurreikustea eta egoera horrek Irugno Harrera Sarean kezkak eragiten ditu.

Mugek oztopatutako bidaia
2020ko martxoko maiatzean amaitutako konfinamenduaren ostean, Irungo Harrera Sareak ohiko jarduera berreskuratu zuen, hirira iritsitako migratzaileen kopuruak gora egin edo murriztu arren, San Juan plazatik migratzaileei harrera duina eskaintzen jarraitzeko. Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko ordezkari gisa azken hilabetean zehar hirira iristen diren migratzaileen kopuruan gorakada nabaritu dutela adierazi du.

Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak adierazi duenez, migrazioaren arazoa Europa osoan gertatzen ari dela. “Egiturazko arazoa da, eta erantzun bateratua eman behar zaio, Euskaditik edo Espainiako Estatutik ez ezik, Europa osotik ere”, adierazi zuen sailburuak. Artolazabalek nabarmendu duenez, “erantzun bateratua” behar da, eta koordinazio handiagoa Espainiako Estatuarekin etorrera horien inguruan; horrek, zalantzarik gabe, iragaitzazko pertsona horiek arreta hobea jasotzea ekarriko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude