2018an, etorkinak modu masiboan hasi ziren Euskadira eta, zehazki, Irunera iristen, Bidasoa zeharkatzeko asmoz. Egoerari erantzuteko, erakundeen arteko mahai bat eratu zen, eta bertan elkarlanean aritu dira erakunde eskudunak, EAEko hiriburuak eta Irun, eragindako lehen lerroko hiri gisa. Ordutik, etorkin gehien iristen den uneetan, Irunek harrera-planen esku utzi ditu udalaren zenbait baliabide, egoerari erantzuteko eta inork kalean geratu behar ez izateko.
Duela egun gutxi batzuk, martxo hasieran, Eusko Jaurlaritzak erakundeen arteko mahai horretako kideak Lakuan egin beharreko bilera batera deitu zituen, 2021eko Kontingentzia Plana aurkezteko. Topaketa hartan izan zen David Nuño, Gizarte Ongizateko ordezkaria. Datozen hilabeteetarako plangintza egin zen bilera hori amaitu eta ordu gutxi batzuen buruan, etorkin ugari iritsi ziren Irunera, eta premiaz jokatu behar izan zen.
David Nuño ordezkariak arazoa konpontzeko lanean diharduten eragile guztien arteko koordinazio ona nabarmendu du, “gure kezka nagusia zen inor kalean ez geratzea. Pandemiaren ondoriozko ezohiko neurriak, iritsitako pertsona kopuru handia eta Frantziako mugako egungo egoera direla eta, une zailak bizi izan genituen, baina eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, Harrera Saretik hasi eta Eusko Jaurlaritzaraino, bai eta Gurutze Gorriari ere, erakutsi duten borondate onagatik eta koordinazioagatik. Guztion artean, gai izan gara egoera zail honi egoki erantzuteko.” Azken egun hauetan, ordezkaria kolektibo horietako askorekin bildu da.
Lehen asteburu honen ondoren, ahaleginetan jarraitzen dugu plangintza hobea egiteko, kontuan hartuta mugaren egungo egoera eta etorkin talde handiak modu masiboan iristeko aukera. “Bilera bat egin genuen sailburuarekin eta alkatearekin, eta bertan eskatu genuen aurreikusitako Kontingentzia Plana eguneratzeko eta baliabideak dibertsifikatzeko, eskualdeko udalerriak kolapsatu gabe harrera on bat eskaini ahal izateko. Elkartasuna eta lankidetza funtsezkoak dira uneotan”, zioen Nuñok.
Asteburu honetan eskualdeko baliabideak gauza izan dira guretik pasatu den pertsona-fluxuari erantzuteko, eta lanean jarraitzen dugu datozen egunei begira. “Egoera ez da iazko bera izango, eta inoiz baino beharrezkoagoa da sinergiak sortzea erakundeen eta kolektiboen artean. Horretan ari gara buru-belarri”, adierazi du ordezkariak.