Ikaskuntzako Bitartekaritza Eusko Jaurlaritzako zerbitzu publikoa eta doakoa da. Bere helburua 16 urte eta gehiagoko pertsonen artean prestakuntza sustatzea da, haien egoera soziolaborala edozein izanda ere. Virginia Garmendia Bidasoako orientatzaileak eta Kepa Altube Ikaslaneko arduradunak zerbitzuaren xehetasunak azaldu dituzte.
Zertan datza Ikas Bidasoaldea Bitartekaritza zerbitzua?
Kepa: Bitartekaritza zerbitzua Bidasoan ipini genuen eta Ikaslanetik eskaintzen zen zerbitzua ikusita horretarako beharra ikusi genuen. Bigarren mailako titulurik gabeko jende asko dagoela ikusita eta bitartekaritza zerbitzuaren bitartez formazioarekin loturiko informazioa eskaintzen da, jendeak titulua eskuratu eta lan merkatura sartzeko aukera gehiago izan ditzan. Ideia horrekin hasi ginen lanean.
Pandemiaren ostean kontsulten kopuruak gora egin duela nabaritu duzue?
Virginia: Bai, pandemiaren ondorioz jende asko langabezian gelditu da eta gure aholkularitza eta orientazio zerbitzuaren bitartez ikastaro berriak ezagutu eta formazio zabaltzeko aukera ematen diegu.
Zein profiletako jendea hurbildu ohi da zuengana?
Kepa: Profil desberdinetako jendearen kontsultak jaso ohi ditugu. Langabezian dagoen jende kopurua %12 ingurukoa da, hau da, 9.000 pertsona inguru eta horietatik 3.800 pertsona inguruk ez dute bigarren mailako titulaziorik. Hortaz gain, Irunera bizitzera etorri berri diren pertsonen kontsulta asko jasotzen ditugu. Langabeziaz gainera, lanean dauden pertsonek ere haien formazioa zabaltzea, curriculuma handitzea eta lanpostu hobe bat lortzeko aukerak bilatzen dituzte. Plaiaundi eta Bidasoa zentroetan 200 ikastarotik gora eskaini ohi dira urte osoan zehar, beraz, bi hilabetean behin 30 ikastaro baino gehiago ematen dira. Arlo anitzetako ikastaroak eskaintzen dira, hau da, administrazio, informatika, osasungintza, gizarteratzea, teknologia, elektrizitatea, mekanika, mantenduarekin, … loturikoak. Beraz, formazioa hobetzeko aukera paregabeak daude.
Kontsultetan galderak asko errepikatzen dira?
Virginia: Ez, kontsulta oso ezberdinak dira. Batzuk Lanbide Heziketara sartzeko bide ezberdinekin loturiko galderak egiten dituzte, besteek, aldiz, ikastaroak, ikastaro batean izena emateko beharrezkoak diren tramiteen inguruan zalantzak dituzte.
Kepa: Azken finean, kasuak oso anitzak dira, hortaz, galderak ere mota askotakoak dira, beraz, Virginiaren laguntza paregabea da zalantza horiek argitzeko.
Azken urteetan Lanbide Heziketaren eskariak gora egin du modu nabarmenean?
Kepa: Bai, ikasle aldetik Ikaslan Gipuzkoak, adibidez, 10.400 ikasle inguru dauzka eta iaz baino 300 edo 400 ikasle gehiago. Azken finean, Lanbide Heziketa irtenbide moduan planteatuta dago jada eta sartzeko frogak edo Erdi-mailako Zikloetatik sartzeko aukerak erraztu dira. Gainera, behin Lanbide Heziketa amaituta, uniber- tsitatera sarrera zuzena daukate eta jendeak aukera moduan ikusten du Lanbide Heziketa.
Sarbide aukera anitzek Lanbide Heziketa erakargarriago egiten dute?
Kepa: Bai, hortaz gain, Lanbide Heziketak harreman zuzena dauka alde laboralarekin, bai praktikak egiten direlako edo duala eskaintzen delako. Arlo teorikoa ere garapen profesionalera eta gizarteratzera bideratuta dago, Lanbide Heziketa erakargarri eginez.
Bidasoa eskualdean Lanbide Heziketarekin loturiko eskaintza oso zabala da, ezta?
Kepa: Guztira eskualdean 25 ziklo eskaintzen dira, 10 familia ezberdinetako ordezkariak direnak. Ziklo horietatik 9 erdi-mailakoak dira eta 16, berriz, goi mailakoak. Hortaz, urtero guztira 700 pertsonentzako lekua dago eskaintza honen barnean.
Jendeak formazioarekin loturiko aholkularitza zerbitzua jasotzea eskertzen du?
Virginia: Bai, asko gainera. Mahai gainean aukera ezberdinak aurkezten dizkiozunean eta ezagutzen ez zituzten bide berriak deskubritzen dizkiezunean kontsultetatik oso pozik ateratzen direla ikusten dugu.
Zer egin behar da hitzordu bat lotzeko?
Virginia: Hitzorduak telefonoz eskatzeko aukera dugu, hau da, 655 80 64 98 telefono-zenbakira deituta. Ikas Bidasoaldeko telefonoa da hori, beraz, zuzenean hitzordua hartzeko aukera izango dute bertan.
Kepa: Gainera, www.ikaslangipuzkoa.eus webgunean orientazio eta bitartekaritza zerbitzua daukagu. Webgune horren bitartez, zerbitzuan non eta zein ordutegirekin eskaintzen den kontsultatu daiteke eta kontsultak egiteko modu ezberdinak azaltzen dira: aurrez aurrekoak, modu telematikoa, telefonoz, … Era berean, bide hau erabiliz erabiltzaileek egindako ekarpen guztiak jasotzen ditugu. Guk zuzenean titulua emateko aukerarik ez dugun arren, eskura dugun erraztasun guztiak eskaini nahi dizkiegu.
Sare sozialak informazioa zabaltzeko bereziki lagungarriak izango dira zuentzat?
Virginia: Twitterrekin hasi ginen @IkasBidasoaldea kontuarekin eta orain dela hilabete batzuk Facebook-en kontua ireki genuen Bitartekaritza Bidasoaldea izenarekin. Sare sozialetan, batez ere, ikastaro eskaintzaren berri ematen dugu, ikastaroen gaia, data, ordutegia eta sarbide aukerak azalduz.
Kepa: Gogoratu beharrekoa da, Ikas Bidasoaldeako zerbitzua konkretuki Plaiaundin ematen bada ere, eskualdeko eskaintza guztiaren informazioa bertan zentralizaturik dagoela. Hortaz gain, Lanbide zein elkarte ezberdinekin elkarlanean aritzeko prest gaude.
Nola begiratzen duzue etorkizunera?
Kepa: Biztanleriari guk ikastaro guztien eskaintza mantentzen dugula gogoratu nahi diogu. Aurrez aurreko ikastaroak mantentzen ditugu, hortaz, jendea etxetik atera eta haien formazioa zabaltzera gonbidatu nahi ditugu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.