Espainiako Trinkete Txapelketako txapeldunordeak Ramuntxo Trinketekoak dira

Aritz Larrarte eta Gorka Pablos Espainiako Trinkete txapelketan txapeldunorde izan ziren aurreko denboraldian. Pandemiak entrenamenduak eta txapelketak bertan behera utzi arren, oztopoak gainditu eta txapelketaren finala jokatzera iritsi ziren Ramuntxo Trinketeko jokalariak. Aurreko denboraldia amaituta, Larrarte eta Pablos aurtengo trinkete denboraldiaren prestaketan zentratuta daude.

Irungo Kirol Sarietarako izendatuak izan ondoren pozik zaudete?
Aritz: Bai, sorpresa bat izan zen, izan ere, ez genuen espero aurten horrelako txapelketarik antolatuko zenik eta, egia esan, lortutako emaitzarekin pozik gaude. Lehengo urtean txapeldunordeak izan ginen, baina azken urteetan Gorka txapelduna izan da hainbat aldiz, beraz, pozik gaude.

Irundarrak izanda zuen lorpenak baloratzeaz pozik zaudete?
Gorka: Bai, guk lortutakoaz harro sentitzeko sari bat izan daiteke, baina ez da erraza horrelako sari bat irabaztea, izan ere, izendatutako beste kirolarien artean maila altuko kirolari oso ezagunak daude eta.

Nola sentitu zineten Espainiako txapeldunorde titulua lortu ostean?
Aritz: Txapelketa jokatu aurretik bagenekien aurreko urteko txapelketa irabaztea zaila izango zela. Finalean Argentinako aurkari on baten aurka jokatzea egokitu zitzaigula bagenekien eta bera munduko jokalari onenetako bat dela kontuan hartuta, irabaztea konplikatua iruditzen zitzaigun. Hala ere, finala jokatzeko aukera aprobetxatu behar genuen eta partidu polita jokatzen ahalegindu ginen.

Pandemiak txapelketa asko bertan behera utzi dituenez, nola egokitu duzue zuen kirol egoera?
Aritz: Adibidez, nik orain 7 hilabete daramatzat jokatu gabe. Jokatu nuen azkeneko txapelketa aurreko urteko Euskadiko txapelketa izan zen eta azken jardunaldietan istripu bat izan nuenez, orain arte ezin izan dut ezer egin. Orain pixkanaka berriro entrenatzen hasi naiz, lehenbailehen aurretik nuen forma fisikoa berreskuratzeko eta txapelketetara maila onenarekin iritsi ahal izateko.

Txapelketak jokatzea zuentzako helburuak dira?
Gorka: Bai, asko nabaritu dugu 2020an eta 2021ean txapelketa asko bertan behera gelditu zirela. Orain apurka-apurka berriro normaltasuna berreskuratu dugula dirudi. Orain Gipuzkoako Txapelketa jokatzen ari gara eta iaz Espainiako Txapelketa hori jokatzeko aukera izan genuen. Beraz, guretzat oso lagungarria da behintzat txapelketetan parte hartzeko aukera izatea eta horrela errutina antzeko bat izatea. Horrela, egunero jarraipen bat egiteko aukera dugu.

Nola ikusten duzue orain trinketearen egoera?
Aritz: Egia esan, ez dago txapelketa jokatzen duen jende askorik eta oraindik txapelketa munduan dabilen jendea nahiko heldua da. Gazte asko trinketean hasten dira, baina gero kirol hau alde batera utzi eta futbolera edo beste kiroletara doaz. Beraz, egoera ez da batere erraza. Orain badira 4 edo 5 jokalari oso gazte eta oso onak direnak eta haiek izango dira etorkizunean kirol honen erreleboa. Inguru honetan trinketea ez da asko praktikatzen den kirol bat eta, are gehiago, ez da batere ezaguna. Jende askori trinketean jokatzen duzula esaten diozunean ez daki ezta zer den. Horrelako sariak kirola ezagutarazteko aukera ona dira.

Kirola ezagunagoa den heinean gazte gehiago animatuko dira hori praktikatzera, ezta?
Gorka: Bai, azkenean, hemen Espainian gure modalitatea batez ere hemen Irunen jokatzen da. Lehen Aritzek esan bezala, nik eta Anderrek, nire aurreko bikoteak, Espainiako Txapelketa asko irabazi ditugu eta gure aurretik Aritzek eta Asier ere maila horretan ibili ziren. Beraz, trinketean jokatzen duen jendea hemen edo Iruñean aurkituko duzue bakarrik, bestela iparraldera joatea beharrezkoa da aurkari gehiago aurkitzeko.

Zer egin behar da berriro kirol hau sustatzeko?
Aritz: Nik uste eskola kirolean horrelako kirol gehiago sartu beharko liratekeela, behintzat haurrek hilabetean behin bada ere kirol ezberdinak probatzeko aukera izan dezaten. Horrela, kirol berri horiek gustuko dituzten edo ez ikusteko aukera izango dute. Haur gehienek kirola aukeratzeko orduan kirol ezagunenetakoren bat aukeratu ohi dute. Beti daude momentu bakoitzean indar handiagoa duten 4 kirol eta haur gehienak ez dira horietatik ateratzen.

Zein da orain zuen hurrengo erronka?
Gorka: Orain Gipuzkoako Txapelketaren erdian gaude, beraz, txapelketa horretako partiduen prestaketan zentratuak gaude. Gero, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Errioxako selekzioek parte hartuko duten txapelketa batean arituko gara. Horren ostean, Euskadiko txapelketa izango dugu eta, udara aurretik, berriz, Espainiako txapelketa. Udara munduko txapelketa prestatzeko garaia izango da, udara eta gero Mundu Txapelketa baitator.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude