Pasa den otsailean Urgara Txingudi waterpolo klubeko emakumezkoen senior taldeak Euskal Herriko Kopan hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen. Claudia Aginagalde eta Amane Area taldekideek nesken azken lorpenen errepasoa egin dute.
Pozik zaudete Euskal Herriko kopan lortutako emaitzekin?
Claudia: Entrenamenduetan partiduak irabazi ahal izateko lan handia egin dugu. Egindako lan guztiaren ostean garaipena lortzen duzunean ilusio handia egiten dizu.
Amane: Bai, gainera kontuan izan behar da waterpoloa talde kirol bat dela eta, beraz, zerbait irabazten duzunean poztasuna zure taldekideekin partekatzea oso polita izaten da.
Denboraldi ona egin ostean, Euskal Herriko Kopa jokatzeko aukera opari moduan jaso duzue?
Amane: Bai, hori da. Aurten klub berri batean jokatzen ari gara, taldea ere berria da, beraz, hirugarren postu hori lortzea oso sari berezia izan zen taldeak urte osoan zehar egindako lanarentzat. Lorpenak gure motibazioa areagotu du.
Claudia: Bai, Amanek ondo esan duen moduan, azken batean, hau gure lehen urtea da Urgara Txingudi klubaren barruan eta uste dugu garaipena klubari ikusgarritasuna emateko baliagarria izan daitekeela.
Garaipenak klubari bere bigarren urtean aurrera jarraitzeko indarra emango diola uste duzu?
Claudia: Klub berri bat sortu dugu, beraz, pentsatzen dugu Urgararen hasieran jada titulu hau izatea lagungarria izan daitekeela.
Amane: Orain klubaren helburu nagusiak egun dauzkagun taldeak egonkortzea da, hazten jarraitzea eta aurrera egitea.
Nola ikusi zenuten zuen taldea txapelketetan?
Claudia: Askartza klubaren aurkako partiduak beti gogorrak izaten dira, talde indartsua baita. Beti azken minutura arte borrokatu behar dugu. Kasu honetan partidua oso berdindua egon zen, azken tartean haiek abantaila hartu zuten arren.
Amane: Partiduaren amaieran nabaritu genuen gure urte honetako entrenamenduak ez zeudela aurreko urtekoen mailan eta horrek azken emaitzan eragina izan zuen.
Hirugarren eta laugarren postua Sestaoren aurka borrokatu zenuten. Garaile izatea lortu zenuten?
Amane: Azken momentuan Sestao markagailuan hurbildu zitzaigun eta beldur apur bat izan genuen, jakin bagenekielako garaipen horrek zeukan garrantzia.
Claudia: Goizeko partiduan motibazioa apur bat galdu genuen, baina eguerdian buelta eman genion eta hurrengoa irabazteko indarrak hartu genituen.
Uste duzue emakumeek waterpoloan lortutako lorpenei garrantzi nahikoa ematen zaiela?
Claudia: Nik uste sare sozialetan ikusgarritasun nahikoa lortzen ari dela gure taldea. Hala ere, oraindik lan asko dago egiteko. Izan ere, Gipuzkoa maila waterpoloko emakumeen bi talde daude bakarrik. Guk uste dugu Gipuzkoan bertan waterpolo talde gehiago sortzeko aukera dagoela eta horrela talde gehiagoren aurka jokatzeko aukera izango genuke.
Amane: Waterpoloa gero eta kirol ezagunagoa da, baina emakumeen artean oraindik gehiago zabaldu behar da. Talde berria sortzea beharrezkoa da Gipuzkoa mailan nesken waterpoloa desagertu ez dadin eta gero eta kirolari gehiago izan gaitezen.
Zer beharko litzateke kirol hau neskentzako erakargarriagoa izan dadin?
Amane: Nire ustez waterpoloa eskoletara hurbiltzea kirol hau ezagutarazteko lagungarria izan daiteke. Eskoletan, beste kirol batzuk probatzen ditugu, esaterako, futbola, saskibaloia edo eskubaloia. Beraz, uste dut horiekin batera beste kirol batzuk erakustea egokia izan daitekeela bakoitzak nahiago duen kirola aukeratu dezan.
Claudia: Amanerekin guztiz ados nago, waterpoloa ez diren beste kirol batzuei ikusgarritasun gehiago ematen zaielako. Adibidez, igeriketa nahiko kirol antzekoa da, baina waterpoloarekin alderatuta ezagunagoa da. Ikasleak igerilekura igeri egiten ikasteko ekartzen dituzten bezala, uste dugu hemen igerilekuan egiten ditugun kirolak ikusteko ekar ditzaketela. Beraz, eskoletatik ere lan hori egitea funtsezkoa da.
Hala ere, Urgara klubean taldekide berriak lortzeko ekintzak antolatzeko ahalegintzen zarete?
Amane: Bai, adibidez, uda honetan klubak ludoteka bat antolatuko du uztailaren 4tik 29ra. 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako ekintza da eta goizez egingo da.
Claudia: Hori da. Urgara Txingudi waterpolo klubak proposatutako ludotekan neska-mutilek waterpoloa ezagutzeaz gain, jolasez eta ingelesez egingo diren ekintzez gozatu ahalko dute. Ludoteka Azken Portu kiroldegian egingo da eta izena eman nahi dutenek klubaren sare sozialetan aurkituko dute beharrezko informazio guztia.
Liga amaituta, udaberriko txapelketa hasiko duzue orain?
Claudia: Bai, Liga bukatu da baina oraindik udara iritsi arte hilabete batzuk falta dira, beraz, guk bitarte horretan gogor entrenatzen jarraituko dugu. Entrenamenduetan lan ona egiten ari gara, beraz, udaberri polita dugu aurretik.
Amane: Liga bukatu ostean, uste dugu azken partidu hauetan ere garaipena lortzea denboraldia sentsazio politekin amaitzeko aukera izan daitekeela.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.