Irun Zuzenean jaialdia izango da datozen hilabeteetan Kultura arloaren apustu nagusietako bat

Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek bere departamentuak datozen hilabeteetarako dituen proiektu estrategikoen berri eman du. Lan ildo horietako asko urte hauetan kultur agenda sustatzeko funtsezkoak izan diren ekimenen jarraipena dira, baina badira berritasun batzuk ere.

“Pandemiaren hilabeterik latzenek bete-betean jo zuten kultur jarduna, baina hasiak gara erritmoa berreskuratzen; horren adierazgarri, Irungo azkenaldiko kultur agenda oparoa. Bada, datozen hilabeteetan, ildo horretatik jarraitu nahi dugu, eta proiektu batzuk sustatu, hiriko kultur sektorea babesten eta programazio erakargarri bat sortzen segitzeko balio digutenak, irundarrentzat zein inguruko udalerrietako biztanleentzat”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.

Irun Zuzenean

Azkenaldian, musika da Kultura Arloaren ardatz estrategikoetako bat, eta apustu horren seinalerik garbiena Irun Zuzenean plataforma da: formatu guztietako kontzertuen agenda bat dinamizatzeko sortu zen, zuzeneko musikaren balioa azpimarratzeko, eta ikus-entzule berriak erakartzeko, baina, ordezkariak nabarmendu duenez, 2022ko edizioa “mugarria” izango da, aurrekontua hirukoiztuko baita –iaz, 40.000 euro izan zen, eta, aurten, 121.000 euro izango da–. Oraindik ez dira zehaztu data, kartela eta beste xehetasun batzuk, baina, joan den astean, Tokiko Gobernu Batzarrak kontratazioa onartu zuen; alegia, jaialdia martxan dago jadanik.

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da, FICOBAn, eta kartelburu batek eta panorama musikalean erreferentzia diren beste talde batzuek osatuko dute egitaraua, Kultura km 0 programaren ildotik hiriko talentua eta emakumezko artisten parte hartzea sustatu nahian.

Zuzeneko musikaren esparruko lan ildo baten erreferentzia da hitzordu hau, eta ikus-entzule berriak erakartzea du helburu. Horrela, azken urteetan, erreferentziazko taldeak aritu dira Irunen, bai formatu ertainean, Amaia KZn, bai barruti handi batean, FICOBAn, hala nola Xoel López, La Bien Querida, Depedro, Izaro, Carolina Durante, Rulo y la Contrabanda, Viva Suecia eta, asteburu honetan bertan, Los Zigarros.

“Ildo horretatik jarraitu nahi dugu, hiriko talentua alde batera utzi gabe betiere, are gutxiago kontuan izanik azkenaldian pandemiaren ondorioek talde eta bakarlarien jardun normalean eragina izan dutela”. Horrela aurkeztu du ordezkariak Kultura km 0 kontzertu zirkuituaren bigarren atala, uda osterako: ekimen horren bidez, azken hilabeteotan, Irungo talde eta artistek ostalaritzako establezimenduetan jo dute, arrakasta handia lortuta, kultura sektorea eta ostalaritza bera babesteko kontzertuetan.

Kultura km 0

Hiriko artistak babesteko ildotik, Irun Aurrera ekonomia eta gizartea suspertzeko planaren esparruan, Kultura Arloak baieztatu du hirian kulturgintzan diharduten profesionalentzako ekimen berriak jarriko dituela martxan. “Kultura km 0 marka pandemiaren ondorioz sortu zen, baina Arloa aurretik ari zen hiriko talentuaren alde egiten, eta arreta hiriko artistengan jartzen segitu nahi dugu”, erantsi du ordezkariak. Arloko arduradunen arabera, programa egonkorra da dagoeneko, eta artista interesdunak Kulturarekin harremanetan jar daitezke jada, beren proposamenak helarazteko, kulturakm0@irun.org helbide elektronikora idatzita.

Bada beste berritasun bat: aurten, Irungo auzoetan kultur ekitaldiak egitea bultzatzeko programa espezifiko bat sortu da, “lehendik dugun eskaintza babesteko eta harekin bat egiteko. Urtero, Udalak urteko aisialdiko eta kultur arloko programaziorako baliabideak jartzen ditu, eta, ekimen honen bidez, programazio hori aberastu nahi du. Horretarako, auzo elkarteekin harremanetan jarri gara, auzo bakoitzaren neurrirako programak diseinatzeko elkarrekin”, jakinarazi du Juncal Eizaguirrek. Aipatu duenez, ekimena partaidetza bidezko aurrekontuen eta zuzenketen emaitza da.

Sorkuntzarako laguntza

Azken urteetan, arte garaikidearen sustapena gero eta garrantzitsuagoa bilakatu da, eta programazio propio bat finkatu da: Ribera azoka ibiltaria eta sorkuntzarako bekak, Auzo Sortzailea, SoinuLabor eta Kontenporanea, zeinaren 2022ko edizioa maiatzaren 20, 21 eta 22ko asteburuan egingo den –laster aurkeztuko da programa osoa, prentsaurreko batean–. Era berean, aipatzekoak dira artistentzako laguntzak, baita artisten esku hartzearen bidez muralak lehengoratu eta nabarmentzeko lana ere, hala nola Artalekun eta Gain-Gainean parkean egindakoa. Guztira, aurrekontuan 100.000 euro baino gehiago esleitu dira ekimen horietarako guztietarako.

Ekipamenduak

Ekipamenduak hobetzeari dagokionez, Kultura Arloak CBAren bigarren fasean jarri du arreta, hirian zuzeneko musikarentzako, arte garaikidearentzako, sorkuntzarentzako, goraka ari den talentuarentzako eta Kultura km 0 programarentzako gune bat izateko apustu orokorrari jarraikiz. Beste proiektu aipagarri bat termak museotarako moduan prestatzeko asmoa da; “dudarik gabe, funtsezko pausoa hiriko ondare historiko kulturalaren garrantzia azpimarratzen jarraitzeko, Oiasso Erromatar Museoko bisitaren osagarria”, erantsi du Eizaguirrrek. Irunek 2 milioi euro jasoko ditu Europako funtsetatik Oiassoko termak berreskuratzeko. Ildo beretik, Arloa hiriaren historia garaikidearen arrastoan dabil, eta, horrela, Ikust-Alaia eraikinean haritzat Luis Mariano hartuta sortzekoa den hiriko museoa aipatu dute Kulturako arduradunek. Guztira, proiektu horietarako 9 milioi inguru jartzea aurreikusi du Udalak.

“Hori guztia, hiriko kultur programazio klasikoa zainduz, garrantzitsua baita Irunen. Musika korala, lirikoa eta Irun Hiria musika banda dira adierazgarri nagusiak, baina bada dantza eta antzerki programazio egonkor bat ere, eta, gainera, baditugu jaiak: zantzu guztien arabera, laster izango dira lehengoak”, espero du Kulturako ordezkariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude