Irungo Udala Mendibilgo eremua hobetzeko lanean ari da. Sergio Javier Herritarren Partaidetzarako ordezkariak eta Borja Olazabal Mugikortasun eta Obretako ordezkariak bilera bat izan dute astearte honetan Erdialdeko Auzo Elkartearekin. Elkartetik Mendibilgo eremua hobetzeko eskaria egin ostean, azterlana eskatu eta bileran identifikatutako beharren zirriborroa aurkeztu zaie. Ana Baena Mugikortasun eta Obretako zuzendaria ere bertan izan da, auzotarrei xehetasun teknikoenak azaldu ahal izateko.
Duela hilabete batzuk Udalak Enean Kooperatiba Elkarte Txikiari azterlan bat enkargatu zion 17.569,20 euroko aurrekontuarekin Mendibilgo eremuaren beharrezko hobekuntzak identifikatzeko. Dokumentuak, funtsean, hobekuntzak planteatzen ditu irisgarritasunean eta argiztapenean, ingurune atseginagoa, seguruagoa eta osasungarriagoa sortzeko, eremuaren nortasun historikoa zainduz. Espaloi estuak hobetzeko beharra ezartzen du, plataforma bakarreko eremuak sortuz oinezkoen erosotasunerako eta autoen abiadurak murrizteko, eta, bestalde, LED argiztapenerako igarotzea proposatzen du, Mendibilgo zenbait gunetan eta hiriko gainerako lekuetan egin den bezala.
5. autobus linea
Era berean, Udalak L5 autobus-linearen berri eman die elkarteko kideei. Linea horren zerbitzua auzo-elkartearen eskaera garrantzitsuenetako bat da, inguruak duen garraio publiko erregular baten beharraren seinale. 5. linea autobus-kontratu berriarekin jarriko da martxan, eta Irun, Mendibil eta Elitxuko goialdeak lotuko ditu, baita Ficoba eta hiriaren erdigunea ere.
Horrela, Udalak komunitateari ematen diren urratsen berri eman nahi izan dio, proposatutako jarduketak onuragarriak direla eta inplikatutako guztien beharrak asetzen dituztela bermatzeko.