Tokiko Gobernu Batzarrak Pio XII.a plazarentzako eta hiriko autobusentzako esleipen garrantzitsuak egin ditu

Gaur emandako prentsaurreko batean, Irungo alkate Cristina Labordak Tokiko Gobernu Batzarrak azken bileran onartutako bi esleipenen berri eman du. Alde batetik, hiri barruko garraio kolektiboko zerbitzu publikoaren esparruan, hiru autobus % 100 elektriko fabrikatu eta hornitzeko eta haiek gauez kargatzeko sistema bat instalatzeko kontratua esleitu da, Irungo autobus flota osoa % 100 elektrikoa izan dadin. Bestetik, Pio XII.a plazaren eta inguruko bideen itxura hobetzeko lanak esleitu dira.

Alkateak ziurtatu duenez, “Irun aitzindaria izan da, eta oraindik ere bada, jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko neurriak hartzen. Zehazki, Irun Euskadiko lehenengo hiria izan zen linea % 100 jasangarri bat izaten, 2019an lau autobus elektriko jarri baitziren martxan 1. linean, eta, hiru autobus berri hauek erosita, ziklo arrakastatsu bat itxi dugu, hiri atsegin eta osasungarriagoa eraikitzeko bidean erreferentzia gisa balioko diguna proiektu eta erronka berriei aurre egiteko”.

Esleipenaren xehetasunak

Tokiko Gobernu Batzarrak IVECO España enpresari esleitu dio 9 metroko hiru autobus % 100 elektriko fabrikatu eta saltzeko eta karga sistema bat instalatzeko kontratua: autobusak, 1.760.550 euroan, eta karga sistema, 174.240 euroan. Autobusak 39 asteko epean entregatzeko konpromisoa hartu du enpresak.

IrunBusen flotari gehituko zaizkion hiru ibilgailu berriek udal garraio publiko osoa elektrifikatzeko prozesuaren hirugarren fasea abiatuko dute. Izan ere, 1. linea, Zaisa eta ospitalea lotzen dituena, zein 2. linea, San Juan, Katea eta Txingudi lotzen dituen, % 100 elektrikoak dira dagoeneko: guztira, 12 metroko zortzi autobus. Horiexek dira hirian gehien erabiltzen diren lineak, Irungo bidaiarien % 90 garraiatzen baitituzte: 1.700.000 pertsona inguru. Bada, autobus berriak 3. linearako, San Juan eta Artia arteko linearako, eta 4. linearako, San Juan, Antzaran eta Olaberria arteko linearako, erabiliko dira, zeinek bidaiarien % 7 garraiatzen dituzten, eta, sortzen denean, 5. linearako, Elitxu, Mendibil eta Ficoba arteko linearako, ere erabiliko dira. Ibilgailu berriek 15-20 aulki izango dituzte, modeloaren arabera, eta gurpil aulkiak kabitzeko lekua izango dute.

Bestalde, karga sistemei dagokienez, bi metodo erabiltzen dira hirian: autobusak azkar/noiznahi kargatzekoa eta autobusak poliki/gauean kargatzekoa. Gaur egun, autobusak azkar/noiznahi kargatzeko bi puntu eta autobusak poliki/gauean kargatzeko bat daude Irunen (Zaisan, ospitalean eta suhiltzaileen parkean), eta, kontratu berriari esker, beste bat izango da.

Alkatearen hitzetan, “flota elektriko osoarekin CO2 isuriak urtean 350 tonatan murriztea lortzen dugu ingurumenari dagokionean. Neurri honek eta hartzen ari garen beste askok, gero eta jasangarriagoa den eta ingurunearekin harmonian dagoen hiria eraikitzen lagunduko digute”.

NextGenerationEU funtsak

Proiektuaren guztizko aurrekontua 8.545.816,77 euro da, eta 1.961.570.25 euro NextGenerationEU funtsen kontura finantzatu da. Hain zuzen ere, funtsoi esker, Udalak autobus flota osorik elektrifikatzeko jarri zuen epea hiru urte laburtu da, Udalak 2028rako aurreikusi baitzuen elektrifikazio osoa.

Pio XII.a plazaren irudi berria

Hainbat hobekuntza lan egingo dira Pio XII.a plazan, aurreko agintaldian hitzartutako bizikidetza eta segurtasun planaren barruko talka planaren esparruan. Orduan, auzoetan gune jakin batzuen diseinua, itxura eta argiztapena hobetzeko aldaketa txikiak egiteko plan bat diseinatzea proposatu zen, besteak beste, eta hauxe izango da auzotar, elkarte eta merkatarien eskariari erantzungo dion lehenengo jarduketa.

Beronen helburua espazioa irisgarriagoa izatea da, eta, horretarako, plaza eta inguruko bideak partzialki berrurbanizatuko dira, plazaren beraren eta inguruaren irisgarritasuna eta itxura orokorra hobetzeko, baita segurtasuna hobetzeko ahalegina egin ere, argi berriak instalatu eta argiztapena areagotuta.  Era berean, ikusgaitasuna eragozten duten kaleko altzariak kenduko dira, hala nola jardinera eta piboteak.

Erdigunean, bidegurutze goratu handi bat sortuko da, zirkulazioa moteltzeko eta plazara sartzen diren oinezkoak arin eta seguruago ibiltzeko.  Ildo beretik, irisgarritasuna hobetzearren, Serapio Mujika kalean, oinezkoentzako pasabide beheratu bat eraikiko da, Aureliano López Becerra kalean dagoenarekiko simetrikoa.

Gainera, plazan bertan eta Serapio Mujika eta Aureliano López Becerra kaleetatik gertu dauden tarteetan, zolagain berria jarriko da, eta espaloi zati batzuetan ere esku hartuko da, lauzak berrituta. Helburua gainazala indarreko legedira egokitzea da, eta, horregatik, egungo harmailak kenduko dira, eta haien ordez arrapala bat jarri, barandaduna.

Azkenik, parterreen forma pixka bat aldatu, eta itxura orokorra hobetuko da, zintarriak beheratuz eta dagoen baranda kenduz.  Edonola ere, egungo landare eta zuhaitzek zutik jarraituko dute

Lanak Urbycolan enpresari esleitu zaizkio, 176.046,12 euroan, eta horiek egiteko epea hiru hilabete da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude