Inauteri ospakizunak asteburu honetan hasi eta otsailaren 13ra arte luzatuko dira Irunen

Nuria Alzagak, Irungo Udaleko Kultura arloko ordezkariak, Konpartsetako ordezkariekin batera, 2024ko Irungo Inauterietako programazioa aurkeztu du gaur. Asteburu honetan hasiko dira Inauterietako ekintzak Kaldereroen eta Inude eta Artzainen desfilearekin.

Ohi bezala, Inauteriak otsailaren 8an hasiko dira, ostegun gizenean. Egun horretatik aurrera, etenik gabeko festa izango daIrunen sei egunez, otsailaren 13ra edo Inauterietako asteartera arte. Egun horietan zehar, mila parte-hartzaile inguruk, 16 taldetan bilduta, hiriko kaleak hartuko dituzte beren karrozekin, Irungo txoko guztiak kolorez, musikaz eta dantzaz beteko dituen desfilean.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak irundarrei eta kanpotik datozen bisitariei mozorrotzeko deia egin die, baita kalera irten eta Irungo Inauteriez gozatzekoa ere. Izan ere, urterik urte milaka pertsona etortzen dira ondo pasatzera: «Pozez eta dibertsioz betetako egunak ditugu aurretik. Larunbat honetan hasita eta otsailaren 13ra arte, gazteek zein helduek Inauteriez gozatzeko aukera izango dute, jarduera ugariz osatutako programari esker: betiko desfilea, elektrotxarangak edota diskofesta bat, besteak beste.

Gainera, ordezkariak eskerrak eman dizkie jaia antolatzen lagundu duten guztiei: «Eskerrak eman nahi dizkiet Irungo Inauteriak inoiz baino apartagoak izateko buru-belarri jardun duten elkarteei, tokiko erakundeei eta herritar guztiei».

Inauterietako programaren barruan, ekitaldi nagusia Aurreratu Elkartea, 22 Academy edo Santiagoko Deabruak konpartsen irteerarekin batera egingo da: hiriko kaleetan arituko dira, Burrunba txarangak eta beste batzuek giroa alaitzen duten bitartean. Aipatzekoa da, halaber, konpartsen aurkezpena ere. Urtero bezala, dantzaren milaka profesional eta zaletu bilduko dira, ikusleak eta epaimahaia zur eta lur utziko dituzten koreografiak antzezteko.

Konpartsa hauek hartuko dute parte desfilean: Aurreratu Elkartea, Academia Danza Ainhoa, 22 Academy, Jazzarte Dantza Taldea, AMPA Elatzeta I.G. E, AMPA Colegio El Pilar, Trikuharri Elkartea Soziokulturala, Academia de Baile Carlos Zapirain, Santiagoko Deabruak, Pauso-K, Gazte Landetxa, AMPA San Juan Harri Irungo La Salle, AMPA San Vicente de Paul, My Dance Studio, Amaiur Bandrés, Los Tranquilos.

Kaldereroak eta Inudeak eta Artzainak

Inauterien aurrekari gisa, Kaldereroen Konpartsa hiriko kaleetan barrena ibiliko da larunbat honetan, otsailak 3, 19:00etatik aurrera. Alberto Anguera plazatik abiatuko dira. Irungo Atsegiña arduratu da desfilea antolatzeaz. Jaiak jarraipena izango du hurrengo egunean, otsailak 4, igandea, goizeko 8:30etan diana berezia eskainiko baitu Irungo Txistulari Taldeak, Inauterietako doinuak jota. Dianaren ondoren Inudeen eta Artzainen desfilea iritsiko da. Santiago kaletik abiatuko da eguerdiko 12:00etan eta, hiriko erdiguneko kaleetan barrena ibili ondoren, Luis Mariano kalean amaituko da.

Hona hemen Irungo Inauterien programa osoa:

Otsailaren 3an, larunbatean

19:00etan Alberto Anguera plazatik irtengo da Kaldereroen Konpartsa, Irungo Atsegiñak antolatuta. Ibilbidea hauxe izango da: Oiartzun kalea, Hondarribia kalea, Zubiaurre kalea, Geltoki kalea, Colon pasealekua, Foru kalea, kale Nagusia eta San Juan plaza (amaiera).

Otsailaren 4an, igandean

8:30ean Erdialdeko eta Alde Zaharreko kaleetan, diana berezia, Irungo Txistulari Taldearen eskutik. Inauteriekin lotutako zenbait doinu joko dituzte.

12:00etan Santiago kaletik abiatuko da Inude eta Artzainen konpartsa, Eraiki Dantza Taldeak antolatuta. Ibilbidea: Eskoleta kalea, Eliza kalea, San Juan plaza (geldialdia), kale Nagusia, Foru kalea, Colon pasealekua, Zabaltza plaza (dantza-emanaldia Udalaren Musika Eskolako Bandak lagunduta) eta Luis Mariano kalea (amaiera).

Otsailaren 8an, ostegunean

19:00etan Zanpantzarren konpartsa Alberto Anguera plazatik irtengo da, gaita-jotzaileek, Irungo Musika Eskolako ikasleek, Auntza Trikitixa Taldeak, Txingudiko Dultzaineroek eta Bidasoko Erraldoiek lagunduta. Ibilbidea: Oiartzun kalea, Hondarribia kalea, Zubiaurre kalea, Geltoki kalea, Colon pasealekua eta Zabaltza plaza (amaiera).

19:30ean ZANPANTZAR Zabaltza plazan jarriko dute eta ERRALDOIEN BALTSA dantzatuko dute Bidasoko Erraldoiek.

Otsailaren 9an, ostiralean

20:00etan Amaia KZn, 2024ko Inauterietako konpartsen aurkezpena. Sartzeko gonbidapena behar da.

Otsailaren 10ean, larunbatean

09:00etatik aurrera  Eraiki Dantza Taldea Bidasoa eta Behobiako baserrietan barrena ibiliko da Puxka Biltzea egiten.

09:30etik aurrea, Landaguneko inauteriak. Ibarla Meaka Dantza Taldea Meakako baserrietan barrena ibiliko da.

10:00etatik aurrera Txorimaloak Soinu Taldea Anakako baserrietan barrena ibiliko da.

12:05etan Euskal Herri Inauteria Pio XII.aren plazatik irtengo da. Ibilbidea: Serapio Mujika kalea, Juan Arana, Luis Mariano, Zabaltza plaza, Colon pasealekua, Foru kalea, kale Nagusia eta San Juan plaza (amaiera).

17:00etan Inauterietako desfilea Letxunborro hiribidetik abiatuko da, Zanpantzar buruan eta konpartsek lagunduta, eta Prudencio Arbide kaleraino joango da.

20:30ean San Juan plazaren inguruak musikaz girotuko ditu Burrunba elektrotxarangak.

20:30ean Diskofesta Zabaltza plazan, 23:30ak arte.

Otsailaren 11n, igandean

09:00etan Landaguneko Inauteriak. Egoipar Meaka Dantza Taldea Meakan barrena ibiliko da.

09:00etan Landaguneko Inauteriak. Arbesko plazatik irtengo da Meakako Adixkideak Dantza Taldea, eta Meaka auzoa barrena ibiliko da.

09:00etan landaguneko Inauteriak .Kemen Dantza Taldea Olaberriko baserrietan barrena ibiliko da.

17:00etan Inauterietako Herri Desfilea Letxunborro plazatik irtengo da eta Urdanibia plazaraino joango, Zanpantzar eta Inauterietako konpartsak bertan parte hartuko dutelarik

Otsailaren 13an, asteartean

19:30ean Zabaltza plazatik irtengo da Sardinaren Ehorzketaren eta Zanpantzarren Erreketaren segizioa. Ibilbidea: Colon pasealekua, Foru kalea, kale Nagusia eta San Juan plaza (amaiera).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude