Astelehen honetan, Ficoban Memoria Demokratikoko Estatu Kongresua hasi da. Irungo Udalak antolatu du, eta, haren esparruan, ostegunera bitartean, hogei bat hizlarik Memoria Historikorako Udal Bulegoak koordinatutako egitarau bat landuko dute.
Inaugurazio ekitaldian, Irungo Udalaren izenean, Irungo alkate José Antonio Santanok eta Memoria Historikorako ordezkari Santi Jiménezek hartu dute hitza, eta, haien ondoren, Memoria Historikoko estatu idazkari Fernando Martínez mintzatu da. Aurrez, hirurak, Lehen Alkateaordea Miguel Ángel Páez eta Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itxasorekin batera, Avenida zubian izan dira, Irun eta Hendaia artean; hain zuzen ere, Espainiako Gerra Zibilaren harira ihes egin zuten herritarren exodoaren lekuko izan zen Avenida zubia.
“Kongresuari hasiera eman aurretik, toki sinboliko batera etorri nahi izan dugu: alde batetik, Bidasoa gaineko zubi bat da, sufrimendu handia laburbiltzen duena, baina, beste alde batetik, irrikaren sinboloa ere bada, duela urte asko eta urte askoan Europan oso gertu ikusi zenarekiko topalekua. Zubia Hendaiako auzoekiko bilgunea zen, eta inoiz askatasuna eta demokrazia berreskuratzeko nahiaren ikurra. Guretzat, bi irakurketa ditu zubi honek”, adierazi du José Antonio Santanok. Era berean, alkateak iragarri du “Udalak zubi hau, oso garrantzitsua bera Irunentzat, memoriaren espazio bihurtzeko beharrezkoa diren pausoak” emango dituela, “Memoriaren Legeak Gobernuak zubia memoriaren toki izendatzeko aukera” ematen baitu.
“Memoriaren toki bat da hau”
Estatu idazkariaren esanetan, berriz, “kongresua oso ondo antolatuta dago, eta memoria demokratikoaren esparruko gai guztiak jorratzen ditu. Dudarik gabe, Irunera etorri eta zubi honetara ez etortzea memoriaren toki batera erromesaldia ez egitea da. Memoriaren toki bat da hau, Frantziara zihoazen erbesteratu asko hemendik pasatu baitziren garai batean askatasun bila tropa frankistak iritsi zirelako beldur”.
Egitaraua osatzen duten edukien artean, errepresio frankista, gerraostea gehien sufritu zuten kolektiboen egoera, 1936ko gerra… Udalaren webgunean kontsultatu daitezke kongresuari buruzko xehetasun guztiak. Ficobako auditoriumak 200 pertsona kabitzen ditu, eta sarrera doakoa da.