Inauteriak Irungo jai egutegiko hitzordu ezinbestekoa dira. Aurten berriro ere errepikatu dira gure hirian Inauteriak osatzen dituzten ohiturazko hitzorduak. 2023ko Inauterietan ordea eguraldi onak protagonismo berezia izan du, Astearte Inauterian izan ezik, Irungo Inauterietako azken ospakizunetan euria gogotik egin zuen eta.
Inaute ospakizunak otsailaren 11n hasi ziren, Kaldereroen konpartsa Inauterien etorrera iragarriz hirira iritsi zenean. Hurrengo egunean, otsailaren 12an, Inudeen eta Artzainen konpartsak hiriko kaleak zeharkatu zituen, Belle Époque-ko bizimodua islatuz.
Otsailaren 17an, berriz, Ostegun Gizenarekin Inaute ospakizunak pixkanaka hirian nagusitu ziren. Urtero moduan Zanpantzar hiriko kaleetan barrena ibili zen ostegun arratsaldean, Zabaltza plazan Erraldoiek baltsa dantzatu aurretik. Ostiralean aldiz, konpartsen txanda izan zen, Amaia Kultur Zentroan 2023ko Inauterietako konpartsen aurkezpena egin baitzen.
Inaute Aurrean eta Zaldun Inautean baserri giroko Inauteri ospakizunen txanda izan zen. Larunbatean Eraiki dantza taldea, Ibarla Meaka dantza taldea eta Txorimaloak soinu taldea Bidasoko eta Behobiako, Meakako eta Anakako baserrietatik ibili ziren, bakoitzak bere bidea eginez. Larunbat goizean gainera Kemen dantza taldeak Euskal Herri Inauteria antolatu zuen, bere 50. urteurrena ospatzeko Lapurdiko Inauteriak plazaratuz. Igandean, berriz, Egoipar Meaka dantza taldea, Meakako Adixkideak dantza taldea eta Kemen dantza taldea izan ziren Meaka eta Olaberria auzoetara baserri giroko Inauteriak eramateko arduradunak.
Otsailaren 18an eta 19an, larunbatean eta igandean, Inauterietako desfileak izan ziren egun horietako ekintza jendetsuenak. Desfilean parte hartu zuten 17 konpartsak Letxunborro hiribidetik irten eta Urdanibia plazaraino iritsi ziren dantzan.
Urtero moduan Inauteri ospakizunak Astearte Inauteriarekin amaitu ziren, San Juan plazan Sardinaren ehortzeko eta Zanpantzar erretzeko ekitaldiarekin. Hala ere, euriaren ondorioz, erreketa konplexuagoa izan zen, euriak Inauterien amaiera saihestu nahi izan balu bezala.